« Adanen poema amaigabea | Ongi etorri, Zulaika »
Hutsatik esperantzara / Juan Mari Irigoien / GAK, 1975
Juan Mari Irigoien, edo gure iragan urbila Xabier Lete / Zeruko Argia, 1975-05-18
Juan Mari Irigoienen izena euskal letretan laister izen ezagun biurtuko da. Irigoienek iragan urteko euskal poesiaren “Irun” saria irabazi zuen (euskal poesi-sariketetan, diruz eta propaganda-indarrez garrantzi duten sariketa bakanetako bat, planteamoldez oso urrun joan ez bada ere; hala eta guztiz, nork ez du noizpait “Irun” sariketara bere lanen bat igorri?).
Orain, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaraturik, Irigoienen “Hutsatik esperantzara” eta Iñaki Zubizarretaren “Heriotzaren eta bizitzaren mugetako ene hitzak” poemak argitaratuak izan dira. Zubizarreta, Irigoienek irabazitako iragan urteko “Irun” sariketan finalista izan baizen.
Hortaz gain, Juan Mari Irigoienek badu laister “Gero”-n argitaratua izango den nobela sendo eta garrantzitsu bat. Esan liteke Irigoien, gaur gaurkoz, eta nik irakurri dutana kontuan hartuz, poeta baiño nobelagille helduago dela. Hainbeste poesia eta hain prosa gutxi idazten den gure herri hontan, gertakizun hori paradoja ote? Gaiñera, hogeitasei urteko gazte bat nola izan liteke poeta baiño nobelagille helduago? Poesia ez ahal da ba euskal idazle gazte guztiek erabiltzen duten lehen literatur tresna? Bai, eta kaso hontan ere horrela gertatu da.
Baiña Irigoienen oparotasun irudimentsua, poesiari doakion muga neurtu eta hestuan baiño askeago mugitzen da prosa zabal, anple eta biurgunez beteriko baten barrokismoan. Eta hori bere nobela argitaratzen den egunean ongi ikusiko dugu. Bestalde, Irigoien injenuo bat da; mundua begi berriz begiratzeko eta gertakizun-gauza arraroz beterik aurkitzeka ahalmen miresgarria duen poeta. Baiña Irigoienen injenuitate hori ez da jakintasunik ezean edo borondate-on-keria ahul batetan funtsatzen, munduarekiko ikuspegi aske eta, ahal den neurrian, ez-konbentzional batetan baizik. Irigoien ez zaigu dena dakiten pedante hoien gisara agertzen (zenbat pedante! zenbat sasi-jakintza unibertsal!), naiz eta berak ere munduarekiko pentsamolde estrukturatu bat eduki: argi-itzal, xehetasun eta inguru-minguru askoz betea ordea.
Hutsetik esperantzara, edo esperantzatik hutsera (joan etorri pausadarik gabean, pentsamenduaren eta gogoaren argi-ilun eta erortze-goititzeek agintzen dutenez), inguratzen gaituen errealitate ukakorrez eta erretzen gaituen hustasun sakon batetaz eginiko gogoeta esistentzial bat da.
Berak bere burua definitzen duenez (behar bada halako konplazentzia narzisista pixka batekin), “desadaptatu”, “ero” baten ideia xume, sakon, illun, lilluragarri, bereziak dira esperantzaren jazkeraz jantzi nahirik ematen zaizkigunak. Irigoien, poesian, sentimenduaren oparotasunak espresioaren zehaztasuna perfekzio neurtu batetara moldatzen uzten ez duen garai batean dago oraindik. Hala ere, hasiera batean poetik formaren heldutasun hori ez da hain garrantzitsu; lehen urratsetan, lehen hitzetan, normala den bezela, ideiaren, sentimenduaren berotasunak bere inguru poetiko berezia sortu behar baitu.
Irigoien gazte da, zentzurik zabalenean; gu guztion gaztaroaren oihartzunak soma-erazten dizkigun idazle harrigarri hoietako bat. Baiña literaturan gazte izatea, berez, ez da merito; idazle on izatea bai ordea. Eta Irigoienek ongi idazten du, freskotasun, sakontasun berezi batekin, emozioa sorreraziz.
Bere “Hutsatik esperantzara” liburuan ez dago retorikarik, bertan ageri den guztia egillearen egia bizi-bizia baita; gazte baten bizi-esperientzia gazteak literatura “gazte” baten itxaropenera garamatzi.
Caracaseko dama beltzaren poemak, edo aitari eskainitako horrek, gazte izatearen indar guztia, filosofia guztia eta ausardi-garbitasun guztia berengan daramate.
Nere ustez, oraingo liburu hontako poemak laister argitaratuko duen prosa trinkoaren aintzindira dira. Irigoien, “bakarti”, eskritore on eta berezia izan liteke; errealismo poetiko onenaren aintzindari izatera deitua dago. Errealista, errealitatearen eder-itsusiak lilluraturiko bizi-zale bat delako; poeta, errealitatea berritxuratuko duen mintzaira harnasduna asmatzeko kapaz delako.
Hori guztia, HITZ HANDIRIK gabe.
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi