« Girixtino bat Afrikaren bihotzean | Hades-en erresumarantz »
Bordaberri'ko gozo-mikatzak / Txomin Garmendia / Auspoa, 1983
“Bordaberri’ko gozo-mikatzak”, baserri-elaberria oraindik ere bizirik Iñaki Kamino / Argia, 1984-02-12
  Hiru  aste  dira  Txomin  Garmendia  bertsolariari  omenaldia  egin  zitzaionetik,  eta  hara,  Txominek  bere  aurreneko  elaberria  kaleratu!
Izenburuan  “baserri-elaberria”  jarri  dut  euskal  elaberrigintzak  horrelako  tradizio  bat  baduelakoan  nagoelako.  Izan  ere  elaberri  hau  lehen  ere  ateratako  beste  batzuri  elkartzen  zaie  alde  askotatik:  hor  ditugu  “Uztaro”  bat,  “Larraundiko  sendia”  bat  eta  baita  “Garoa”  bat  ere,  edota  Ameriketara  alde  egin  beharra  aditzera  ematen  diguten  “Lardasketa”,  “Polli  eta  Pello”,  “Bizia  garratza  da”  eta  besteren  bat.
Ardatza  baserria  da  eta  noski  bertako  bizilagunak:  ama,  aita,  alaba  bat  eta  anaia  bi.  Semealaba  hauen  ibilerek  eta  ibilera  hauek  gurasoengan  sortutako  aburuek  zuzenduko  dute  elaberriaren  haria.  Ohiturazko  elaberria  da,  baserriko  bizimodua  e.a.  kondatzen  dizkiguna,  baserriaren  eragozpen  latzak  argi  eta  garbi  uzten  dituena  eta  honen  aurrean  gaur  egungo  gazte  batzuk  (elaberriaren  hari  erreala  52.-53.  urte  inguruan  mamitzen  baita)  zer  irtenbide  eta  zein  erantzun  daukaten.
Mataza  osatzeko  hiru  gaztez  baliatzen  da  Garmendia  bakoitzaren  egitekoa  oso  garbi  utziz:  bata,  anaia  zaharrena,  oinordekoa  da  noski,  baina  bere  buruz  baliatzeko  oso  ondo  moldatzen  ez  dena  (baserriko  lanetan  bikain  ibiltzen  da  baina),  bere  lana  soldaduzka  betetzea  izango  da  elaberrian  barna.  Hurrena  neska  dugu:  baserriko  lan  amaigabeez  neketurik  kalera  lanera  jaisteko  erabakia  hartzen  du  eta  kastillano  batekin  ezkonduko  da  haseran  gurasoak  oso  naigabetuz.  Azkena  anaia  gaztea  dugu.  Honek  bizkortasunez  ez  du  faltarik  eta  ez  du  baserria  gehiegi  maite,  eta  Ameriketara  alde  eginen  du  lanera.
Soldaduzkak,  kastillanoarekin  ezkontzeak  eta  Ameriketara  joateak  gurasoen  bihozmina  ekarriko  du  eta  elaberriak  nahiko  itxura  pesimista  hartuko  du.  Hauek  genituzke  elaberria  osatzen  duten  alderik  behinenak,  baina  beste  zenbait  baliakizun  behar  du  Garmendiak  bere  lana  itxuratuko  badu:  hor  ditu  tartekaturik  beste  asko  nonnahi:  guzti  hau  gertatzen  den  bitartean  etxekoek  daramaten  biziaren  erakusketa,  beren  nondik  norakoak  gurasoei  agertzeko  semalabek  bidaltzen  dituzten  eskutitzak  (hiru  semealaben  kontuak  ez  dira  hirurak  batera  gertatzen,  beti  dugu  semealabaren  bat  etxean),  ipuin  zaharrak  eta  artazuriketetako  kontuak,  gabonen  garrantzia,  kristautasuna  eta  abertzaletasunaren  pindarrak,  afariak,  bertsoak,  Erniorako  erromeriak…
Idazlearen  lana  oso  garbi  geratzen  da:  narrazioa  da  idazlearen  bidea  askotan,  lehenaldiz  egina  eta  hirugarren  pertsonan  idatzia.  Narrazio  hau  guztiz  objetiboa,  ez  digu  liburu  guztian  idazleak  bere  iritziaren  pindarrik  ere  adierazten,  oso  era  neutroan  kondatzen  da.  Hala  ere  nagusiena  elkarrizketa  da,  gurasoek  beren  artean  edota  semealabekin  dauzkaten  autu-mautuak.  Narrazioaren  denbora  lineala  da  une  guztietan,  baserri-elaberrietan  ohizkoa  den  legez  bizitzaren  hariari  jarraitzen  zaio  kontaera.
Teknika  falta  nabaria  Garmendiaren  idazlanean,  gerra  aurreko  edozein  elaberri  izan  liteke  hauxe  lasai  lasai,  eta  hainbeste  urte  iragan  ondoren  ezer  gehiago  ere  espero  zitekeen.  Pertsonaiez  dihardugula  ere  antzeko  gauza:  oso  funtzio  garbia  dute  denek  eta  ez  da  elaberri  guztian  aldatuko,  ez  dira  bilakatzen.  Dauzkaten  kezka  guztiak  materialak  dira:  etxea  berrituko  ote,  beribil  ori  jasoko,  baserrirako  emakumea  bilatu  beharra  e.a.  Ez  ditugu,  egia  esan,  pertsonaiak  ezagutuko,  barnetik  nola  diren  ez  dugu  ikusiko.  Zintzoak,  elizkoiak  eta  langileak  bai,  baina  ez  dute  ia  ezberdintasunik.  Oinordekoa  eta  anaia  bizkorra  ezberdinak  badira,  elaberriak  nahi  ta  nahi  ez  hala  eskatzen  duelako,  beste  eran  izan  ezin  zitekeelako.
Oso  garbi  du  idazleak  elaberriak  behar  dituen  gertaerak  nagusi  behar  dutela,  eta  horregatik,  2.  kapitulurako  agertuko  digu  neskak  Donostiara  lanera  joateko  duen  irrika  edota  anaia  gazteak  baserri  nekeza  uzteko.  Sobran  dagoenik  ere  ez  du  maite  (Ameriketara  joateko  itsasontziko  pasadizurik  ez  digu  ematen  ezertarako,  ez  bait  dira  bere  istoriorako  pertinenteak).  Elaberriaren  bukaera  oso  ohiturazkoa  da,  hirurak  ezkontzen  dira,  hirurak  dira  oso  zoriontsuak,  baserriaren  jabe  egiten  dira,  ekonomia  aldetik  ere  zoriak  ez  die  atze  egiten  (lana  gogotik  eginen  dute  halabaina).
Giro  honetako  gaitzak  ere  azaltzen  dira:  mozkorrak,  etxearen  nagusiaren  diruzalekeria,  atsoen  esamesak,  baserriko  etxekoandrearen  lan  egin  beharra  (aita  ostatuan  edo  ferian  delarik),  oinordekotzak  sortzen  dituen  kalteak…
23  kapitulutan  burutzen  du  elaberria  idazleak  bakoitzari  izen  bana  emanez.
Amaitzeko eta laburpen antzean bi gauzatxo: beti atsegina gertatzen den gaia, nahiko landu gabea gertatzen den teknika, eguneroko gauzek lotua, pertsonaia errazegi batzuren bidez tajutua eta garai batean oso garrantzizkoa zen baserri-elaberrigintza hobetuko ez duena. Ohizkoak diren gertaerak eta euskara ederrez idatzia, eta euskara ederrez aipatutakoan ez dut esateagatik esan nahi, estilo goxo eta herrikoiez egina eta zalantzarik gabe euskara aberatsez tajutua, aurreneko kapitulua irakurri besterik ez dago honetaz jabetzeko.
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"[z-247]
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro
Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi
Mikel Asurmendi
Lakioa
Josu Goikoetxea
Irati Majuelo
Poesia guztia
Safo
Aritz Galarraga
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Maddi Galdos Areta
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Hasier Rekondo
Akabo
Laura Mintegi
Jon Jimenez