kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hontzaren orduak / Txiliku / Elkarlanean, 1999

Aurreiritziak, gau-mahaiak eta Delibes Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-26

Txiliku Jesus Mari Olaizolaren goitizena da. Gure artean oraingoz bere izena haur eta gazteentzat idatzi dituen liburuengatik ezaguna bada ere, orain dela hilabete batzuk argitaratu zuen liburu honetatik aurrera, ziur helduei zuzendutako literaturan ospetsu eta garrantzitsuago bihurtu dela. Iaz Jasone Osoro izan bazen gure panoramaren sorpresarik garrantzitsuena, aurten oraingoz, Txiliku eta aurreko astean gure iruzkinaren protagonista izandako Joxe Belmonte nabarmendu dira.
Eta onartu behar badut, hasieran liburuak ez zidan ilusio edo arreta handiegirik piztu. Beste edozein irakurlek bezala bi ohitura itsusi eta ohiko ditut: liburuaren kontrazala irakurri eta atal honetan idatzitakoaren inguruan nire aurreiritziak sortu eta gero beraiei jaramon egitea.
Eta Txilikuk idatzitako Hontzaren orduak ipuin bildumak dakarren liburuaren kontrazala hitz hauekin hasten da: “Gure literaturan gutxitan agertu den mundu bat dakarkigu Txilikuren bilduma honek: debekatutako ehiza, armen distira, odolaren lilura… sentimen primarioz eta atabismoz beteriko gizarte itxiak, gizonezkoen unibertso txikiak dira bertan ageri direnak: elkarte gastronomikoa, soldaduen kuartela…”.
Miguel Delibesen eraginez
Baina egun batez, hots, lehengo astean —kasualitateak noizbehinka gertatzen direla erakutsiz—, beste lan baterako idatzi bat prestatzen ari nintzela paper eta apun- te zahar batzuk errepasatuz, Miguel Delibes idazleak ehizaren inguruan eta, zuzenki, bere defentsan idatzitako testu bat aurkitu nuen. Bertan, Delibesek —ehiztari porrokatua— bere prosa zuzena, zehatza eta dotorea erabiliz ehiza defendatzen du, baina era berean natura eta ingurugiroa ere defendatuz.
Eta argudio hori ehiztari batzuek askotan erabili badute ere (eta badaude argudio horri aurre egiteko beste argudio batzuk ere, beti gertatzen den bezala), askotan entzundako ideia batzuk defendatzen Delibesen maisutasunak liluratu egin ninduen, eta berriro ere sinestarazi zidan argudio eta idazkera on batekin edozein ideia defenda daitekeela.
Arretatik grinarako bidean
Eta ondorioz, nire gaumahaiko liburu dorrearen azpitik Txilikuren ipuin bilduma atera eta irakurtzen hasi nintzen, aurrena arretaz eta gero grinaz, aurrena gustura eta bukaeran triste, liburua amaitu baitzen, baina pozik, literatura onak uzten duen zaporea ahoan eta, oraindik garrantzitsuagoa, adimenean.
Txiliku gizakia eta, batez ere, gizona islatzen saiatu da, baina ez orokorrean, eremu konkretu bat hartzen baizik. Baina askotan gertatzen den bezala eremu itxi hori (soldaduska, ehiza, e.a.) hemen ere eredu bihurtu da, gizonaren eta gizakiaren ispilu.
Ipuinetan Txilikuren estilo zuzen eta zorrotzak gizon hauen grina adierazten du, baina era berean naturala eta ironikoa ere bada. Istorioekin berdin gertatzen da. Gogorrak dira, baina azkenean alde batetik naturalak bihurtzen dira, eta bestetik ere ukitu ironiko batekin amaitzen dute.
Lana orokorrean bikaina da, azken ipuina besteak baino nabarmen ahulagoa bada ere. Baina beste hirurak eta, batez ere, Bentara noa, bentatik nator maisulana da. Jesus Mari Olaizolaren lan gehiagoren esperoan gelditzen gara, eskainitakoak gehiagoren gosea uzten baitu, eta berak gauzak hobekiago eskaintzeko ere gai dela erakutsi baitigu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak