kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Adanen poema amaigabea / Joseba Zulaika / Kriselu, 1975

Ongi etorri, Zulaika Joxe Azurmendi / Zeruko Argia, 1975-06-01

“…inoiz kartzela edo erbestea sofritzea merezi ez izanaren kulpabilitate konplejoa bizi dugunok…” (Zulaika).

Poema sendo batekin agertu haiz gure artera: hator ongi, —heure etxera—. Hire poema ospa genezakek —hik eta guziok— idazle berri baten su edo tinta bataioa ospa genezakek, orobat, eta Etxeparek abiarazitako aire hartan, eskuak harturik, “eta i lelori bai lelo leloa, zarai leloa… goazen oro dantzara”.

Denok pozten gaituk eta gureak hire poza haunditzenago dik, apika.

Hemen hasten dituk zazpi bozkario eta doloreak, halare.

Jakin hezak nora etorri haizen, etorri: euskal idazlearen bidea guruzbidea duk. Bide zaila.

Mitorik ez diagu behar eta ezta konplejorik ere. Hik aitzakia eta aukera ematen didak, aspaldian esan nahi nuen zerbait esateko.

Estimaziorik haundiena idaz lanak gaur ez dik. Politikoek, ekintzaleek, fama gehiago diate. Kantariek fama gehiago diate. Eta arrazoiz, nik uste. Zeregin diferenta asko zegok. Idazleona inportantea duk, baina ez inportanteena. Zailena ere ez duk. Arriskutsuena ere ez. Besterik ez balitz horregatixe bakarrik ere, euskal idazle bati ondo zetorkiokek apal samar egotea. Gizonak apenas zedukak arrazoirik, zergatik harroskotu. Euskaldunak are gutiago. Eta euskal idazleak denetan gutien-gutiena.

Denentzako haina lan zegok. Eta denontzako haina leku zegok zeruaren azpian. Dantzari txarrak bakarrik zapaltzen dizkik lagunaren hanka punttak eta txokatzen dik inguruko guziekin. Bere kulpa duk hori, ez leuarena eta ez dantzarena. Halabaina, euskal korroan konpetentzia izpiritu harrigarri bat sortu duk, eta ezin diagu elkarrekin txokatu eta elkarri hanka punttak zapaldu gabe dantza egin. Politikoak kulturalistez burlatzen dituk. Intelektualez eta poetez burla egiten duk. Eta ez duk zaila, nahi izanez gero. Burlarako haina arrazoi beti zegok. Gure etxean batez ere. Baina politikoez burla egiteko apenas zegok arrazoi gutiago. Eta, bai, politikoez ere burla egiten du. Abenturero hutsak direla, esaten du, eta abar. Eta haiek, ostera: lengua sin manos, cuerno osas fablar? Eta intelektualak, atzera: bururik gabeko aktibistak… Eta abar. Burla duk munduko gauzarik errazena. Eta errazenera jo diagu. Elkarri burlaz-burla gabiltzak.

Eta alderantziz, bakoitza bereaz harrotzen duk. Politiko edo politikero askok errazegi aurkitzen dik politikan konpentsazio bat, bere burua gloriaz eta koroez koroatzeko. Gizonaren xelebrea, gero! Kalamidadeak ere bere glorien artean kontatzea gustatzen zaiok. Gartzelara erortzea, edo ihesi joan beharra, ondo begiratuta, frakaso bat duk. Eta burugabekeria zirudik frakasoa martirio bihurtu eta frakasoaz haropuztea. Zorakeria zirudik, halare, gartzela eta herbestearen inbiritan (erdi inbiritan bakarrik bada ere) beratzea eta urtzea. Norbaitek bere sofrimentuari harrotzeko motibo baderitza, ordea, eta nekeak irabazi haundiko akzio bihurtzen baditu, gaizki hartuko al zioagu? Intelektual batek piska bat intelijente ere izan behar dik. Eta ez zegok oso intelijente izan beharrik hori konprenitzeko. Gartzela eta herbestea patua dituk. Patu gaitza. Zorigaiztoa. Inork ez dizkik apropos bilatu. Bestalde, inork egin zigun injustiziarik apenas ohora eta horro zezakek inor, oraindik gizalege arrastorik gelditzen bazaigu behintzat. Gure gartzela edo desterrua injustizia dela benetan sinetsita bagaudek, ez zedukagu zer harroturik gertakaria hortaz, eta bai zer lotsatu eta zer tristatu.

Norbaitek bere sofrimentuak bere pribilejio bihurtu nahi baditu, bai, nazkagarria duk hori, bai, penagarri duk hori, bai. Baina intelektual baten lehenengo obligazioa, eta bigarren obligazioa, eta hirugarren obligazioa, eta betiko obligazioa, hori konprenitzea duk, amor eman gabe. Gaurko euskal intelektualak ez dik eskubiderik bere burua beste horrekin konpetentzian ikusteko.

Idazlea, edo kulturalista, politikoa bezalaxe, banaloriari emana duk. Gustatzen zaiok, horratio, bere burua edertzea eta edertuta ikustea. Gauza denak bezala, hau ere anbibalentea duk eta ni ez nauk banaloria hori kondenatzen duen moralista puritanoetarik: idazlea irakurleriatik bizi duk. Bere arrakastak biziarazten dik. Irakurleen oihartzuna behar dik, biziko bada, beleroak haizea behar duen bezalaxe. Ez zegok hori gaitzesterik eta ez gutiesterik, anbibalentea bada ere. Eta idazleak zein zail duen gaur, ez zedukat inori esan beharrik, idazleoi ere ez dagokigun neurri politiko bat besterik aplikatzen ez zaigun artean. Idazleak horren kontra joan beharko dik. Idazleak bere lekua defendatu behar dik. Baina ez bere lekua politiko bihurtuz, politiko antzak hartuz, eta politikoarekin konpetentzian sartuz.

Zenbait idazle eta intelektualek, izan ere, kandelerorik altueneko kandela izan nahi duela zirudik. Eta bere burua beste guzien gainetik altxatzeko, beste guziei burua makurrarazten saiatzen duk. Bazirudik, zenbait intelektualek ezin sofritu duela, oraingo egoera honek politikoei ematen dien lehentasuna. Derrigor berek izan nahi dutela vedetteak. Ezin jasan dutela, jendeak gehien miresten dituen heroeak, beste batzuk izatea.

Poetak, hots, intelektualak, Marxek esan ohi zuenez, lausengu eta palagu zale ase ezinak omen dituk, ez zekiat zergatik. Denak omen dituk plus ou moins des courtisanes et il faut les cajoler, pour les foire chanter.

Hemen izpiritu txotxolipurdi bat oso zabalduta zegok: abenturak egiten edo gabiltzala. Heroetara jolasean. Eta ez zegok horrelakorik. Hemen eta orain, lanean ari gaituk edo ez gaituk ezertan ari. Lanean eta ez beste ezertan. Ez saltsa egiten, ez martirio bila eta ez ezertan. Eta herri gizagajo honen alde lanari ekin dionak, martirioren bat edo, bere buruaren ukoa behintzat, bidearen hasiera-hasieran onartu dik. Amor fati, esaten ziguan Mitxelenak. Uko honek ondorioz laster ekarriko dituen oinaze eta martirioak, agoantatu beste erremediorik ez duk egongo. Ez oinazeagatik eta martirioagatik beragatik, lanagatik baizik eta lanak horietxek dakarzkielako, orain oraingoz. Lana duk herri honi eman diezaikegun hoberena, eta ez martirioa. Ez dezagun ahaztu, herri baten zerbitzuan ari garela eta ez geure salbazio —ohore, etc— bila.

Hator ongi, hator lasai. Makina bat konparazio ero entzun beharko duk. Hamaika erreprotxe zoro. Giroan zegok hori. Kitarra jotzen ari haizela, esango zaik. Baina zer: horixe duk hemen behar dena, bakoitzak bere kitarra ondo jotzea. Ez mitorik eta ez konplejorik behar diagu = lujo gehiegi huke guretzat.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak