kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Arrotza / Albert Camus (Joxe Mari Agirre) / Irakur Sail, 1970

Camus-en “Arrotza” Letamendia / Zeruko Argia, 1971-03-07

Itzulpena, posible ahal da? Hona hizkuntzalariak bi zatitan aspaldidanik erdibitu izan dituen galdera zaila. Batzuek baietz, besteek ezetz erantzungo dizute. Estrukturalismoaren teoriak bereari gehiegi lotuz gero ez dakit zenbatetaraino onar dezakean posibilitate hau; dudarik gabe, hizkuntzaren unibertsalak eta transformazionalismoa maite dituztenek ate zabalagoak eskaintzen dituzte bide hau teoriaz frogatzeko. Dena den, itzulpenaren jarduna zaharra da munduan eta praktika hau bederen ezin-ukatuzkoa da; zuzenago ala okerrago baina itzuli egin izan da beti.

Teoriak alde batera utzirik eta praktikari gagozkiola aukera bat aurkitzen dugu itzultzerakoan: ala hertsiki lotu lehenengo idaztiari, ideien mamia eta itxura bigarrenera ahalik eta jatorren aldatuz, baina estiloaren eta expresioaren aberastasuna murriztuz, ala, lehengo hartan oinarriturik, beste obra bat sortu jazkera eta usain berrietakoa. Axularrek, esate baterako, san Krisostomo edo san Agustin itzultzerakoan maiteago zuen bigarren bide hau, askotan jatorrizko textoa baino zati bitxiagoak eta zorrotzagoak burutzen zituelarik; haatik, orijinalik, aldamenean jatorrizko textorik ez bageneza, ezin jakin genezake zer den Axularrena eta zer Trentoko Kontzilioarena. Croce-k dioenez itzulpenak emakumeak bezalakoak ditugu: “itsusiak eta zintzoak edo ederrak baina desleialak”.

Zailtasuna literatura ederra itzultzerakoan sortzen da batez ere, eta honetan, lirika hutsezko zatiak direnean ezin-itzulizkoak ere gerta daitezke, mintzaira poetikoan hizkuntza bakoitzaren nortasun eta berezitasunak oso-osoki eta bete-betean ageri baitira. Poesia itzultzeko poeta behar da izan nahi-ta-ez.

Eleberria, nobela, literatura ederra da noski, ez baita komunikazio huts eta hotz bat (norbaitzuk beronen ondotik gogotsu saiatu badira ere).

Literatura molde hau ez da berria Euskal-Herrian, eta absurdoaren eta literatura existentzialistaren mintzaira aspaldi goldatu zuen Larresorok bere lehen eleberrietan. Eskutartean duguna Camus denez gero gogora dezagun Xalbador Garmendiak ere duela zenbait urte Les justes antzerkia euskaratu zigula (on lizateke itzulpen hura argitaratuko balute gainontzekook ere itzultzea zer den ikas dezagun).

Oraingo honetan Irakur-Sail-ek Camus-en beste obra ezagun bat bidali digu: Arrotza, L’étranger, J. M. Agirrek euskaratua. Eta itzulpenak, zenbait hutsune gora-behera, balio duela uste dut.

Agirre itzulpen honetan erraztasuna bilatzen saiatu da batez ere; irakurleari nekegarri ez dakion liburu bat eskaini nahi izan du. Honetarako esaldi motzez baliatu da gehienik; Camus-ek berak oso motzak erabiltzen dituelarik (eta hau bentaja ederra da euskeratzailearentzat), Agirrek sarri are motzagoak egin ditu. Horrezaz gainera edozeinek aditzeko moduko lexikoa hautatu du, hizkuntza traba gertatu gabe irakurleak liburuaren mamia aisago atzeman dezan. Beraz, erraztasuna izan daiteke liburu honen birtuterik handiena… baina baita, agian, akatsik handiena ere.

Ongi da, oso ongi, euskal irakurleen egoera gogoan harturik, irakurgaiak birrindurik eta xehaturik eman nahi izatea irakurtzen zaletu eta ohitu daitezen (gaitezen, hobe), baina itzulpenez ari garenez gero bide labankorra ere gerta dakiguke honelakoa. Literatura ederra euskaratzen dugunean helburua ez baita bakarrik idazti errazak ematea; idazle onak ezagutaraztea ere ba da.

Eta itzulpen honetan ba daiteke zati batzuk arintasunez emanak egotea indarraren eta jatortasunaren kaltetan. Erretxin eta tirri-mirrikerietan erortzeko arriskua aldez aurretik ikusirik, azter dezagun, adibidez, lehen kapituluan bertan ageri den bizpahiru exenplu. Esate baterako, Camus-ek “elle a incliné sans un sourire son visage osseux et long” dioen lekuan euskaraz “bere burua makurtu du” irakurtzen dugu soil-soilik; edota “le jour glissait sur la verriére” dioenean “eguna ba zetorren poliki poliki” esaten zaigu; eta “nous avons traversé une cour oú il y avait beaucoup de vieillards, bavardant par petits groupes” dioelarik “ama zenaren lagun artetik pasatu gara depositurakoan” dugu bakarrik. Eta honelakoez josia dago. Hau ordea ez da larriena; okerragoa da esan-nahia bera erabat itxuragabeturik kontrakoa esaten denean. Euskaraz “ez omen zen batere harrituko Marengoko asiluan atezain izan behar zuela, garai batetan esan baliote” dakarren lekuan frantsesezkoan bestaldera dioela ikusiko dugu: “On l’aurait bien étonné en lui disant qu’il finirait concierge à l’asile de Marengo”. Eta obra guztian zehar pertsonaje bat eten gabe ageri baldin bada Meursault protagonista da; garbi da berau gizonezkoa dela, halaz ere 18gn horrian “Meursault anderea” irakurtzen dugu. Eta gehiegi ez luzatzeagatik ez dut besterrk aipatuko. Beste askotan, noski, egoki ematen zaigu itzulpena, eta irakurleak poliki jabe daitezke Camus-en pentsaeraz eta liburuaren hariaz. Liburua, dudarik ez egin, urrats positibo bat da gure asmoetan.

Itzultze-lan hauetan gutxi lagun dezakete hiztegiak eta gramatikak: itzultzen itzuliz ikasten da; jarduna bera da irakaslerik onena. Eta antzinako Toledon zen bezalako itzultzaile-eskola bat, edo profesionalik lana sailean egiteko Euskal Herrian ez dugun bitartean, Agirre-ren ezpaleko langile porrokatuak beharko ditugu. Berorren exenpluari jarraituz eginkizun hau gero eta errazagoa izango da. Mounin-ek dioenez ez da berdin errusieratik frantsesera 1860n edo 1960n itzultzea; soziologiazko harremanak eta literaturazkoak gehitu-ala kulturen arteko harresiak, eta hizkuntza bakoitzeko sekreto eta oztopoak piskanaka menderatuz baikoaz.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak