« Ahotsaren bila | Tentazio bitxiak »
Harrien lauhazka / Iñigo Aranbarri / Susa, 1998
Poesiarik gabe bada maitasunik? Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-27
Bederatzi urte igaro dira Iñigo Aranbarrik bere lehenengo lana —Jonas Poisson poesia liburua— argitaratu zuenetik. Eta bere hurrengo lana ere poesia liburua izan zen arren —Dordokak eta elurrak— ondorengo hiru liburuak beste jeneroetan idatzi zituen: Emon biar yako eleberri bikaina, Gerraurreko literatur kritika saiakera interesgarria eta Zapata-ren oihana kronika-bidai liburu sutsua.
Urte hauek pasa ondoren eta Joseba Jaka bekari esker, hemen dugu Aranbarriren azken lana eta, zorionez, berriro ere poesian. Baina bederatzi urte hauek ez dira alferrik igaro eta Aranbarriren hitza antzemateko zailtasun handirik gabe jarraitzen badugu ere, azken lan honek oso ongi adierazten du bederatzi urte hauetan aldaketa asko egon direla.
Iñigo Aranbarriren hitzak eta, aldi honetan, poesiak beti bezain sutsua izaten jarraitzen du. Bere sentimenduak eta hauen adierazpena grinaz beterik daude, pasioz. Oraingoan ere muturren artean murgilduz: mina eta zoriona, garrasia eta isiltasuna, baikortasuna eta ezkortasuna.
Gaia aberria da. Baina oraingoan aberri hitza baino nahiago izan du lurra kontzeptua eta ideia landu, askotan nahasten diren terminoak badira ere desberdintasun nabarmenak baitaude bien artean. Gainera, lurraren sinbolotzat harria hartuz, Aranbarrik esanahiak eta irakurketak zabaldu egin ditu. Aberria hitzaren inguruan beste ikuspuntu bat eman du, gertuagokoa, baina ez soilik bihotzetik hurbilagokoa, oinarrizko sentimenduetatik baizik, etika, morala eta sena nahastuz.
Honela, poemak bidaia bat bihurtzen dira. Poema bakoitza norberaren barrualdera murgiltzen den hitza edota, hobe esanda, maitasuna da. Maitasuna baita Aranbarriren berba mugiarazten duena. Baina nahiz eta bidaia barrutik egin, kanpo aldera ere abiatzen da, aberriaren, lurraren, herriaren ikuspegi zabalagoa edota, behinik behin, desberdina izan arren.
Dinamismoa eta musikaltasuna
Honaino helduta, irakurleak Aranbarriren poesia berrian aldaketak sumatzen ez baditu nire errua da. Irakurri besterik ez baitago: “…Gure bakardadezko Boavista gorriaren gainean/ Harri soil bat/ Oroimen kolpe garratza/ Ontzi harro bat egin diezaiodan gure egonminari/ Zoazen tokira zoazela/ Zoazen tokira zoazela/ Etzazu ahantzi egundo nire harria/ Hilobiak harrizko hodei baten beharrean dira/ Hodeia eta harrizko ontziaren harrotasuna/ Uhin beltzei bitarka gozo ematen/ Inoiz ahantziko ez dudan argazki ederra/ Inoiz azalduko ez dizudan hizkuntza/ Ekarridazu harri bat/ Inon ez diren herrietara zoazenean/ Zoazen tokira zoazela/ Ekarridazu harri bat”.
Oraingo honetan Iñigo Aranbarriren poemak luzeagoak izateaz gain, irekiagoak, zabalagoak dira. Aurreko hermetismoaren ondotik, esanahi zuzenagoak eta gardenagoak heldu zaizkigu. Sentimenduak eta esanahiak beti bezain sutsuak, boteretsuak eta aberatsak izaten jarraitzen dute baina hitzek, berbek, egiten duten bidea laburragoa da orain.
Bide berri honetan garrantzi itzela poemek izan duten bidailagunei eman behar zaie. Hauek dinamismoa eta musikaltasuna izan dira, Aranbarriren poemek horrela lortu baitute gertutasun handiagoa. Erritmo bizikoak, askotan himnoaren jantziak hartuta, besteetan errepikapenarekin jolastuz, Aranbarriren poemak errezitatzeko aproposak bihurtzen dira. Errezitatzeko, abesteko edota musikarekin laguntzeko.
Poesiarik gabe bada maitasunik? Aranbarriren berbetan ez dut uste. Sentimenduak horrela soilik adieraz daitezkeela sinestarazten baitigu. Baina poema hauei galdera beste modu batera egiten badiegu ere, erantzuna ere ezezkoa izango da: maitasunik gabe bada poesiarik?
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Irati Majuelo
Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust
Aritz Galarraga
Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo
Aiora Sampedro
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Jon Jimenez
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Mikel Asurmendi
Poesia guztia
Safo
Mikel Asurmendi
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo