kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Urregilearen orduak / Pako Aristi / Erein, 1998

Fantasiarekin aberastuz Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-13

“Badirudi benetako gauzak esateko, garrantzizko zaizkigun horiei buruz hitz egiteko, tabernak ez duela patxadarik eskaintzen, baina hortxe soilik, eta ez beste inon, ausartzen gara horretara”.

Pako Aristik bere azken eleberri honetan bere taberna berrira gonbidatzen gaitu. Lehen ere honen antzeko beste tabernak, edaritegiak eta jatetxeak ireki ditu. Hauen artean, Kcapo, Irene eta Krisalida eleberriak nabarmendu behar dira, Auto-stopeko ipuinak eta Castletown eta Oherako hitzak poema liburuekin batera. Oraingo honetan, bere lehengo ildotik jarraitzen badu ere, Aristik egiten digun proposamena ezin hobea da.

Ireki berri duen taberna honetan giro ezin hobea aurkituko duzue. Ezaugarriak, Aristik lehenago zuzendutako beste lokalen antzekoak ditu: poetikotasunerako joera, nahiz eta eleberria izan istorio txikien —txikiak tamainuz— aldeko xarma, eta hiriaren eta herriaren arteko harremanei buruzko hausnarketak.

Baina irakurleak taberna berri honetan gauza berriak ere aurkituko ditu. Nahiz eta barraren atzean betiko Pako Aristi egon, gai eta joera hauetan guztietan murgiltzeko orduan heldutasun handiagoa nabaritzen zaio. Baina ez umorea edota haize berriak ezabatzen dituen heldutasuna, munduaren ikuspegi desberdin bat azaltzen duena baizik.

Elkarri lotutako istorioak

Pako Aristiren taberna berri honetan irakurleak askotariko gauzak aurkituko ditu, istorio ezberdinak, baina guztiak elkarri lotuak eta elkarrekin harremana dutenak. Taberna honetatik pasatzen diren pertsonaiek era guztietako istorioak kontatzeko joera dute: bitxiak, harrigarriak, umoretsuak, goibelak… baina betiere sentimenduz beteak, entzulearengan zirrara sortzen dutenak. Hala ere, esan beharra dago, elkarrizketa batzuk ez dira hain gustukoak, pisutsuak egiten dira, eta badaude garatu gabeak diruditen pertsonaiak.

Baina Aristik bere taberna berria honelakoa izatea nahi du. Eta bera beti bigarren maila batean dagoela badirudi ere, taberna honetan bizi, arnasa hartu eta igarotzen diren pertsonaia guztiek badute Aristiren zerbait.

Irakurlea, tabernara sartu bezain laster, giroa zer nolako atmosfera bitxiarekin kutsatuta dagoen konturatuko da. Bertan ez dago, su-etenik, guztia gizakiaren inguruko galderez josia dago. Tabernaren ingurua behin eta berriro gure buruari egiten dizkiogun galderez beteta dago. Baina hau guztia hobeki ulertzeko, lehenik eta behin bi gomendio: gauez abiatu taberna honetara, eta heltzen zaretenan, esan tabernariari, Pako Aristiri, Ruper Ordorikaren azken diskoa jar dezala.

Lehenengo gomendioaren arrazoia Aristik ematen digu tabernan zintzilik duen karteltxo batetik: “Nik ez dakit zer daukan gauak, baina ilunpean esandako hitza beste modu batera sentitzen da”. Bigarren gomendioa, hau bai, nirea da. Nik honela ezagutu bainuen Pako Aristiren taberna, sartu eta berehala bozgorailutik Ruperren azken laneko abestiak entzunez: “Orein zauritua legez bizi nahi ez. Lerro zuzena non den asmatzeke. Ezin asma. Lerro zuzenik ez omen. Ezin artez joan, den guztia oker den munduan. Ez naiz heroi jaio. Ez naiz biktima jaio”.

Nik ere, oraindik, lerro zuzena non dagoen ez dut asmatu, baina ez dut etsitzeko asmorik eta bilaketan, bidaia honetan, honelako tabernek pertsonaiek, istorioek eta eleberriek, niri behintzat, asko laguntzen didate.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak