kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Euri kontuak / Jose Luis Otamendi / Susa, 1999

Minaren mapa Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-03-04

Non mina, han mihia, atsotitzak dioen legez, egiten du liburu honek. Otamendik, demagogiarik gabe, gehiegikeria barregarririk nahiz lilura gaixorik gabe, orain eta hemen dugun mina eta zikina eman digu, hizlau doi, dotore eta ederraz. Paregabea du Otamendik hizkuntzaren sena, magia erdiesten du bere paragrafo bakoitzak.

Otamendiren begiradak, sentibera bada ere, ez du deus gordetzen, egiazalea da, ausarta, ez du atzera egiten, denik eta arazorik mingarrienaren aurrean ere. Gizakiaren eta gizartearen ankerkeria eta oinazea-xehero-xehero erakusten du: politikak apurturiko adiskidetasuna, senide harremanen goibela, Gerestaren hagina, bikoteen hondamendia, arrazakeria, amesgaiztoa, politika militantziaren mixeriak, maitearen heriotza, laguna hil beharra, eskuzabaltasuna bekaizkeriak uxatua, gizonezkoei gomorrak eragin ezinegona,… Apaingarria eta lilura erauzi, eta, notario soraio antzo, akta jaso egiten du Otamendik. “Soraio”” da hainbat ipuinetan ageri den giltza hitza, soraio dituzu hemen gogoak, soraio bihotzak, soraio zakilak.

Norberarena kontatzeko bizialdi osoan irakurritakoa era sortzailean baliatzen daki narratzaile trebeak, kontuotan mende osoko ipuingintzaren oihartzunek aberastu egiten dute irakurketa. Hara Borges: “Haizeak gauza gozoak esan nahi zizkidala bururatu zitzaidan. Derrota bat ez dela derrota guztiak, maitasun bat ez dela maitasun guztiak. Gure zain izoztuen barruan odolak gatzatu gabe dirauela, bizirik, bero, ero”. Edo Joyce: Azpeitia Dublin da, erdi lo beti. Bertako giro hitsak paralizatu egiten ditu azpeitiarrak, sumindura ttikien ondoren berehala itzultzen da betiko asperdura. Otamendi maitasunezko ironiaz mintzo da azpeitiarren buru argitasun itzelaz. Gibela, azkenik, irlandarren tankerakoa dute azpeitiarrek antza, horregatik edan dezakete are poloniarra edo errusiarra zingilipurka utziko lituzkeen eran.

Otamendiren pendulua oinazetik asperdurara doa, eta atzera berriro oinazera. Izan ere, saminak, bere eskuzabaltasunean, aldian aldiko su-etenak baino ez ditu onartzen. Lantzean behin Azpeitia lotia zalaparta politikoek inarrosten dute. Otamendik nabaritzen du minak guztiok berdintzen gaituela sakonean, hondoan, infernuan.

Bestalde, ipuinon doinu sakon tristea, antzinako kantuena da, edo, zehazkiago, antzinako eresiena. Izan ere, ipuinotan galdutakoa kantatzen da, hil kexuetan bezala. Ipuinotan, galdurikoa iraganean gelditzen da. Halatan, narratzailea hildako bat da kontu bitan, aitazurtza beste batean, senar abandonatua, militante nekatua, arratoi batzuk, bakarrik gelditutako laguna. Edota, birtuosismo ikusgarriz, narratzaileak, autopistan galduriko gizasemearen kontzientziatik, berton betirako galdurik utziko duen auto-gidariarenera jauzi egingo du ezustean ipuinaren azken paragrafoan.

Nolanahi ere, ipuinik garratzena Manexak dateke, Zuberoa etorkizunean galduaren kontaera ikaragarria. Manexak oinazezko utopia bat da, ankertopia bat, maitasun beroenaz luzaroen nahi izan eta borrokatutakoa, nola bilakatzen den hondamendi erakusten duena, gerra batez Euskal Herriaren independentzia lortu osteko zuberotarren ihesa kontatzen baitu. Otamendik ez du txiripaz kokatu ipuin hau azkenurren. Hemen arimak hondoa jo du.

Eta, ezustean, Hagina dugu, azken ipuina, doinuz eta aldartez aurreko desesperoa berrerosten duena. Gerestaren hagina da giza harremanak mesprezutik, jelosiatik, mendekutik ateratzen dituen talismana. Gerestaren haginaz itxuraldatzen da Aritzen arima, eta, ondorioz, Azpeitia bera maitasunez koloreztaturik ageri da, eta aurreko ipuin guztietako fatalismo etsia, askatasunaz aspaldion irakurri dugun aldarrikapenik ederrena bilakatzen da.

Ipuinok, mintzaira delikatuan bilduak, gertaera oso zehatzak dakarzkigute. Zeure bizitzan gauza handirik ez bada gertatzen, eta lanbidearen erruz behartuta bazaude entzuleen arreta zeureganatzera, ez da irtenbide txarra euri kontuok zeuri gertaturikoak balira bezala kontatzea. Hamasei-hamazazpi urteko ikasleei bota izan dizkiet neronek, eta funtzionatu egiten dute zinez. Esker ona zor diet Boris, Ardoa baino ez, Nire aitaren etxea, Itzalak bezalako ipuinei.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak