kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Udazkenaren balkoitik / Joan Mari Irigoien / Erein, 1987

Udazkenaren balkoitik Xabier Mendiguren / Argia, 1988-01-17

Joan Mari Irigoien dugu literaturaren bidez unibertso propio bat eraikitzen jakin duen idazle bakarrenetako bat, eta horren erakusgarri berri bat ematen digu bere azken nobela honetan. Ez da zaila bertan aurreko bi elaberrien zantzuak aurkitzea.

Oraingo honetan ere Joan Marigan ohizkoak diren kezken islada datorkigu: berezko inguruaren etengabeko hondatzea, norberaren erroak ezagutu nahia, gurasoetatik seme-alabetarako era guztietako transmisioa, eta hainbat eta hainbat gairen gaineko pentsaketa: heriotza, hutsa, anarkia, maitasuna, lurra eta aidea, nor bere buruaren eskaintza, erlijioa, soldaduskaren objezioa…

Guzti horietan Irigoienek ohiturik gauzkan gogoeta metafisikoetarako joera nabari ageri da. Hala ere, berea ez da mistizismo hutsal eta zilborbegiratzailea; errealitate zenbaiten kontaketan ari da, eta hori burutzeko hizkera poetiko bat tajutzen asmatu duela esango nuke.

Liburuan idazlearen belaunaldiaren historia kontatu nahi zaigu, zenbait jenderen ixtorioak bilduz. Sustraiaren zera hori dela eta ordea, gurasoen bizitza, izaera eta pasadizoak kontatzen ditu lehenik, bigarren parterako utziz haien seme-alabak bikote batzuetan nola lotzen-banatzen diren. 1950 inguruan jaiotako zazpi gazte dira protagonista eta horietako batek egilearen beraren bizikizun berak ditu, neurri batean behintzat.

Narrazio teknika tradizionala duela esan dezakegu. Ixtorioak hastetik bururaino misterio eta konplikaziorik gabe kontatzen zaizkigu. Aukera hori ontzat edo txartzat ematean ez dira seguru asko bat etorriko irakurle arruntak eta abangoardiazaleak, inon abangoardiarik gelditzen bada.

Nik esango nuke bere burua hobeki ezagutzearren belaunaldia aztertzera, honen bizikizunak jasotzera jo duela Irigoienek, garai bateko fresko zabal moduko bat osatuz, baina honetan eta hein batean huts egin duela, Joan Mariren beraren psikologia eta pentsakera nabarmenegia baita pertsonaia guztietan. Honek ez du halere irakurketaren atsegin betea ezertan galerazten.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak