« Amodioak, gorrotoak eta beste kontu batzuk | Historia, mitoak eta ikastetxeak »
Goriot zaharra / Honore de Balzac (Pedro Mari Diez de Ulzurrun) / Ibaizabal, 1996
Dirua, alabak, eleberriak Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-23
Hauxe duzu aurkezpena, korapiloa eta bukaera betiko legez eskaintzen dizkiguten eleberrien artean ederrenetarikoa. 1819ko-Paris, filusen eta petzeroen biltzar hura, diruzalekeriazko lupetza hura, sotiltasun gomutagarriz margotzen digu, eta zenbait historia alegia eskaintzen dizkigu aldi berean. Mamia, ordea, pertsonaien pasioak dira, betikoak eta nonahikoak, eta artearen zein bizitzaren funtsa: amodioa eta heriotza.
Rastignac gazte handinahiaren begiez erakusten dizkigu Balzacek gertaerak. Rastignac zuzenbidea ikastera etorria da hegoaldetik Parisa; bere sendi apalak diru sakrifizio handia egin du semearen alde, kinka larrian gelditu da. Rastignacek bere xarmaz emakume aberatsak konkistatu eta goi mailako gizartean sartzea du xede, baina bidean pasioak sarritan ahantzarazi egingo dio xede hori…
Zernahi gisaz, eleberriko pasiorik harrigarriena Goriotena da, bere alabenganakoa: “aitatasunaren Kristo” deritzo Balzacek. Goriot, biziki maite zuen emazteaz aspaldi alargundua, Iraultza garaian fideogintzan pilaturiko dirutza, bihotza eta bizitza ematen dizkie alaba lakrikunei. Ordea, alabek ez diote inongo larderiarik ezagutzen, hastio dute aita. Are gehiago, eri eta txiro utzi dutelarik ere, geroz eta hotzago, bortizkiago eskatzen diote dirua eta desagertzea, aita deuseztatzeraino. Halaz ere, aitak ukorik guztizkoena egina dio bere buruari, ez dute alabek baizik bizi, beren txakurtxoa izan nahiko luke, altzoan laztan dezaten, fetitxista dute bihurtua: Goriot zaharrak, alaba Delphineek Rastignacen maripolisaren gainean zenbait malko isuri duela ikasi duelarik, etsirik baina fermuki maripolisa du galdatzen, berean alaba usaindu, xurgatu, bereganatzearren.
Izan ere, pasio den heinean, Goriotena ere uherra da, eta anbiguoa. Irrika orok du alde iluna, jelosia da amodioaren egia. Alabenganako aitaren maitasunaren ifrentzua suhia da. Puta-seme galantak, oro har, suhiak. Ez baitira gai aitak alabengan kausitzen dituen xarma eztiez era garbian gozatzeko, ez dute inongo eskuzabaltasunik emazteen akatsak barkatzeko. Halatan, Goriot zaharrak, suhiak paretik kentzearren, alabak amoranteen besoetara bultzatzen ditu.
Bestalde, irrika orok du hein batean ergeltzen: gogoaren zabala eta argia, jakin-mina, estutu eta moteldu egiten du, maiteak bereganatzen baitu arreta osoa. Halaxe Goriot: alabez gainerakoak, berari bost. Alaben aseak berdintzen du bere gosea, pelikanoarena bezalaxe.
Horrexek gauzatzen du hasieran aipatu historia alegietako bat: Balzacentzat aita pasioaren mendean erortzen delarik, aitatasunari berez darion larderia galdu egiten du, eta sendia desegiten da. Erregearen eta gizartearen arteko harremanetan, berdin. Iraultzak aberastu zuen Goriot lotsagarri zaie alabei, aitaren aberastasunak goititu baditu ere sorkuraz ez zegokien gizarte goialde aristokratikora. Balzacen ustez, gizartearen aitak ere agindu egin behar du, sendo, jendailaren apetak eta umekeriak aintzat hartzeke. Horrexegatik zen legitimista, Iraultza aurreko monarkiaren oinordekoen aldekoa, Luis-Filipe errege burgesaren aurkakoa, erabat kontserbadorea. Haatik, hain zen zolia gizarte arazoak eta diruaren garrantzia eta joan-jinak islatzeko orduan, ez baita harritzekoa Marxek Kapitala amaiturikoan Balzacen gaineko liburu bat idazteko asmoa azal zezan. Luze arituko zatekeen, ziur aski, gure eleberrian hainbeste nabarmentzen den Vautrin gaizkile, jeinu, azti, eta, gainera, zokoratuen buruzagi gogoangarriaz. GAL aferaren gaineko Interneteko orri batek Balzacen aipu bat du izenburu: “Gizakiak badoaz, gizarteak ere ahitu egiten dira; egitate bakarra da betiko: polizia”. Nikola Agirre aittitte gurea ertzain: imajina ezazue zelako xoka. Bada, Giza Komedia-ren beste eleberri batean, antzeko ezustekoz, Vautrin polizia duzu bilakatua.
Goriot zaharraren amaiera itzela da, patetikoa bezain egiantzekoa: Gorioten azken solasek Shakespeareren unerik hunkigarrienak oroitarazten dituzte, Lear erregearenak oroz lehen: doinu zoro, oinazetu, arrotz, estrainio berdina. Halako gailurrak lortzeagatik, irudimena bizkortzeagatik, bidente bilakatzeagatik, azken batean bere eleberrien amoreagatik, Balzacek, Goriotek alabengatik bezala, bere burua sakrifikatu zuen: kafe katilukada anitzez eta anitzez zigortzen zuen gibela, bere burua egunean hogei orduz idaztera behartuz. Gehiegikeriok ahiturik hil zen, buru-bularrak itsuski hanpatuak, berrogeita hamaika urte zituela. Hara zer den irudimena lar behartzea: Goriot Bianchon medikuntza ikasleak zaintzen du bere agonian. Bianchon Balzacen irudimenak sorturiko pertsonaia da. Bada, halaz ere, Balzacek berak, hilzorian, sendagile baten beharrean, Bianchoni eskatzen zion laguntza. Eleberri honi darion indar bereziak, Balzacen ametsen kemen suharrak, heriotza ekarri zioten ondorioz; ordainez, hark asmatu pertsonaiak lagun errealak baino errealagoak zaizkigu.
Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Asier Urkiza
Pleibak
Miren Amuriza
Nagore Fernandez
Euskaldun fededun
Pruden Gartzia
Jon Jimenez
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Ibon Egaña
Amok
Stefan Zweig
Paloma Rodriguez-Miñambres
Hetero
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Anjel Lertxundi
Detaile xume bat
Adania Xibli
Amaia Alvarez Uria
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Paloma Rodriguez-Miñambres
Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi
Mikel Asurmendi
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Jon Jimenez
Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski
Asier Urkiza
Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë
Aritz Galarraga