kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Panpinen erreinua / Mikel Hernandez Abaitua / Hordago, 1983

“Panpinen erreinua”, ipuinaren heldutasuna Josu Landa / Argia, 1984-02-05

Han hemenka aurrerapenik eskaini badigu ere, hauxe dugu Mikel Hernandez-en (guretzat beti Hz. edo “Atxezeta” izango dena bestalde) lehen liburua: “Panpinen erreinua”. Ipuin-bilduma da eta bertan ageri diren bost ipuinek zer komentaturik daukatelakoan nago.

Borobiltasunaren bidetik

Mikel perfekzionista bat da, edo hobe esanda borobiltasunaren maitalea. Eta judizio horrek topikoan edo huskerian erortzeko arriskua baldin badauka ere, Mikelen kasuan bere obrari egin dakiokeen aurkezpenik onenetako bat da. Liburu honetan edozein ipuin irakurriz gero, prozesu luzea antzematen zaio, eta prozesu luzeek normalean ekarri ohi duten trinkotasun horren baitan, hitz bakoitzak bere pisua dauka, esaldi bakoitzak bere papera, eta horietako bakoitzarekin egindako aukerak aldez aurretik ongi baloratua eta kalkulatua izatearen irudipena ematen du.

Ipuin bakoitzaren atzetik somatzen den lantze horrek helburu batetara jotzen duela dirudi: borobiltasunera. Esan nahi bait da, zaila dela soberan dagoen ezer aurkitzea, ipuinaren osotasuna arriskutan jarri gabe ken daitekeen zerbait. Ez dago ipuinak gehiago txikiagotzerik mamiari kalte egin gaberik, ia dena da pertinentea. Eta hori esatea asko esatea da ipuin-liburu bati gagozkionean. Bete-lanari gorroto dio idazleak eta erredukzio-prozesu horren ondorio garbia dugu ipuin-liburu hau.

Detaileen dastatzea dela medio

Narrazioaren alde ludikoa erreibindikatzen digu Mikel Hernandez-ek. Ipuin hauetan barne-munduaren deskribapen zehatzik kausitu nahi duena oker ibiliko da. Istorioak eta narrazioak kontatzen dizkigu egileak eta guzti horien xedea atsegin gertatu eta zenbaitetan libertitzea delarik. Lehen orrialdetik azkenera ezpainetan plazerrezko irribarre bat gordetzen du irakurleak, atsegingarriaren gustoz.

Detaileak zaintzeko kutizia apartekoa. Bai, hitz konkretu mordo baten hautaketak zentzu berezi bat hartzen du “Panpinen erreinua”n eta, areago esango nuke, Mikelen idazlanetan. Horregatik, “Itsasoa morea da” ipuinean, Rodrik Lukreziari “Ze estalaktitikoa zaren” esaten dionean, esaldi horretan Mikelek bere izatearen zati bat utzi duela antojatzen zaigu. Edota haragizko globo gisako bularretan musu ematean egindako “blop, blop” soinua. Luzeegia litzateke hainbat eta hainbat detailetxo zerrendatzea, baina irudipen orokorrari segituz esan nahi genuke Mikel Hernandez-ek ehunka detaile txiki eta hautaturen bidez estilo pertsonal bat jorratu duela. Eta horrek merezi du txalorik gure artean, hainbeste ipuin on baina hain estilo gutxi lantzen den alor honetan.

Ipuinaren heldutasunerantz

Eta guzti horren ondorioz, ipuina berez genero bat dela egiaztatu du liburu honek. Halere, geuk kalkulozko inertzia horretan gehiegizko puntu bat ere antzeman diogu. Askotan zerebralegia gertatzen delakoan edo. Estiloak narrazioaren ironia askeago uztea batzutan onuragarria suertatuko litzateke.

Eta, aitorpen batez amaitzeko, “Nota urdinak” deritzon ipuina apur bat liburuaren osotasunetik kanpo geratzen da gure ustez. Saizarbitoriaren erreibindikazioa iruditu zaigu beste ezer baino gehiago, baina lekuz kanpo antzean edo topatu dugu liburuaren barnean. Ez bedi azken hau, dena dela, liburuak daukan neurri altuari apurño ttipiena ere kentzeko.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak