kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Euskal Herria krisian / Joxe Azurmendi / Elkarlanean, 1999

Krisia, aukera Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-08

Euskaldun gisa hitz egiten du Joxe Azurmendik liburu honetan, judu herratu gisa hots, eszeptizismoz, daukagun mundua ez baita geu lakoentzat eraiki. Baina baita elkarbizitza abiatzeko gogo sendoz ere, atentatuek eragin barne inarrosaldiaren ispilu izan dadin kanpoan ere, gizartean, indarkeria baztertu ahal izatea. Halatan, gatazkaren gainditze posiblea etengabe geroratzen duten jarrerak salatzen ditu, arazo zehatzak abstrakzio biribilez konpondu nahia adibidez: bizitza sakratua da, biolentziak ez dakar onik, demokraziaz landa desarrazoia dago. Agintarien bozgorailuetan entzuten ditugu halakoak; baina Espainia nahiz Frantzia ez lirateke ezer indarkeriarik gabe, Giza Eskubideak linboan leudeke, hemen ezikusia egiten zaio Amnesty International-ek urtero salatzen duen torturari, Espainiak zein Frantziak Estatu Batuak militarki laguntzen dituzte, presidente amerikarrak bere ospea handitzearren mairu zikinen hilketari ekiten diolarik. Azkenik, demokrazia ez da ogi zerutik etorria, arazoak konpontzeko tresna baizik; demokrazia sagaratzeak, paralisia dakar. Hemengo demokrazian, gainera, ezin da libro mintzatu, ETAren jardunak askatasuna hurbildu digula jendaurrean esatea terrorismoaren apologia baita. Eta hori zinez sinesten dutenei, arima aldatu behar ote zaie?

Bada horixe berorixe da belburua, antza. Izan ere, Estatuek indarkeria, zinismoa eta hedabideen erabilera sentimentala dute beren politika uniformatzailearen oinarri. Zenbait idazle merke ere, erabili egiten dituzte, disidentzia ahulduko dutelakoan. Idazleon azken leloa hauxe duzu: gu, moralak gara; ETAkoak, eta kondenatzen ez dituztenak, inmoralak. Aspaldion, etakideen antzeko helburu politikoak dituztenengana ere zabaldu dute iraina, betitik indarkeriaren etsai amorratuak izanagatik ere sarritan.

Berriki, hauxe zen sailkapena: gu, razionalak gara; zuek, irrazionalak. Lehentxeago: gu, egiazko fededunak; zuek, turkoak edo protestanteak edo sorginak, deabruaren puzkerra.

Horrela. ordea, gizatasuna bera ukatzen zaio arerioari, indarkeria gainditzen hasteko aukera guztiak zapuzten dira. Izan ere, etakideei, gainerako gizakiei bezala, morala onartu behar zaie, jende gehienarena ez bezalakoa bada ere. ETA kondenatzea erabakitzen duenak ere, bere moralaren izenean egiten du, eta Azurmendiri erabat ulergarria iruditzen zaio, aukera pertsonal bat da. Moral ugari baitago, erlatiboak guztiak. Baina aspaldi handian, zenbait kondenatzailek ez du aski berak kondenatzea: besteek ere kondena dezaten setatu egiten da, besteen kontzientzian sartu eta bortxatu egin nahi du, jende orok barne muinetan aitor dezan soilik bereak direla benetako balioak, berea moral absolutua.

Esate baterako, helburu horrekin izan da Finkielkraut-en Pentsamenduaren porrota erabilia, hain frantsesa gaietan zein mintzairan, berehala goraipatua eta kopiatua Espainian. Liburua manikeoa da: Ongia, Renan, Frantzia, Ilustrazioa, Arrazoia, Unibertsaltasuna versus Gaizkia, Herder, Alemania, Erromantizismoa, Bihotza, Nazionalismoa. Planteamendua bera disparate nabarmena bada ere, gupidarik gabe erabili dute azken orduko geure ilustratuek iskilu gisa, indioak konbertitzeko beren gurutzadan. Izan ere, behinola mistiko oinazetu, gero etakide sutsu, hurrena marxista porrokatu, ondoren postmoderno sumindu, izanikoak, oraindik orain ilustratu haserretu zaizkigu bilakatu. Ordea, Ilustrazioak tolerantziari nolabait lagundu bazion, geure argiturriek Ilustrazioa erromantikoki errebindikatzen dute, boterearen hedabideetan ahulari errieta egiteko dute baliatzen. Gaixo Voltaire!

Giza aberearen historia arras biolentoa da: baina gizatiarra da halaber lantzean behin biolentzia gainditzen asmatzea. Haatik, aingerukeria eta sadismoa pozik daude indarkeriaren gaiztoaz kalakari, zauria benetan sendatzen ahalegindu barik, alegia, elkarrizketari, negoziazioari eta erreforma politikoei ekin gabe. Premiazkoa, geurean, biolentzia inork zilegi eta arrazoizkotzat har ez dezan da. Baina aurretik: zelan hasi berbetan, guztiok onar genezakeen mintzaira batean? Joxe Azurmendik balioen erlatibismoa aldarrikatzea beste biderik ez du ikusten. Horixe izan liteke krisia, berez txarra ez dena, baizik bizi seinale eta abagune, geure alde, guztion alde, elkarrekin zentzuz mintzatzearen alde, orain ez dugun komunitatea eraikitzearen alde, erabili ahal izateko abiapuntuetako bat.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak