kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Lisboako setioaren historia / Jose Saramago (Jon Alonso) / Ibaizabal, 1999

Bihotz bi: Gerrako kronikak Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-29

Raimundo Silva, berrogeita hamar urteko mutilzahar lotsati goibela, zuzentzaile dabil argitaletxe batean, putez eta ezkutuko ile-tindatzez atonduriko menpekoen bizimodua daramala, argitaletxearen eta idazleen menpeko, baina Maria neskamearen nagusi. (Etengabe nabaritzen ditu Saramagok aginte harreman funtsean ekonomikoak.) Halako batean, Lisboako setioaren historia zuzentzea egokitu zaio, eta beti jakintzat hartu izan dena, Britannica-k dakarrena, gurutzatuek portugaldarrei, mairuak hainbat mendez bizitako Lisboa setiatzen eta bereganatzen lagundu zietela alegia, aldatu egiten du, gurata. Gurutzatuek EZ zieten on Afonsoren osteei lagundu, dio orain Raimundoren Historiak. Berebiziko ekintza burutu du: Portugalen historia aldatzeaz gainera, nagusiei, argitaletxeari, historialariari, eta batez ere bere izaera-bizimoduei esan die ez, ez eta ez, Satanek, Eva-Adanek, Espartakok zein Marxek bezala, hurrenez hurren eta besteak beste. Ezetza absurdua da, arriskutsua, ulertezina; ondorioak ezezagunak zaizkio. Beldur da Raimundo, artega.

Argitaletxeko gizonezko buruzagiengandik iharduki bortitza pairatzen du, zemaia eta aitakeria urduria. Baina “ez” bitxi horrek Raimundoren nagusi Maria Silva doktorearen arreta pizten du. Maitemindu egiten dira. Mariak gurutzatuek portugaldarrei lagundu ez zieten Lisboako setioaren historia idazteko eskatzen dio. Raimundok ez du aurrerantzean ilea tindatuko, ahantzi egingo ditu putak, sortzaile da bilakatuko.

Saramagoren Lisboako setioaren historia-k, hortaz, barruan dauka Raimundo Silvaren Lisboako setioaren historia. Raimundo eta Mariaren maitasuna, Raimundoren liburuko Mogueime soldadu portugaldarraren eta Ouroana, zaldun baten ohaidearen artekoak islatuko du. Raimundoren liburuan mairuak babesten dituzten Lisboako harresiak suntsitu ahala, desagertu egingo dira Raimundo eta Mariaren arteko harresiak, gerraren hondamenditik maitasuna irtengo da garaile. 1989an argitaratu zuen Saramagok liburu hau. Laurogeita hamarreko hamarraldian nabarmen ilundu da gizakien gaineko bere ikuspuntua, Saramagoren bihotzean itxaropenarenak egin du honezkero.

Setioa-n, harira, narratzaile orojakileak, esaldi oparo, kakotx eta menpekoz josi, hainbat orrialde betetzera iristen den, bakoitzaren baitan, bidaia ikusgarriak egin ditzake setioa ezarri 1147tik egungo Lisboaraino, Raimundoren gogotik on Afonso Errege setiatzailearenera, orduko neskatxa mairua eta oraingo neskatxa ijitoa bildu, gurutzatuak eta turistak, gaurko Lisboan orduko aztarnak bilatu, historian zehar aldagaitz dirauena hobeki nabarmentzearren: agintea, maitasuna, zakurra, mairuek eta kristauek elkar iraintzeko bere izena oihukatzen duten bitartean mutu dirauen zakurra. Lisboako deskripzioak zen margo-lanak bezain delikatu eta hunkigarriak dira.

Pasarterik barregarrienak Elizako historialarien parodiak dira. Saramago, egiazalea baita, beti dabil liskarturik Vatikanoarekin, erlijioei ez die barkatzen gerrarik ankerrenak eragitea. Saminki azpimarratzen du gerrok soldaduen eta zuloen arteko harremanetan erabakitzen direla: hobiak zabaldu, hildakoak hartzeko; emakumeak ireki, biziak hartzeko.

Alabaina, Saramagok, ostera ere eskuzabal, Elizaren aurkako bere gurutzada gogorra gorabehera, kristauen sinbologiatik onargarri zaiona darabil, gizonaren arimaren garapenean emakumearen betekizunaren gainekoa adibidez, bestelako mitoak balia zitzakeen arren. Raimundo gizon eroria, edo besterenganatua, ezetzaren bidez, Mariaren bidez, helduko da bere burua onartzera, Jainkoa bezalako sortzaile bilakatzera, nahierara kopia, ebaki, itsatsi edo ezaba dezakeen idazlea antzo ordenadorearen aurrean. Raimundoren neskameak ere Maria du izena, esan bezala, baina ama Maria da, Magdalakoa agertu arte Raimundo bizirik atxiki duena, era lauan ordea, igoera eta sakonerarik gabe. Magdalako Maria Silvak bakarrik lor dezake haragizko maitasunaren bitartez Raimundo ilea tindatzetik berrerostea. Lisboako setioaren sasoian, Elizaren buruzagiak arras zebiltzan kezkaturik, herri xeheak Jainko epailea baztertu eta Mariarekin baino ez zuelako nahi. Hierarkiak Mariaren aldekoa debekatu egin nuen.

Lisboako setioaren historia mamitsu, sentibera eta biribil honetan, Saramagoren maitatzeko ahalmen itzela igartzen da, erruki ezin sakonagoa, kristauena baino zabalagoa, menpekoak, galtzaileak, zakurrak amodioz hartzera daramana, dogmarik gabe, ironiaz mukuru. Orobat, diruari ematen dion garrantzia. Ondorioz, osatu beharra dago apika Jon Alonsok bere itzulpen gogoangarriari paratu hitzaurrean dioena: itzultzea maitasunezko jarduera dela alegia. Gurutzatuek ez zuten onartu portugaldarrei laguntzea Jainkoaren amoreagatik soilik. Maitasunari ederki laguntzen dio ekonomiak.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak