kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971

Euskal literatura eta soziologia (III) Joxe Azurmendi / Zeruko Argia, 1971-10-24

Azkeneko boladan garbizalekeriaren alde —neurritsu samar zenean ere— izpiritu “baserritarra” bakarrik saiatu izana litekeana duk, eta hori arrazago ulertuko nikek nik neronek, nahiz-eta hor ere halako gure zenbaiten seta atzera gelditutako edo frakatasaturiko edozeinena baino baserritarrago ez ikusi. (Atzera gelditzeak edo frakasatzeak ez dik noski arrazoirik ez edukitzerik adierazi nahi, eta gutxiago baserritar arrazoirik). Hizkuntza-soziologiak ba zendukak garbizalekeria esplikatzeko bere teoria. Hi ez hau konbentzitzen nonbait, eta heure gisa ibiliz dexente aldaratu haiz. Hortarako eskubide osoa duk, noski. Bakarrik, hire azterketak nire ustez robinsonada bat irten duela: ilun aurkitzen diat, eta —batez ere— ez zioat klasikoen aldean bentajarik batere ikusten. Baina nire aburuz okerrena eta, derizkiodanez, bion diferentzien iturburua, metodologian bertan zegok. Oso oker ez banago, izan ere, hire aztarketaren azpian klase eskema zegok (liburuko azken kontsiderazioek ere horixe zerakustek, ni esandako guztiarekin hitzez hitz konforme banago ere), eta denbora batez “errealismo sobietar” izenekoak egin zezakean tankera berdin-berdinean egon ere. Literatur kritika soziologikoan metodo hori gaindituta zegoela uste nian (Sobiet Batasunean bertan ere jadanik bai), nire sorpresa galantez hirearekin besterik aurkitu arte, Euskal Herrirako batik bat. Uste dudanez, ordea, literatur soziologia modernoa orokarkiago egoera historikoen edo prozeso legeen kategoriarekin aritu ohi duk, klase eskema haiek ideologikoegi eta artifizialegi agiri zirean-eta.

Garbizalekeriaren barne egitura arrazionalistaz ez diat uste duda haundirik kabi ditekeanik. Frantziako “Pleiadako” poetak hasi —-Ronsard, Du Bellay—- ta Malherbe, “frantsesaren erreformatzailea” zehar, garbizaleak etengabeki beti arrazoiaren izenean mintzatu dituk. Arriandiagaren erasiek Port Royalgo deiaren oihartzuna ziruditek: Grammaire générale et raisonnée. Areago, guzti hau Descartesen eta Pascalen giroan desarroilatu zela jakiteari askitsu zerizkioat, Boileauk, desarroilo hau koroatuz, formula hauxe diktatu ziguk: aimez donc la raison (maita arrazoimena). Berdin-berdin Alemanian. Garbizalekeriaren koinzidentzia historikoaz risorgimento nazionalekin ere, itxaro dudanez, jadanik ez likek dudarik egon behar. Deux dialogues du nouveau langage François italianizee-ren egile R. Estienne, frantsesaren garbitze abiatzailetzat eduki litekeanak, estaldurarik gabe aitortu dik, eta harrezkeroko guztiei gauza bera nabari zaiek: “jaloux de l’honneur de sa nation” sentitzen denak garbizale jokatu behar bide du. Satire Ménippèe (1594) burgesia frantsesaren asmo berdinen bilduma antzean zetorrek, hemen espainolaren eta latinaren kontra. Eta mugimendu garbizalea absolutismoarekin batera desarroilatuko duk, biak gailendu arte. Prozesuak antzekoak dituk nonahi. Euskal garbizalekeriaren bi puntuk, halare, lehenengo bista kolpean behintzat, arrazionalismoaren tesiari kontragiten eta hire baserritar zientziaren edo nekazalgo sustraienari faboratzen diola zirudik: baserrizalekeriak eta “zokokeriek”.

Prozeso legeez nire ustezko inportanteena, ta kritikan, ez esposizioan, aritzeak mugatzen ninduenaz gora ere mintzatu natzaialakoan, bi oharrekin bukatuko diat nire kritika.

Bi ohar, batera

Har ditzagun biak batera. Literaturan baserri maitte, naturaleza maitte bezalaxe, Aro Moderno merkataria agertu duk, ez Erdi Aro nekazaria. Naturalezaren naturaltasuna galdu ala itzuli dizkik gizonak begiak atzera naturalezara, baina naturaleza “pentsatu” batetara, ez espontaneora: oroit Ronsard, esaterako ta “artzain poesiaren” moda (Bergeries ugariak). Bakardadearen gaia ere “burlesko” burgesek sartu diate literatura frantsesean, Ta guzti horietxek berak garbizale dituk. “Zokokeriei” edo dialektokeriei buruz garbizaleak zalantza balantzan agiri dituk: Malherbek italianismoak baina, gorrotatzen dizkik bere aurrekoek italianismoen kontra hain zuzen ugaritutako dialektokeriak (frantzesera Kaskoiniatik sartuak gehienbat). Ez zegok ahazterik, nolanahi ere, hain zuzen “zokokerien” etsaigoak ekarri duela kondairan ezagutzen den garbizalekeria klase-formalista bakarra: burgesiak eta Hizkuntza Akademiak eraikitako Salon frantsesa. Eta ezaguna duk Gorteak eta Salon paristarrak bezain garbi ta txukun mintzatzeko modari zor zaiola gaurko frantses “garbia”, jatorriz herrikoi ez baino klasista. Alemanian, Aginpide zentralik gabe, eta horregatixe burgesia banatuarekin, klase zerikusi gutxiagorekin bilakatu duk literatur hizkuntza garaiaren formazioa, ta beharrez, hizkelgi edo dialektoen hartukizun mila aldiz gehiagorekin. Leibniz, J. J. Bodmer, J. J. Breitinger, etc., bururik argienak “zokokerien” eta arkaismoen zabalkunde eta berbizkundearen alde lehiatu dituk. Eta garbizaleak, Alemanian ere, baserrizale dituk, zokokerien aurkakoak apartatu gabe: beren izenen ordez landare eta artzain izenezko seudonimoekin firmatzea moda bihurtzeraino izan ere. Eta hau dena kartesianismoaren eta barrokoaren artean zegok, benetako baserri bizitzatik oso urruti beraz. Arrazionalismoaren azpian, eta azkenean hari gain hartzeraino egon ere, bixi-bixi dagoen izpiritu erromantiko horrixe erantsi ohi ziok soziologiak, nik dakidanez, garbizalekeria, beronen baserrizalekeriazko nahiz zokokeriazko adaskekin. Kritiko gisa ari naizenez, honen etorburua azaldu ordez, puntu biok nekazalgoarekin hartuemanik ez dutela erakusten saiatuko nauk.

Arana Goirik Euskal Herriaren eta euskeraren indibiduazioa bilatzeko irrikiz ziharduan (or. 51) eta “kriterio berriaren arauaz, euskeraren muina gordetzen duten zokokeriek eta ia inon ezagutzen ez diren esaera bitxik neurtzen dute idazlearen jatortasuna” (or. 53). Nik jokabide horren azpian kontradizio bat ezkutatzen zela salatzen nian, eta hik ukatuz erantzun. A. Hauser literatur soziologoak, La Introducción a la historia del arte: “El romanticismo manifiesta una actitud ambivalente frente al individualismo. Ninguna generación anterior quiso ser tan personal, tan inconfundible e incomparable, etc:” (or. 157/158): aranismoak Euskal Herriarentzat bilatzen duen gauza bera. Bitxikeriz jositako ta “iraganarik gabeko euskera bat” egozten diek hik aranista hire ustez baserritarrei. Hauserek: “Ningún escritor (erromantiko) se atrevía a escribir una frase sin preguntarse antes si era lo bastante sorprendente, inaudita, revolucionaria” (526), ad casum, nahiko garbi, jator, etc. Aranistek berak baino lehenagoko literaturaren balioa ukatu ziaten: Boileauk horixe bera literatura frantses zahar guztiarekin. Garbizalekeria, izan ere, indibiduazio grina amorratua huan funtsean, eta politika erromantiko batetatik ez bestetatik zetorrean, politika ere buruhauste horrekintxe enplegaturik zebilelarik. Gero, zenbait-eta kaskarrago idazlea eta garbizale radikalago, bere nortasunik eza nortasun kolektiboarekin berdintzeko. Idazlea hobe ta neke gehiago garbizalekeriarekin moldatzeko.

Nik hire kontra uste dudanez, eta garbizaleek berek halaxe esan ala ez (obrei begira juzgatzekotan) logizista garbizaleek ez zedukatean baserriko euskera “hauta zitekeen bakartzat” eta gutxiago “euskal izatearen esentziatzat” (53). Hontan ere beren arrazionalismo-erromantizismoen tankerari jarraitzen ziotean. Beren ikusmira kaletar hutsa huan, eta asmatu egiten ziaten beren baserriko euskera, poesian baserri bizitza bukolikoa bezalaxe. Urbanité ta literatur urbanoaren konzeptuak berak ere aldi garbizale ta aldi berean baserrizalearen emaitzak dituk, Guez de Balzac Salon-hizkuntzaren azterkariarenak alegia (1646) “El romanticismo despojó al arte (berdin, euskera) del pueblo (ta hemen Autoreak herri laboraria adierazi nahi dik) de sus rasgos concretos, y a fin de subrayar tanto mas su supuesto carácter universal y prototípico, la convirtió en un concepto vago” (Hauser). Bitxikeriak eta zokokeriak bilatzea, Hauseren esanean, “arte urbanoaren” ezaugarri duk, ez baserria eta ez artea eta ez hizkuntza herrikoia tutik ulertu duten kaletarrak bakarrik enpeinatzen dituk girgileria horiekin herrikoi eta jator agertzen, Hauserek Arte del pueblo y arte popular kapituloan ohartarazi bezala. “El hecho de que la mayoría de las canciones del pueblo no estén compuestas en dialecto, sino en el idioma de las clases ilustradas, muestra claramente hasta qué punto el pueblo está libre en este aspecto de toda vanidad y arrogancia. Las canciones dialectales proceden, en su mayoría de compositores profesionales, que creen tener que descender hasta el pueblo, mientras que el pueblo mismo, cuando compone, no se muestra ‘natural’, sino que se endominga tanto anímica como idiomáticamente” (381). Mutatis mutandis, lehenagoko ta oraingo gure “jator asmatzaileei” aplika litekeana iruditzen zaidak.

Ez zekiat hik baserritarraren zein burutazio edukiko duan, baserritar zientziarena batez ere. Nire ustez, dena den, garbizaleen baserrizalekeria kaletarra ta hiritarra duk: baserrizale, baina hirira begira. Baserritarra “zientifiko” hitzegitera sartzen denean, inoiz baserritarrik hortan ikusi baduk ohartuko huanez, garbizale ez beste guztia duk, Garoako Indianoa ta Moxolo lekuko. Kaletarrak garbizale ikusten dituanean bakarrik garbizaletzen duk baserritarra, gaur ikastoletako umeei begira esaterako. Hiritarren erakarpen hori nabarmena duk; ikus Kirikiño bera, baina baita herrietako berriemaileak ere, ta Kresalatik Garoara dagoen tartea.

Etsi-etsian, Arriandiaga, Olabide eta antzekoen garbizalekeria baserri zaletasunarekin baino seminarioan ikasitako eskolastikarekin esplikatzea ere errazago irudituko litzaidakek… Klerikalismoarekin hori ere, ta kitto!

Bukatzeko: oso penagarri izango litzaidakek nire kritika honek norbaiti hire liburuaren balioa gutxiesteko bide emango baleo. Nik neuk oso goratik estimatuko ez banu ez nintzean idazten jarriko, eta gutxiago hainbeste paper zikintzen. Baina gutxien-gutxienik (hi ez, ba zekiat hori) hamaika jende hasarretzeko ta ez gutxi aspertzeko arriskua hartuko nian neure gain. Baina gutxiago oraindik, posible baldin baduk, nik inola arrazoirik eman nahi ez diedanen batzuei arrazoia ematen diedan itxuran azaltzeko arriskua. Liburua estimatzen dudalakoxe, neure neurrian ekarri positibo bat egiteko obligazioan sentitu naizelako hire eta irakurlearen aurrean, egin diat kritika hau.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak