« Maitasunagatik | Sakanerritik »
Negu batez Mallorcan / George Sand (Miren Arratibel eta Aintzane Atela) / Ibaizabal, 1999
Lilura artistikotik harat Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-02-26
Balio historiko eta literario handiko obra dela esatea ez da nahikoa. George Sandek 1842. urtean atalka idatzitako liburu honek irakurketa asko egiteko aukera ematen du, eta hortxe dago liburuaren aberastasun nagusia eta baita erakargarritasuna ere, irakurle mota bakoitzari egokitzeko duen ahalmenean, hain zuzen ere.
Miren Arratibel eta Aintzane Atelak bikainki itzulitako hizkuntza aberats eta lirikoari esker, George Sand-ek 1838an Mallorcan igaro nuen neguaren deskribapena egiten digu. Liburuak ez du kontakizun lineal bat jarraituko, pertsonaia batean gorpuztua eta pertsonaia honi gertatzen zaizkion bidaia abenturetan oinarritua. Liburuak, esan bezala, ez du istorio bat kontatzen, gertakizun historiko askoren bilbapenari esker eta George Sand-en deskribapen, interpretapen edo iritziei esker, gertakizun historikoek egituratzen duten mallorcarren izateko modua baizik, zeina biziki kritikatuko duen.
Iritzi emari aseezina
Irakurlea, narratzaile interpretatzaile baten aurrean aurkitzen da: iritzia ematen duen eta esaten duenaz azterketa sakon bat egingo duen narratzailearen aurrean. Deskribapen hotz eta urrun batean ez gelditzeko, ordea, narratzailea irakurlearekin harremanatuko da: nondik nora doan azalduko dio, noiz gelditzen eta hasten den, zer azaltzera doan… gomendioak emango dizkio eta esaten duena interpretatzeko giltzak ere bai.
Irakurlea, oro har, frantsesa da: ‘gu’ eta ‘mallorcarren’ arteko distantzia argiro markatzen baitu George Sand-ek, baita ‘ni’ eta ‘gu’ren artekoa ere iritzia ematerakoan. Argi dakus beraz irakurleak, zein den idazlearen iritzia, zein frantses gizartearena eta zein ezberdina mallorcarrena. Horrela, bi mundu kontrajartzen ditu Sand-ek: Espainiarena eta Frantziarena.
Liburuaren kanpo egitura oso eskematikoa da: hiru ataletan banatua dago eta atal bakoitzak hainbat kapitulu du. Lehenengo atalean, idazleak uhartearen deskribapen orokorra egiten digu, bai bere begiek ikusi eta antzeman dutenaren arabera, bai idazleak egiten duen azterketa politiko, ekonomiko eta sozial zorrotzari begira: bigarren atalean, idazleak Mallorcako hiriburuaren deskribapena eskainiko digu; eta hirugarrenean, deskribapenaren urruntasun hotzari ihes egin nahian, ikuspegi gizakorragoa eskainiko du, zenbait pertsonaiaren perfilak aurkeztuz, eta bere familiaz ere zertxobait kontatuz.
Liburuaren bikaintasuna eta benetako aberastasuna, aitzitik, sakonean jorratzen dituen gaietan eta gai horiei ematen dien tratamenduan legoke. Liburuaren hasieran, bere lagun François Rollinat-i idazten dionez, bere helburua, uhartea deskribatzea da, garaiko bidaia liburuen asmoari jarraiki, komentario geografiko bat egitea. Geroxeago ordea, bigarren atalean, mallorcarrei buruz pentsatzen duena esateko idazten duela aitortzen du. Eta azkenik, hirugarren atalean, gizakidetasunean oinarrituko duen mezu esanguratsu batez bukatzen du.
Aipatu helburuei erantzun nahi dien arrazoiaren oinarrian, beraz, hiru aspektu nagusi daude: hiru direla atalak, hiru gai nagusiak, eta hiru barne egiturari dagozkion mami eragileak.
George Sand, artearen espresioak liluratuta abiatzen da Mallorca deskribatzera, berak hainbeste aipatuko duen pintura eta poesiaren espresioarekiko lilurak, hain zuzen ere. Bestalde. Mallorcaren edertasunari gainjartzen zaion eta idazleari hain jasangaitza egiten zaion izaera, historia eta bizitzeko modu baten berri ematen digu. Eta azkenik. George Sand-ek, beste gauza askoren artean, ezjakina, zekena, sineskorra, diruzalea, berekoia eta maltzurra bezala deskribatuko duen espainola aurkeztuko digu. Mallorcarren artean ornartua ez izana sentitzeak, hango egoera eta historia politiko, ekonomiko eta soziala aztertzera bideratuko du: eta ez hori bakarrik, hainbeste liluratu uste zuen mundu klasikoaren mirespenari kontrajartzen zaion mundu erromantikoaren ezberdintasunak eta berezitasunak aztertuko baititu. Horra hor bere hiru buruhausteak eta liburuaren hiru gaiak.
Naturak eta espresio artistikoak eragindako deskribapen objektibo bat egin nahi izatetik, kritika izugarria egitera bideratzen du George Sand-ek bere burua, hau da, hainbeste faltan botako duen gizakidetasuna aldarrikatzera… bidaiatzearen funtsa gizakidetasunaren terminoetan laburtzera, azken finean. Ez hala ere, kritikatzen duen herriaren ezagutzan oinarritu gabe: “herri bat deskribatzeko, ez baita herriz herriz eta txokoz txoko, den-dena bisitatu behar: nahikoa da bere historia eta jendea ezagutzea, herri horrek eskain diezagukeena eta herri horri eska diezaiokeguna zer den jakiteko”.
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Irati Majuelo
Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust
Aritz Galarraga
Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo
Aiora Sampedro
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Jon Jimenez
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Mikel Asurmendi
Poesia guztia
Safo
Mikel Asurmendi
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo