kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Arranegi / Eusebio Erkiaga / Itxaropena, 1958

Eusebio Erkiaga Alastra (Endaitz) Iñaki Kamino / Argia, 1982-12-26

Sarri entzun ohi dugu euskal elaberririk gutxi dagoela, eta bat edo beste aipatzen badigute Agirre, Txillardegi edo Saizarbitoria besterik ez dugu entzuten zorigaitzez, horregatik aldizkari honetatik gorespen antzo doakizue Eusebio Erkiaga idazle ekinari buruzko lantxo hau.

Alferkeriaren alferkeriaz oihuztatu ohi dugu franko aldiz euskal elaberrien murriztasunari kalitate eza lotzen zaiola, benetako azterketa eta irakurketa zuhur bat ere egin gabe, eskain diezaiegun ia ezagutzen ez ditugun idazleei gure denboraren amini bat, hauts ditzagun behingoz lana ezagutu gabe ere sortzen diren dogma eta mitoak.

1912. urtean hautsi zen bizkaitar idazle hau biltzen zuen umontzia Lekeition, eta umezarorako jaioterri hobea aurkitzea zaila benetan. Gerora diruetxe batean egingo du lan, peritu merkantil bezala, Bilbo inguruan. Eta orain soilki elertiari gagozkiola berak ausnartutako gaiak aipatuko ditugu. Zoritxarreko gerrak deuseztatu egin zuen hura baino lehen euskal munduan zegoen giroa, eta ondorengo idazleek erabateko militantzia eskaini zioten euskal elertiaren hildo estuari, eta Erkiaga hauetako bat dugu. Berak, dakigunez, olerkiei biziro ekin zien, bai eta antzerkiari ere. Operak eta itzulpenak eginak omen ditu, nahiz guztiak ez argitaratu, eta kazetaritza inguruan ere aritua da. Euskara eta euskalkiak sakonetik ezagutzen ditu eta gainera Euskaltzaindiakoa da. Esandako guztiari beste hau lotuko diogu, hiru elaberrien egile dela alegia. Militantzia beraz hitz egokia beretzat.

Orain ordea guk bere elaberrigintzari emango diogu ikutua, hauek dituzue herak kaleratutako hiru elaberriak: “Arranegi” (1958), “Araibar zalduna” (1962) eta “Batetik bestera” (1962). Bi azken hauek “Domingo Agirre” saria jaso zuten 58 eta 61. urtetan. Guk ez diogu bi azkenei arreta berezirik eskainiko, nahiago izan dugu sari gabe erdi umezurtz gelditu den bere lehenen elaberriari astindu batzu ematea, gainera zaila oso bi azken horietakoren bat aurkitzea. Lehenengoaz arituko gara beraz, ez oraindik ere eros daitekeelako, elaberri marginal bat delako baizik, izan ere 24 urtez 1.000 ale baino askoz gehiago ez duen liburu bat oraindik salgai aurkitzea bada marka.

Liburua luzera mailan bitarteko dugu, ez luze eta ez motz, euskal elaberri gehienak bezala, 200 bat orrizkoa, 23 kapitulotan banatzen du, 8 bat orritakoa bakoitza. Eta ezer baino idazleek berak ohitura elaberritzat dauka bere lana, asmo honekin hasi da lanean. Honek noski liburua eratze orduan eta eran bere eragina du, horregatik, ez da harritzekoa mamia edo kontatu nahi diguna elaberriaren eraketari gainditzea, teknika aldetik ez dago inolako aberastasunik. Elaberri modernoan abenturaren kontaerari baino, kontaeraren abentura bideratzeari alegia garrantzia handiagoa ematen bazaio, Erkiagak ez du horrela egingo, bide zaharretan eroso ibiltzea gogozkoago du.

Liburuan herri bat azaltzen zaigu, Arranegi (Lekeitio da delako Arranegi hori), eta Arranegiko gertaerak ematen zaizkigu. Arrantzaleen bizitza, jaiak, ohiturak eta herriko semealaben batzu. Hauetan aipatuera Zuriñe da, jasaten dituen maitasun bihozkadak e.a. Zuriñeren gurasoak ere azaltzen dira nagusiki, besteak baino maizago behintzat.

Osatzen duten fabula, ipuina edo istorioa, gertatzen zaiena, intrigarekin lotua doa, hau da gertaeren ordena zuzena eta etenik gabea da, ez dira ekintzak denborarekin elkarnahasten, gertatu ala kontatu egiten zaizkigu, kronologikoki gertatzen den bezala. Pertsonaia mailan nagusiena aipatu behar banu Arranegi bera aipatuko nuke, herria bera dela nagusi alegia, bere eguneroko zorion eta, zorigaitzekin, ekaitz eta oskarbiekin batera. Lana, jende mota berezi bat, euskaldunak, ohiturak e.a. Taldezko pertsonaia dugu nagusi liburuan. Badira ere besteak, Zuriñe, Xirdo, Jon, Txanton Baixa e.a. Hauek gertaeraren haria daramate, lehen esan bezala sekuentzia kateatua zuzentzen dutenak. Baina hauei gatza falta zaie, idazleak berari interesatzen kutxan giltzapetzen ditu, ezertarako askatasunik eman gabe, aldez aurretik egokitua dute beraien etorkizuna. Sikologikoki eskasia handia nabaritzen zaie, ez dira erreal gertatzen, ez dute aldaketarako aukerarik. Egileak jotzen duen danborraren doinuan dantzatzen dira, idazleak azpimarratu nahi duen izaera oso berezi baten adibide eta ordezkari dira, klitxe hutsak. Erkiagak liburuari eman nahi dion gizarte ikuspegi estuak ere zeharo mugatuak uzten ditu pertsonaiak.

Une honetan pertsonaiei buruz ari naizelarik zera gogoratu zait, ea elaberria irekia ala hertsia den. Pertsonaia nagusiari dagokionez elaberria guztiz irekia da, aukera ezin hobea eskaintzen du jarraitzeko, ez bait da inoiz hilgo Arranegi. Beste pertsonaien arabera hertsia da, 2. nagusitasun maila horren barnean gailentzen direnak ezkondu egiten dira, zoriontsu izateko itxaropenez eta abar eta abar.

Ikusmoldearen alorrean ere bada zer esanik. Idazlea liburutik kanpo dago, baina beti begira eta zeletan. Orojakilea da, pertsonaien ekintzen berri badu aldez aurretik, beraien lehenaz hitz egiteko gai da. Kontaera zehatzaren atzetik dabil, dena den bezala kontatzen digu, argazki kamararen antzera, ñabardurak ematea maite du. Bere eragina liburuan mugagabea da, nahi bezala darabiltza pertsonaiak, interesatzen zaionaren arabera eratzen ditu ekintzak, nagusi da. Bere eritzia ematen digu gainera, edozein une eta gertaera aprobetxatzen du bere eritzia guri aurkezteko. Askotan onetsi ala gaitzetsi egiten du norbaitek egin edo esandakoa, “lotsabage” eta horrelako adjetiboak ugari dira.

Denborari buruz, gertaerak eta kontaera batera doaz, aurrerako hurrenkera dago, beti orain aldian gaude, gauzak aurrera doaz beraien bide arruntean, ez dago denboren arteko tartekatze edo nahasketarik.

Inoiz egileak pertsonairen bat zer edo zer gogoratzen ari dela esaten digu, baina kontaerak orain aldian darrai, ez da une horretan oroipena bera elaberriaren kontaera, bururakizun hori nola oroitzen duenaren kontaera baizik.

Iraupenari dagokiola, berriro dator egilearen eragina. Batzutan kontaera zuzena da, gertatu ala esana edo alkarrizketa bidez adierazia. Hemen hizkuntz bizitasuna eta gatza dugu oinarri, errealismo bat agertu nahia somatzen da. Bestetan egun bati kapitulu oso bat, edo goiz bati beste bat. Azkar nahiz motel doa hariaren kontaera, axola berezia duena luzatuz eta errepikatuz. Etenaldiak badira ere deskribatzen hasten denean. Izan ere, deskrizioa askotan nagusitzen zaio narrazioari, deskrizio zehatzak, ederrerako sen berezia du Erkiagak. Bere elaberriaren habe sendo bat da hau, olerkaria zela bagenekien, eta batzutan, eleberrigile baino olerkari dela iruditu zaigu. Deskrizioan maisutasuna ezin ukatuzkoa da, adjetibo zerrendak dauzka, ondo erabiliak gainera. Oso kutuna egiten du elaberria inguru honetatik begiratzen badugu. Tokien deskrizioetan paregabea, ederki jorratzen du hizkuntza orduan. Deskrizioa habe du baina elkarrizketaren laguntzarekin, hau euskarri bat da kapituloak eratzerakoan.

Bere helburuak aipatuko ditugu orain. Liburuan zebar gehien agertzen direnak lerrokatuko ditugu: Jainkoa eta ohitura onak. Denbora guztian atzera eta aurrera darabil Jainkoa, ez dago honen izatea zalantzan jartzen duen pertsonairik. Ohitura on eta zaharren atzetik dabil beti, babesle sutsua dugu. Euskal ohitura zaharren goraipa ere antzematen da kapitulu pare batean. Baina ez du taburik, haragikeria eta horrelakoak ez ditu izkutatzen, salatu eta arbuiagarritzat ageri, baina inolaz ere ez izkutatu. Egilearen pentsamoldea ezinbestea da liburuaren azterketa egiterakoan, zama handia du, lehen esandakoarekin bateratuz habe sendo bihurtzen da.

Azkenez euskarari buruz bi hitz: oso ederra eta bizia da bere euskara, aberats eta joria. Euskara izugarri menperatzen du, euskal joskera zuzena darabil; indartsua. Garbizalekerian erortzen da zenbaitetan, baina gehiegi ere ez, ia euskalki guztietako hitzak darabiltza, nahiz berak bizkaieraz idatzi. Ez da ez zail, bai aberats.

Inoiz erdarazko hitzari zentzukide bat bilatzearren berezko naturaltasuna galtzen badu ere, gehienetan oso ongi jokatzen du zentzukideekin. Hitz zerrenda ederrak botatzen ditu gogai bera adierazteko euskarak duen ahalmena eta baratzea ageriz. Guzti hau esan ondoren ondorio batzu ateratzeko garaia heldu da.

Elaberri guztiak horrela idatziko balira, hauen kalitate eza onartu behar genuke, baina 1950.ean edo lehenago idatzi zen eta hori kontutan hartzekoa da. Erkiagak kontaera zaintzen du noski, bere idaztankera ezin hobea da, gutxik dute berak adineko estiloa, akatsa kontaeraren teknikan datza, oso teknika erraza eta soila, soilegia nire ustez, anekdotari garrantzia gehiegi, bide berriak urratzeari bat ere ez, halere bildur gabe birresango dut egileak asmo guztiz egiten duela hau.

Motz gelditu zaio elaberria baina barkagarri bekio, alde onak eguzkitaratzen saiatu gara, txarrak ere ez ditugu zokoratu. Elaberri polit hau, zoragarri hau, irakurriagoa izatea merezi du Erkiagak, beraz oraindik euskal liburudendetan hauts tartean gorderik dauden azken aleak jaso eta irakurtzea litzateke zuen lana.

Bibliografia:

— “Arranegi” Kuliska sorta 19-10 Zarautz. 1958.

— “Araibar Zalduna” Kuliska sorta 50 Zarautz. 1962.

— “Batetik Bestera” Kuliska sorta 51. Zarautz. 1962.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak