kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Xabier Lizardi, olerkari eta prosista / Xabier Lete, Angel Zelaieta, Anjel Lertxundi / Jakin, 1974

Lizardi, olerkari A. Onaindia / Zeruko Argia, 1975-02-16

Lizardik merezi du noski ezagutua izatea. Berau da euskal literaturan izan dugun poetarik garaiena; ez dio iñork oraindiokan aurrerki artu ez itzalik egin, ez Orixek, ez Lauaxetak. Auen ostekoek ere, naizta ortan saiatu, irrintzi egin bearko dute mailla ortara irixteko. Aspaldi batean ez genuen au ezpaian jarri, geroztik batzuk ortan leiatuak baldin badira ere; gaur ordea leengoek eta oraingook, bala-bala aitortzen dugu Lizardiren garaitasuna.

Omenaldiak eta liburuak

Poeta yaukal onen oroitza sustatu eta lanak irakur-erazteko asmoz, gorazarre eta sariketak antolatu izan dira or-emen. Auen artean, joandako urtean Zarautzen eratutako bi konta ditzakegu: bata, “Euskal-zaleak” alkarteak iraillean Lizardiren olerkiaz antolatu zuen leiaketa eta bestea, geroago, ango euskaltzale guztiek alkarren leian gure poeta nagusiaren omenez eratu zuten amabostaldia. Biak, jaialdi ederrak.

Leendabiziko jai eta leiaketarako, au da, Lizardiren olerkia ikasi eta aztertzeko lan politak aurkeztu ziren. Oietarik bi izan ziran sariztatuak: Xabier Letek eskuratu zuen leen-saria eta Anjel Zelaietak bigarrena; ark Lizardiren poesi-lana aztertzen digu eta onek zauztarraren itz-lauzko pentsabide eta iritziak. Gure artean edu ontako lan baliotsuak, sarri, or geratzen dira argirik ikusi gabe, txorimalo zapuztuaren gisara edo.

Aipaturiko bi lanok, orraitio, ez dira autsak jateko zorian gelditu. Ez, zorionez! “Jakin” liburu sortak argitara dizkigu, Leterena Anjel Lertxundiren laguntzaz tinkotua, eta Zelaietarena soillik. Izenburu au darama liburuak: “Xabier Lizardi, olerkari eta prosista” (Oiñati, 1974). 124 orrialde. Txukun eta erabil erraxa. Lizardi dute irurok aztergai. Letek Lizardiren poesia jartzen digu gaillen, Zelaietak Lizardiren pentsamolde nagusiak, eta Lertxundik aren garaiko aundikien artean dakus eder eta gorenengo. Izan ere, euskal olerkari berritasun berezi-berezia eman ziona dugu zarauztar jatorra.

Lan atsegiña iru gazte auek eskeiñi digutena. Niri orrela iruditu zait. Beraz, leenengo lanari buruz beintzat, tarteka marteka asti pixkat dudanean, artikulu batzuk osatu gura nituzke. Ez naiz burruka zale, ezta iñor goregi jarten saiatu oi diren oietakoa ere. Bakoitzari berea eskatzen du zuzentasunak. Itz eder au, aoan erabilli ezeze, ekiñean -praxisean— ere erakutsi bear dugu guztiok.

Iru zatitan moldatzen du Letek Lizardiz lana: 1) “Poesi hizkuntzaren moldatzea”; 2) “Natur-inpresionismoa, bizitza eta heriotzarekiko gogoeta”, eta 3) “Asaba zaharren baratza. Lizardi, gizon politizatu”. Azter ditzagun pitin bat iru saillok, egiazko kritikari dagokionez, ona eta txarra agererazi eta nabarmen jarriaz. Gaingiroki, ala ere, lan sakonerako ez baitugu beta eta astirik.

Poesi hizkuntza

Poesi-zelaikoa omen dugu benetako literatura, gai oni buruz idatz-araudian maixu direnek diotenez. Poesiak, ordea, badu bere izkera berezia; itzetan, joskeran eta esaldietan izan ere. Olerkiaren elburu beiñena ederra adieraziz gogoari atsegiña ematen duzu. Muiña ta azala bear ortarako. Nola? Zoli dabillen irudimenez eta zirti-zarta sendo dagian biotzondoz batez ere. Sorburu orrek ixurtzen du ondorenez beste literatura motak baiño poesi-bizikizun yaukal, apain eta bizkorragoa. Bizia ta argi eman oi diote olerkiari irudikizunak, eta ondorioz or duzu poesi-izkuntza, itz lauz erabilten ez dugun bezelakoa noski.

Ontaz mintzatzen zaigu aurrena Lete, bere lanean. Baiña ez nijoa puntarik punta, onen lana aztertzen, luzeegi egingo nintzateke eta. Iñoiz ere etzaiqu egoki luze izatea, ta nik igartzeka luzetzera egin oi dut. Gaurkoz beude puntu batzuk soil-soilik.

Poesi izkuntzari daragoiola, euskerazko poesi izkun. Eta Etxeparek landu eta asmatu omen zigun amaseigarren mendean, kultur-tresna biurturik noski. Osorik egia ote? Landu bai egin zigun, baiña asmatu? Aurretik ez ote zan iñor ori egin zuenik? Aurretik ez ote zan euskeraz ezertxo ere olerkitan idatzita? Irarkolaz askorik ez bazan ere, leendik ere, nik uste, bazirela eustral poesi lanak, kantak, ipuiak, bertsolarien saioak, eta abar. Ark bere bertsoetan darabillen neurkera ezta erraz nundikan artua dan jakitea; baiña 8/7 da geien darabillena, eta naizta erritar poesian maizenik artua 7/5 izan, Zuberon kantatzen diran “Agota”, “Xori kantatzale eijerra” eta beste batzuk 8/7 neurrian osatuak daude.

Izkera dotorez olerkia jazteko irudikizunak (imajiñak) eta metaforak (alegiak ere bai) erabilli oi dira; ideaiak eta oldozkunak eder adierazteko antz-irudiak dantzaraztea naitaezkoa duzu. Letek onela: “Lizardik imajinak borobiltzeko metaforak asmatu zituen. Bere mundu barnekoi ta kanpotiarraren arteko sintesi nagusia obratu nahirik, metaforazko hizkuntza indartsu, oso baten bila abiatu zen” (15,13 or.).

Ala ere Lizardiren xedea ez zen pantzia bakarrik, estalgi poetiku orren azpian bazen mami trinkotua. Olerkiaren ekai biak nai zituen eder. Irakur ezazu edozein poesi aren “Begi-biotzetan” liburutik, eta berez oartuko zara nolako ardura izan zuen ark bere lanak biribiltzerakoan; oso neurritsua genuen, ederki egiñak dauzka lerro guztiok, itz egoki naiz berriak, esku goxoz elkartuak erraz darabilzki. Eta guenez, gaiñekoo eratura guzti orrek gunean duen igikera (ritmu) bizia ez duzu garrantzi gabea.

Aurretik ere bazen gurean tradizioz zetorren poesi izkuntza, mugaz andikoak gaur ere darabiltena noski. Au zuen Lizardik asmotan: itz gutxiz ideia asko adierazi. Ortarako, jakiña, gure idazle zaharrek poesian erabilli zuten izkera, jantzi berriz trozatu bearra zegoen; ortan saiatu zitzaigun bereziki, euskera errotik ikasi zuenean batez ere. Gora altxatu nai zuen bere izkuntza, eta ez zituen aurrerantzean parrerik egingo ez etxeko ez kanpoko intelektualak, ez gero iraiñari iraiñez erantzunaz, “maitasun-moldakaiztasun dialektikaren sakon-sakonetik euskararen benetako problema ulertu eta definituz” baizik.

Euskera jaso bearrez

Txukun, erraz eta oparotsu, erpiñeraiño jaso nai izan zigun euskera. Errikoi ere bai, izan nai zuen. Eta nork ez? Gure erria, benetako euskaldun erria, gaur ere goxo, sakon eta jakintsu mintzatu oi da geienik. Idazleok ere orrela jokatu gura izaten dugu. Baiña ez da erraz. Zenbat gauza esan genitzakeen ontaz! Lizardiri ere ez zitzaion aise izan, eta aren olerki eta enparau lanak ez zitzaizkigun ulerterrazak leenengotan. Gaur errazago zaizkigu, eta urterik urtera errazako izango, alegia.

Euskerak bazuen —eta du— guk naiz izadia ikusiz naiz geure barnez sorturiko gauzak ulertzen emateko indarra. Or gure baserritarren mingaiñean dantzatzen den izkera bizi sarkorra. Idatziz, alere, sortu gabe geneukan ortarako izkuntza jori aberatsa. Eta au duzu, ain zuten, Lizardiri esker gaur daukaguna. Leendik ere bazetorren guzti-asko olako urtera bat, Arana-Goiriren egunetatik asita: bidean zetorren landareak Lizardigan eman zuen lorea, eta fruitua. Ondo idazten du Letek: “Euskara, euskaldunen mintzaira, kondaira-bidetara eraman nahi du, etorkizun bidetatik abiarazi”. Ez gero gaurko idaz!e mordoak egin nai izan duenaren antzera, soin eta gogo oso berri; onela baizik: “soña zaar, berri gogoa: azal orizta, muin betirakoa”, berak dioskun bezala. Ez zuen ark iñundik ere aintziñakoen katea ausi gura izan, asaba zaharren soiñari arnasa bizi berria egotzi baiño. Ez, Lizardi ez zen, eragozpenak aurkitu arren, bide erdian porrot eginda gelditzekoa.

Eragille bizkor

Zerk bultzatu ote zuen Lizardi jokabide ori artzera? Guda aurretik euskal erriaren beraren muiñean zebillen eragiñak, ziur asko. Eraqin biurria, abertzale eragiña, eta onek ekaitz zakarrak bezela dena darama aurrean, berakin duen arnasa eta sua bazter guztiei emanik Garai artako poeta da Lizardi; orduko joera du oroz gain. “Joera horrek —dio Letek— ez du euforia politikoarekin bakarrik zerikusirik; kultur ikuspegi eta espresibitate berri baten premiei lotuz doa, batez ere”. Biok batean, nik uste. Irakur gerra osteko errusitar olerkarien lanak, eta ara! eta garbi aitortuko didazu abertzaletasunak erri-balio dan edozeri ikutzen diola, sendo ta azkar, “bortizki” ikutu ere.

Ona eragille bezala, beste alderdi eder bat ere Letek Lizardiri egozten diona. “Lizardiren jardun ia guztia bilaketa da. Hitz zehatzen bilaketa, forma plastiko eqoki baten lortu-nahia. Gauza, gertakizun, sentimendu, ideien plastika aldakorra, pareko mintzaira batetara isuri nahia”, Orixe da, izan ere, egiazko poeta danaren lana: ideia berrien eta esanaldi eder zeatzen bilaketa etengabea. Excelsior! beti gorago!

Sail onetan, azkenez, Lizardiren poesia batzuk aipatzen dizkigu: “Agur!”, “Urte-giroak” eta abar. Euretan Lizardik darabiltzan izkuntza poetikuzko irudi, metafora eta esaldiak nabarmen jartzen ditu, baita aren musikaltasun jatorra ere.

Labur: ederto esana duzu Letek leen-atal onetan Lizardiz dioskuna. Badu itzik zarauztar leunari ezarteko gogorregi iruditzen zaizkidanak: adibidez: “biziaren konplejitate”, “razionalista”, “sensualitate goxo” eta olakoak. Zer esan nai duten erraz ulertzekoak ez diren onako itzak kendu ezkero, lan bikaiña bezain laburra duzu Letek eskeiñi diguna. Edu ontako lanak bear ditugu, zabal erazi ditzagun. Gabirel Zelaiak: “Eta nik pentsatzen dut bertso berriaren irikitze zolian ark euskaldunoi ekarri zigunean. Iñoiz kutsatu gabeko mendi-aize batekin”. Lizardi gogoraziz.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak