kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Jainkoaren billa / Orixe / Etor, 1971

Jainkoaren bila J.I.G.O. (Gaztelu) / Zeruko Argia, 1971-02-28

“Orixe” zanaren liburu berri bat dala ta, bere izena ahaztuxe bazegoen ere, mihietan dugu berriro. Eta ongi merezita gero.

Esan gabe doa, N. Ormaetxeak zein leku betetzen duen euskal-letretan. L. Mitxelena jaunak iñork ez bezain ongi esana daukan bezala, “Orixe” izan da, ausaz, idazlerik aundiena euskal-literatura guzian, eta bere idazlana, asmoz eta neurriz, erabat harturik eta iñorena gutxietsi gabe, euskal-idazle batek, noiz naikoa den, sortu duen larriena da. Bera izan zan, “Lizardi” zanaren bere adiskide miñarekin, garai bateko euskal lora-aldi labur baiña bikain eta bizkor baten sortzaile, eragile eta gidari autatua. Bere hitz lauzko eta neurtuzko idazlanek sail ugari, trinko, eder eta jatorra osatzen dute, hizkuntzarekiko eredu eta irakasle hartua izan bai zan.

Egia da, geroztik bertako eta kanpoko gorabeherak eraginik sortutako aldakuntza izugarriak eta bestelako giro batek ausiki egin dio “Orixe”-ren orduko irakatsiari eta ospeari. Gure ondorengoek, ordea, Mitxelenak berak dion bezala, orain pixka bat ahazturik badaukate ere, ba diteke “Orixe” berriz arkitzea egunen batean, harrimenez eta espantuz. Eta honela darraio: gurasorik gabe mirariz jaioa balitz edo, hor baitago gure aurrean, ez oraingo, ez egungo eguneko, iñoizko aldi urrun bateko seme dirudiela. Eta aurreraxego, Euskaldunak poemari dagokiola: Euskal-herriaren aldi igaro illun hartatik itzuri zelarik, bestelakoa agertu da gure artean, aspaldikoa eta noiznahikoa, eta noiznahikotasun horri eskerrak eskeiñi digu iñoiz euskaldun batek euskeraz eman duen betiko Euskal-herriaren irudirik beteena… Berak landu eta eraberritu dizkigu euskal prosa eta neurtitzak, hizkuntza ere zaharberrituaz. Antziñako joera klasikoei jarraituaz, behar bada; baiña alfer egonak genituen joera horiek bera etorri arte. Berak erakutsi digu —egitez, hitzez baiño gehiago— gai dela gure hizkuntza edonongo edozer itzultzeko eta bereganatzeko. Berak, gauza dela euskera bihotzaren sentierarik izkutuenak adierazteko. Bera orobat, aundiena dena, mistiko bakana agertu da, erlijioa funtsez zuzenbidezko lege-bilduma bat bezala hartu izan duten herri bateko jendeen artean.

Eta esandakoaren egiztapena bezala eta bere lehengo Jainkorako poesiaz landa, hona orain hemen, Etor editorial berriari eskerrak, non datorkigun —noizpait!— aldi luzean argitan ikusteko eta irakurriz dastatu ahal izateko irrikitzen geunden bere hilburuko delako liburu hau: Jainkoaren billa.

Izan ere, Jainkoa izan zuen “Orixe”-k gainerako joera eta xede guzien gainetik kantagai eta ederresgarri. Bere obra guziaren lehengo eta azkeneko lana Jainkoarekikoa izan zuen. Orain ogei ta amasei urte dela, bere Barne-muinetan deritzan liburu kaizuz tipi baiña gaiez eta mamiz sakon eta jorian honela zion: “laister beste bertsu errirako batzuk eman bear eta, ok len-zitu antzo eman nai izan ditut. Aurrenik Iaungoikoa, egun oinbestek uka eta iraintzen duten Iainkoa, nik, albait, aitor ta eder nai nukena”. Eta orain, bere lurreko bizialdiaren ondarrean bukatutako argitara-berria den liburu hontan ere, Jainkoa du jardungai, bizi zelarik berrogei urtetan buruan eta bihotzean maiz irauli eta barrenki ausnartu izan zuena. Bere Jainkorako poesia, tarteko Euskaldunak poema aundia eta oraingo mistikako liburu hau, hiru mugarri bikain eta garai direla esan diteke bere euskal-lanen ibilbidean.

Nolako arrera egingo ote dio liburu honi gure jendeak? Gaurko egunetan gizarteko eta erlijioko auziak arras nahasiak ikusten dira eta, bigarrenak batez ere, astindu ederra hartu dute. “Orixe”-ren hitz berekin esateko, “gure egunotako paganoak ez dira jainkolario, ez santulario. Nazka erakusten diote erlijio-kutsua dun edozeri. Ez omen dute batere siñisterik ez eta bearrik ere”. Hortaz gainera, ebatsi digutela esan behar mistikak eskatzen duen ixilgiroa eta munduan, orain, zarata eta iskanbila dira nagusi. Halaere gizona, ba dakila, ez dakila, Jainkoaren bila dabilela esango digu “Orixe”-k, eta “elizarakoi ez diran jendeak ere liburu au irakurriko al dute, ta zerbait probetxurik aterako al dute”.

Dana dala, ba dira liburuk zer esaten duten baiño nola esaten dutenarengatik irakurri ohi diranak ere. Eta hizkuntza aldetik, esan behar da “Orixe”-ri ez zaiola liburu hontan bestetan egotzi izan zaion halako lehor-antzarik arkitzen. Hemen, erraz, egoki, samur, hitz-jariotsu ematen eta hedatzen dizkigu bere “zakukoak”.

Eskerrak, bada, Etor editorialari lehen-ale bezala eskeintzen digun liburuaz eta muga onaz. Eskuratu zazu, irakurle, “Orixe”ren hilburuko emaitz eder hau, eta ez zera damutuko.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak