kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Geronimo / Imanol Murua Uria / Elkarlanean, 1999

Historia, mitoak eta ikastetxeak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-30

Elkarlanean argitaletxeak orain dela bi urte proiektu berri bati ekin zion: Biografiak. Sail horretan, asmoa pertsonaia garrantzitsuen biografiak argitaratzea da. Oraingoz, bilduma bederatzi zenbakiz dago osatua: Jose Antonio Agirre, Mahatma Gandi, Katalina Erauso, Charles Chaplin, Ernesto “Che” Guevara, Dolores Ibarruri “Pasionaria”, Isadora Duncan, Frida Kahlo, gaur leiho honetara ekartzen dugun Geronimo eta berriki plazaratu den Zumalakarregi.

Orain arte, lan guztiak liburu interesgarriak izan dira. Eta nahiz eta nik oraindik pertsonaien aukeraketaren arrazoiak eta zergatiak ez ditudan ez aurkitu ez susmatu ez ulertu, biografiak egiten parte hartu duten idazleen lan guztiak maila handikoak iruditu zaizkit.

Bestalde, sailaren helburua pertsonaia horien ezagutza hedatzea den neurrian, bai liburuen estiloa, bai edukia, bai ikuspuntua, oso egokiak dira. Lanotan ez baititugu soilik pertsonaien biografiak aurkitzen, euren garai eta gizartearen ezaugarriak ere agertzen baitituzte, horrela hobekiago ulertaraziz irakurleari protagonisten ekintzak eta norabidea ere.

Estiloa eta forma aldetik, idazkera atsegina, erraza baina aberatsa da. Liburuak hasi eta irakurketa ez uzteko gogoa sortzen dute. Agian, bukaerako kronologiaz gain, bibliografia atalaren edo, lan batzuetan, maparen bat falta sumatzen da, baina orokorrean egindako lana, batez ere idazleen aldetik, bikaina da.

Eta idazleez hitz egiten dugula, nabarmendu behar da argitaletxeak izan duen begi ona idazle gazte baina bikainak sail honetara erakarriz. Honelako aukerak egokiak baitira idazle berriak trebatzeko. Hala ere, ezer demostratu behar ez dutenen kasuak ere baditugu. Gaurko honetan hona ekartzen duguna, adibidez: Imanol Murua Uria eta Geronimo pertsonaiaren biografia.

Geronimo literaturak eta, batez ere, zinemak ospetsua egin zuen gerlari indio apatxea izan zen. Eta pertsonaia famatu guztiekin gertatzen den bezala, etorkizunean Historiarako Estatu Batuetako armadaren aurka egindako bere ekintzak gelditu badira ere, biografia honetan, horretaz guztiaz gain, Geronimo hurbilena erakutsi eta pertsonaia horren gorabehera guztiak azaltzen zaizkigu. Azken horietako asko ezagunak eta harrigarriak, baina beste batzuk ezezagunak eta tristeak.

Beste pertsonaia famatu eta mitikoekin gertatzen den bezala, orokorrean Historiak alde ederra eta aipagarria goraipatzen du lehen irakurraldian baina sakontzen jarraitzen badugu, bigarren eta hirugarren irakurketak aurki ditzakegu, eta normalean ez dira hain gozoak. Niri, behintzat, pertsonaia famatuen inguruko biografia sail hau hori erakusten ari zait.

Eta Imanol Murua Uriaz, zer esan? Euskal Herrian dugun kazetari bikainenetakoa izateaz gain, idazle zoragarria dela. Horrela erakutsi zigun bere aurreko bi lanetan —Suetena Belfasten eta Palestina zauritua, biak Susa argitaletxeak kaleraturikoak—, eta honetan ere garbi utzi du, Historia eta gizartearen ikertzaile eta aztertzaile finaz gain, idazle aparta dela, irakurlea bere hitzekin harrapatuz, sehaskatuz, eramanez.

Jon Alonsok Robert Louis Stevensonen Ballantraeko premua-z zioen bezala nik ere galdera bera egiten diot neure buruari: Geronimo bezalako liburu bikainak gure Euskal Herriko ikastetxeetan erabiltzen dira? Sail honetan argitaratutako liburu gehienak egokiak dira eginkizun horietarako, eta ildo honetatik bidea jorratuz eta eginez jarraitu behar dela uste dut, gure ikastetxeek euskaraz idatzitako honelako materialaren beharra baitute.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak