kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Iraileko ipuin eta poemak / Pako Aristi / Elkar, 1989

This is for you Edorta Jimenez / Argia, 1989-07-23

“This is for you / it is my full heart / it is the book I meant to read you / when we were old” (Leonard Cohen). Liburu honen atzeko azalean agertzen diren hitzak dira. “Zahartzen garenean irakurri nahi dizudan liburua da hau”. Pakok berak itzulita ingeles hitzak. Urrestillakoak berak liburu hau bera lanik kuttunena dela adierazi dio kazetariren bati, behiola irakurri nuenez. Eta egileak dio, baita, “behatz (sic) bat galdu dut nire azken obrarekin”. Zahartzaroa, sufrimendua, iraila, ipuina, poemak, sentotasuna iradoki ohi digutenak dira guztiak. Bakardadea zer den lehenengoz frogatu duen hogeitabost urteko gizon gaztearen aurpegi berria-edo dugu hau, beste kazetari hark esan zuenez.

Ez dakit nik, gure artean idazleak berak azaldu izaten du obraren edukia, literatura hutsean dabilen kazetaririk ez dugunez gero. Bada, liburu honetan ipuin eta poemak hartu ditu Aristik, azkenon azpian izen asmatua ezarri duelarik, Arestik berak azaldu zuela horren zioa, halako jokoa sortzea, alegia, distantziarekin-eta jokatuz. Sara Balasky dugu asmatu duen beste egoa eta, ageri duenez, emakumezkoa. Jokoa eman zezakeen bikoizte horrek, nortasun bikoizketarik ere adieraziz gero. Ez da hala izan baina, nik uste, ezen gizonezkoak eginak direnaz poemok, laster konturatzen da horretaz irakurlea. “Eta ez du hiru masturbaziotako espermak bezain / erraz alde egiten”. Halaxe dio adibidetzat hartu dudan poeman, non argi ikusten den gizonezkoaren mundua duena Sarak, horrenbeste esperma eranstearen zergatia argitzen digun beste biografiarik asmatu ezik, behinik behin. Diodan hau diodala, ez dut inondik ere poemen kalitatea epaitu nahi. Nik nabari ikusi dut ipuinetako giroa eta poemetakoa, biak, bihotz bakar baten jabearenak direna.

Lehen ipuinean, behin ipuinak aipatuz gero hari horrexeri helduta, esaldi zoragarria egin du titulu Aristik, “Euriak ez zaitu bustitzen, Valentin”, alegia. Urrean egilearen nerabetzarokoak diren gertaerak azaltzen dira, gero, ipuinak eta poemak irakurtzen aurrera egin ahala, liburu osoaren ezaugarria denaz ohartu naizean ildoan, hots, autobiografikoarenean. Beraz, autobiografi kutsua dakar bigarren ipuinak ere, “Don Clemente Figueros” titulua dakarrenak, hain zuzen. Hemen, baina, puntua eta bereiz.

Halako herri txiki batera heldu den harako abadearen historia da, ipuinean agertzen diren kontalarietarik batek hasieran esaten duen bezala, zeinaren bidez organo jole gaztea (Pako bera?) “orduan —hau da, abadearena jakitean— jabetu zen zein tristea izan behar zuen astero gezurretan aritu behar izatea”.

Ipuin honetan antzematen zaio Pakori lexikoaren aldetik egin duen ahalegina. Ahalegin horrek oraino balio izan duen ipuinean diren kontalari ezberdinei zeini bere aiurria emateko ere, ze ezertarako izatekotan horretarako beharko luke ahalegina idazleak lehenengo eta behin, irakurleak erabaki beza. Euskal altxorreko hitzak bilatzen idazle “guztiok” —aspaldi ekin dio zereginari isileko askotxok—, hori, sentikera berri baten iragarpena ote da? Genio ttikiaren eragina? Aspaldion testu zaharrik eta iparraldeko aldizkaririk ugari irakurri ei du, irakurri ere, Urrestillakoak.

“Chopin opus 37” ipuinak ere, gorago aipatu dudan horrek bezalatsu, musikarekin eta Pakoren beraren bizitzarekin zerikusi zuzena izan bide duena da, berak dioenez, “AEK-n ikasle idiotekin pazientzia agortu eta konpletiba eta deklinabidearen artean desesperazioa usnartu nahi ez nuela, goiz berean aurkeztu nintzen lanpostura eta bost pianista artean aukeratua izan (nintzen)”. Pako Bilbon Iruña kafetegiko piano-jole ibili zenekoa duzue hori, bada.

Besterik ere badago, naski, liburuan. Boxeolariaren historia, esate baterako. Edo errekak eroan zion lagunarena. Guztietan, bazterrekoak edo galtzaileak ei diren pertsonaiak, idazlea bera ere tarteko, nonbait: halako melankoniaz bilduta guztia, erregistroak gorabehera, egileak bere berea duen estiloan, “mea culpa” egitea egokitu zaion sasoian, bizitzako Irail melankoniatsuan. Itxarotekoa da —topikoari jarraituz— hogetabost urtekoak jakingo duela udaberrira zelan itzuli.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak