kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Hontzaren eguna / Leonardo Sciacia (Koldo Biguri) / Ibaizabal, 1991

Falta izan dugun idazlea Jon Alonso / Euskaldunon Egunkaria, 1999-07-10

Euskaldunok badugu, gure hizkuntzaren aldetik begiraturik, altxor preziatua den zerbait, Axularren garaietatik salatzen den zabarkeria medio behar bezainbeste baloratu ez duguna. Literatur Ondare Unibertsaleko Obra Nagusien Bilduma du izena, eta luze gabe bururatuko den asmoa da: munduko literatura modernoaren ehun titulu euskaratzea. Egileen, obren eta are itzultzaileen aukera eztabaidagarria izanik ere —hau bezalako projektu batean beti gertatzen denez—, ez da zalantzarik azken urteotan abiatu den asmorik garrantzizkoenetakoa dela, asko oraindik enteratu ez bada ere.

EIZIE erakundeak itzulpenei buruzko aipamenak egitea proposatu zidanean, hartu nuen lehen erabakia honako hauxe izan zen: hasieran bederen, masokismoak oro alde batera utzita, irakurketa gozo eta plazerezkoak emango zizkidaten liburuei buruz hitz egitea, edozein arrazoi dela medio neke handiagoak ematen ahal dituzten testuak baztertuz. Alde horretatik, Sciascia apustu segurua zen. Liburua 1991koa da, Literatura Unibertsala bildumako zortzigarrena. Itzultzailea, Koldo Biguri, italieratik euskarara zailduen, trebatuen dagoena.

Mila arrazoi eduki ditzake batek zerbait irakurtzeko, eta denak dira zilegi. Batek irakur dezake gustu filologikoak hartaratua, edo arratsalde aspergarri bat pasatzea beste helbururik ez duela; batek irakur dezake zio profesionalak direla tarteko, edo mende honetako literaturaren historia hobeki ulertzeko… Aukeran, niri gehien gozarazten didaten liburuak bizi naizen mundua ulertzen laguntzen didatenak dira, batez ere, horretaz gainera libertitzen nautenean eta forma narratiboaren zein estiloaren aldetik gutxieneko estetiko batzuk betetzen dituztenean. Horregatik aukeratu nuen Sciasciaren liburua, horregatik zen Sciascia apustu segurua. Hontzaren Eguna-k ere hiru baldintza horiek aise bete baititu.

Sciascia siziliarra

Leonardo Sciascia Siziliako Racalmuto herrian jaio zen 1921an, eta aurtengo azaroan beteko dira hamar urte hil zenetik. Maisu aritu zen Sizilian, Italiako Alderdi Komunistako zerrendetan aurkeztu zen, gero komunistekin apurtu eta 1979ko hauteskundeetan Alderdi Erradikalaren zerrendetan aurkeztu eta Europako Parlamenturako hautatua izan zen. Beraz, Italiako egoerako protagonista izan zen, neurri batean, eta batez ere, begirale eta kritiko zorrotza. Mafia izan zen bere kezka nagusietako bat. Baina ez gutxiago Estatuko ustelkeria, Estatuaren —eta orokorrean politikaren— eta Mafiaren arteko harremanak, Brigate Rossek jokatzen zuten papera, botere ekonomikoa, eliza…

Hontzaren Eguna 1961 urtean argitaratu zuen, eta Mafia da gai nagusia. Hontzaren Eguna legearen itzalean ari erakunde horren jokamoldeak deskribatzen ditu, erlojugile batek erloju baten funtzionamendua deskribatuko lukeen gisan. 1961ean, nonbait, Sciasciak oraindik sinisten zuen Estatuarekin eta justiziarekin. Hartu, ordea, Todo Modo -1974an idatzi zuen nobela, nire ustez egilearen lanik onenetakoa- eta Sciasciak margolari bat aukeratzen du protagonista. Sciasciaren ustez, nonbait, Todo Modo horretako Estatu ordezkariek ezin ditzaketelako jada agertzen diren estoldetako arratoiak kanpotik begiratu…

Horregatik nioen tituluan Sciascia bat falta izan dugula Euskal Herrian, inork ez duelako informazio-maila nahikorik, edo talenturik, edo gogorik, edo ausardiarik, bizi izan ditugun ustelkeria jasanezinezko azken urte hauei literaturaren bidez aurpegia emateko. Ez gazteleraz, ez eta euskaraz ere. Bitartean, gurean gertaturiko beste hainbat gehiegikeriak, ordea, bozgorailu sobera eduki ditu. Euskal Herria aipatzen dudala, Sciasciaren gaineko beste datu esanguratsu bat: egin zuen salaketa giroa gordinenean zegoelarik egin zuela.

Azken ohar bat itzulpenari buruz, inola ere itzultzailearen hobena ez dena; hartu liburua —1991koa, lehen ere esan dut—, hasi “ohizko”, “…- arazi” eta bestelakoak ikusten (alegia, ordutik hona aldatu direnak), eta inori iruditzen zaio Miranderen garaiko testu bat irakurtzen ari dela, ia ia. Noiz arte? Falta izan dugun idazlea

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak