« Laura Mintegiren “Ilusioaren ordaina” ipuin-liburua | “Dudular”, hegoaldearen distira iluna »
Afrikako "salbaien" zuhurtzia / Xipri Arbelbide / GAK, 1983
Girixtino bat Afrikaren bihotzean Pablo Sastre / Egin, 1984-02-11
Liburu polit bat heldu berri zaigu. Afrikako salbaien zuhurtzia izena darama, eta egilea Iparraldekoa da, Xipri Arbelbide da. Berak kontatzen digunez, 30 urte zituen 64.ean, Afrikara bidaia egin zuenean, eta han hamabi urtez aritu zen misiolari. Cote dIvoiren suertatu zen Xipri (Bolin Kosta, Kintanari kasu eginez gero, eta hobe dugula iruditzen zait) eta gauza asko konprenitzeko aski denborarik behar izan bazuen ere, liburuan zehar urteen buruan arras laketu zela ikusten dugu.
Hona zein izengoiti egokia asmatu zioten bertakoek Arbelbideri, eta zein atsotitzez asoziatu zuten: Klokloma: mi su mi lié ngben, anuman, bé di man. (“Arbolaxka: fruitu ederrak ematen ditut, baina xoriek ez dituzte jaten”). Xiprik berak esplikatzen digunez: “Kloklo arbolaxkaren frutak ederrak ziren, baina karatsak eta xoriek ez zituzten jaten. Ene pedeiku ederrek ere ez zuten arrakasta handirik: Jesusen berri onari karats aire bat hatxemaiten zioten”.
Liburua (160 orrialde, 600 pezeta CAP ez ote da soberaxko pasatu?) atsotitzez josirik dator; izan ere, egilearen lanetarik bat han horrelako erran zaharrak biltzea izan zen (badu lan bat 1.300 erranez Bolin Kostan argitaratua), eta atsotitz zirtzelada hauek bide atseginez sartzen gaituzte Afrikako herri hauen mundu interesgarrian.
Hona beste bat, guk errazkien uler ditzakegunetarikoa: baka nga é kló ké i lolé o kan wo; Xiprik itzulia: “zuhaitz baten itzalak hunki zaitzan nahi balinbaduzu, jar zaite haren pean”.
Laketgarrizko filosofia
Liburua esaldi hauekin amaitzen da: “Salbaiak non daude? Han, ala hemen? Gogoan duda bat bederen sar arazi ahal dizut!”.
Galdera honek, irakurritakoak irakurrita, ez gaitu fitsik harritzen; zeren, beltz jende haren hartu-eman aberatsak, haren jakituria eta haren gozotasuna oso zoragarri bati zaizkigu. Hortaz Xiprirekin guztiz bat nator: haiek gugandik bezainbat ikasi beharra dugula guk haiengandik.
Honetaz ni baino esplizitokiago mintzo dira Xipriren bi parrafo hauek: “Beltzak harriturik egoiten dira zuriei beha: orenak diru dira. Dirua bezala kondatzen ditugu. Denek badugu gure tresna hortako, muntra (erlojua), eta muntrarik gabe galduak gara. Gure urteak ere kondatzen ditugu. “Hogoi urte ditut” diogu “hogei libera ditut” erran genezaken bezala. Beltzek aldiz ez dakite beren adinik: haurrak dira, gazteak, zaharrak. Zonbat urte duten ez dira arranguratzen…”
“Zoaz lur eta lastozko etxerik baizik ez duen herri batetara. Miseria gorrian bizi direla iduritzen zaizu! beha untsa. Herritar gehienak irria, ezpainetan ikusiko dituzu, lasaiki bizi. Kopeta guti zimurturik. Zoriona ez dute bilatzen etxea zernahi tresna eta mueblez betetzean, gaitzeko diru meta ezarriz bankoan. Beren zoriontasuna bilatzen dute, eta hatxemaiten, elgarren arteko goxotasunean. Eta goxotasun horrentzat zernahitara prest dira, hala nola zernahiren barkatzera, beste nonbait erran dudan bezala”.
Barkamena, auziak
Ni, bi gauzak hunkitu banaute liburu honetan, bat hori duzu: elkarri zernahi barkatzeko duten prestasuna.
Ez dago (bizitza normalean, konprenitzen da) deus barkatu ezinik. Senar-emazte edo auzo arteko istilurik gorriena barkazio bidez konpontzen dute. Honek txunditzen zuen misiolaria, hasiera batetan; gero berak adierazten digu nola daitekeen hori: “Beltzek ez dezakete asma huts bat ez barkatzea, edozoin izan dedin. Beren herritan, bat bestearen gainean bizi dira, eta elgarren arteko herrarik balitz, ez liteke posible bizitzea: herra bihotzean atxik lezakenak lekuak hustu behar lituzke, ezin bizia gatik”.
Zein diferente gure gorroto latzen aldean!
Eta badu gizabide horrekin zerikusirik asko bereziki hunkitu nauten kontakizunetarik bigarrenak: auzietan nola iharduten diren. Gainetik azalduko dizut, Arbelbidek pollikiago narratzen dizuna.
Zuhaizpean izaten da. Nahi dutenak biltzen dira, eta bi taldetan berexten, bakoitza alderdi baten defendatzaile. Talde bakoitzak bere “gizona” du. Edozeinek ager dezake bere ikusmoldea.
“Auzitegiko buruak galdatzen zion “gizon” etarik bati, zerk ekarri zuen harat. “Gizonak” bere alderdiari galde bera egiten zion eta hunek bere arranguren berri emaiten. Bere gizonari, eta ez zaharrei edo beste alderdiari, nahiz denek entzuten zuten. Baina entzuna ez balin bazuten bezala egin behar zuten. Gizona jujei (juezei) mintzatzen zitzaien, eta orduan zekiten denek “ofizialki”, aintzinean jadanik entzuna zutena”.
Honetan, denbora gora-behera —auzi batekin egunak pasatzen omen dituzte—, oso alde on bat ikusten du Xiprik, eta nik, ere bai: bi alderdiak buruz buru zuzenean aritu gabe, gehiegi berotu eta mokoka finitzeko arriskurik ez dago, eta egiazko elkarrizketak erdiesten dira.
Horretan ere badugu hainengadik noski anitz ikasi beharra!
Giristinoak han
Liburu guztian barrena oso nabaria da Xipri Arbelbide, herri horietan zertan ari den, “kristau gintzan” alegia, eta beharbada ez liteke bestela. Hori hainbat deskribapenetan ikusten ahal da, halaber atsotitzen interpreta moldean, eta gainontzeko xehetasun zenbaitetan.
Beltzengana iritsi eta pareta bat kausitzen du Arbelbidek: haiei kristautasuna arrotza zaie.
Hona zer erantzun,Watara gazteak, bataiatzera etorri eta Xiprik zergatik galdegiten diolari: “girixtinoak, besteak baino aiseago bizi dira”. Eta idazlearen komentarioa: “Ohartua zen bere herrian, gornamenduko mutilak, gehienak girixtinoak zirela, eta bere herritarren aldean aberatsak ziren. Minixtro eta deputatu gehienak girixtinoak ziren, izaitez ez balin bazen, izenez bederen. Baina Watara-k ez zekien girixtinotasunean, izaitea eta izena bi gauza izaiten ahal zirelakorik. Zerbaitetaratuak zirenetan, pagano guti!”
Liburu guztian, bestalde, eta honetan agian zerbait gehiago espero liteke, girixtino eta pagano arteko diferentzia baina ez da apenas ikusten, eta segur nago besterik egonen dela.
Bi sinismenak, berarena eta bertakoena, konparatzerakoan, aski kriterio berdintzailez, eta beraz nire ustez zuzenez idazten du Arbelbidek; ejenplu baterako: “Beldurra martxa zen Afrikan: sorginen beldurra, senarra tronpatu eta erditzean zernahi sofrituko zutelako beldurra, kanpoan neska mutikoak etzaten baziren idortea jinen zelako beldurra eta beste. Guk horiek denak, beldur bakar batekin ordaindu ditugu: infernuaren beldurrarekin”
Dena dela misiolariak Afrikan ez dira inoiz izan, nik dakidanik behintzat, beste kolonizatzaileak bezain basakoiak izan, ezta askoz gutxiagorik ere, baina betidanik izan dira herri haien akulturazioa azkartu duten elementuak, eta nire ustez, eta batez ere Xiprik bezala gu haik baino altuago gaudenik uste ez duten misiolariek beren buruei galde bat egin beharko liekete, hots, haiek ere ez ote diren kulturaz kontrako zerbait inposatzen ari. Nire partetik —eta haien lanaren zenbait alderdi positibo ukatu nahi gaberik— galde horri baietz biribil batekin erantzungo diot.
Ez gara berdinak
Liburuaren puxka batzuetan autorea Euskal Herrira tzultzen da. Han-hemengoak, fedez ez ezik, kulturaz ere konparatzen gaitu eta, liburuari somatzen zaion filosofia hitz gutxitara bilduz, gizaki bezala berdin-berdinak garela esatera dator. Etxahun Iruriren bertsoa ere oroitarazten du: “Herioak berdintzen handi-ttipiak”… Herioan…bai segurki; lur gain honetan berriz…
Ez, ez gara berdinak, Europako zuriak eta Afrikako beltzak, kasu honetan, ez gara berdinak, gu haien gainetik bizigarelako, gu honen apainik…
Ez da Xipriren liburuan miseriarik ikusten. Agian Bolin Kostako eskualde pribilejiatu batetan bizi izan zen, zeren iparraldean dakigunez beltz-beltz ari dira, eta mugakide duten Mali-n jendea etsipenez kontsumitzen da, jan bila nora jo ez dakiela…
Baina xehetasun hauek aipatuz ez nioke Xipriren liburuari (eta berak esango lukeenez) bihirik kendu nahi. Interesgarria da, eta irakurtzeko gozoa; ez baita gutxi.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro