« Aihen ahula | Tradizioan murgildutako hizkuntz jolasak »
Inguratuta gatxeuden / Joxean Sagastizabal / Baroja, 1989
Galdetu baino ez dut egiten Edorta Jimenez / Argia, 1989-09-17
Zein argitaletxek bere iharduera ildoa zehazteko eskubidea duenik ezin ukatu, idazleak berak ere zer eta zelan argitaratu gura duen erabakitzeko duen eskubidea, gizarte honetan, ukaezina den era berean. Hirukia osatzen dugun gainerakook, irakurleok, erpinetariko bat merkatuan duen irudi geometriko hori burutu, noiz bai eta noiz ez, hori, geuk erabakitzen dugu, erosi ez erosi zalantza hautsiz burutu ere.
Ia mila pezetatan ordaintzen den liburukiak gorde beharreko gutxienezko ezaugarriak dirateke, besteak beste, itxura erakargarria —liburua bera artelana dateke—, kalitatezko edukina eta, aurreko bi horien menpe, gutxienezko luzera ere, hirugarrenik. Merkatu librean timorik ez dagoela eta, Joxean Sagastizabalen azken liburu honekikoan timorik dagoenik ez dut esango. Galdetu egingo dut, berriz, hiru ezaugarriotariko zein gordetzen duen.
Hasteko eta behin, ttukun agertzen dira letra handiak orrialde ertzetan leku zabala uzten delarik, ez Poek eskatzen zuen marginalia lana burutzeko lekua uztearren, nik uste, estetikagatik baino. Segitzeko eta bi, paper onezkoak dira orriak, kopuruz lar asko ez badira ere. Ehunera ez dira heltzen. Hamar bat marrazkik lagunduta dator testua, bestalde. Irudiei gainbegirada eman eta edonork ikusten du ez direna ezein liburu artelan bihurtzeko gai, eurak beste barik. Bada, testuari eskatu beharko diogu gure diruaren prezioaren ordaina eskatzea. Aintzakotzat hartuta zenbat folio diren (berrogeiren bat?), ondo sintetizatua itxaroten dut literatur dosisa liburua irakurtzerakoan.
Liburua irakurtzean, irakurri ahala esan gura dut, ez diola prezioari justizia egiten susmatzen hasten naiz. Behin amaitutakoan, susmoa ziurtasun oso bihurtzen da. Eta oraingoz ez diot ipuinak onak nahiz txarrak ote diren ere.
Lau dira liburua osatzen duten ipuinak. Lehena, “Esaidazu zer den” izenekoa, labur laburra da. Horren laburrak diren ipuinetan azken unean irakurlea ustebakoren baten bidez atsegintzea izaten da meritoa. Ez dut halakorik antzeman honetan. Ni neu naizen komiki-irakurle ez hain ibiliari ere ezagun egin zaio ipuina, aldez aurretik igarriz amaiera.
“Izango dira frutuak”, bigarren ipuina dela eta, ez diot ezer, halaxe utzi bait nau irakurritakoan. Hirugarrenak, “Inguratuta gatxeuden” izenekoak hobea eman dit. Umorea dario, topikoa ez ote den ere ez dakidala, aitzitik. Laugarrenak zer pentsa eta buruhauste ugari eragin dit. Bat bakarra agertuko dut, guztiak hemen laburtzea ezinezkoa denez gero.
Eremitak agertzen dira hor, tituloak dioena —Jainkoaren bildotsak— eurei dagokielarik. Azkenean egiten duen txisteak, aldez aurretik itxaroten dena izateaz gain, Joxean Sagastizabalek irudikatutako eremitak eta benetan izan ei zirenek ez dutela elkarren antzik ematen dit. Eskubidea ote dugu, idazten dugunok zein filmatzen dutenek ere, historia hala erabiltzeko, merkekerietan ibili barik? Ezetz ematen dit, filma made in U.S.A.etako iragan historiko-magikoetako errealitate berdina sortu gura izan ezik. Dena dela, etikaren arloko gorabeherak dira guzti hauek.
Estetikari ez diot ekingo, etikakoak ezinduta utzi nau eta. Literaturazko liburua, barruan dakarren literaturak salbatzen du, salbatu ere. Irakurleok duzue azken hitza, ze, erosle nekatu honek zer ikus lezake orrialde pilo karratu honetan? Ikus litzake, apika, otso erraldoiak, panpinak edo Milan Kunderaren harako liburu mardul hura erosteko behar izan zukeen dirua.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez