« Gorde nazazu lurpean | Lehen aldiz maitemindu gineneko hura »
2000ko poesiari buruzko kaiera / (Liburu zehatzik ez)
2000ko poesiari buruzko kaiera Jon Kortazar / Egan, 2001-03
1. LIBURU ON BI
Urteak erdia eman duenean, hasi dira argitaletxeak poema liburuak argitaratzen, udaren usainez, agian, errazagoa delako poesia irakurtzea. Iaz, aspaldiko ohiturari muzin eginik, poema libururik argitaratu ez zuten Pamielak eta Susak —honek poema liburu bat argitaratu zuen, baina Interneteko bide berria erabiliz— liburu eder bi jarri dizkigute kalean.
Tere Irastortzaren Izen gabe, direnak da Iruñeako argitaletxeak eman duena eta Miren Agur Meaberen Azalaren kodea Susak esku artean utzi diguna.
Liburu desberdin bi, zalantzarik ez, baina aspaldian argitaratu diren onenak. Ea aurtengoak iazko uzta urriak ez bezala (8 liburu besterik ez) gainezka egiten duen! Ala izan dadila!
Izana eta izena
Tere lrastortzak bide luzea egina du euskal poesiaren alorrean. Astiro-astiro joan da bide luzea egiten. Garapen horren laburpen sakon eta intentsua da liburu hau. Irastortzak beti izan du poesia minimo baten aldeko zaletasuna. Hemen zerbait luzeago eman badu ere, isiltasunaren mugetan sentitzen duen larriduraren aitorpen miresgarria da liburuak eskaintzen diguna. Izenaren eta izanaren arteko mugetan kokatzen da poeta isiltasunaren eta hitzaren arteko kinka larria garbitu nahi duenean.
Isila, hitza, poesia, mututasuna: gaztelerako poesian isiltasunaren poesia deitzen den mugetan kokatu du bere burua poetak, eta benetan poema sakon eta sarkorra sortu du. Sormenaren inguruko hausnarketa da berea.
Liburuak hiru alde nabarmen ditu: Sormin, Sormen, eta Sorzin, hirukoitasun paregabea bere hitzaren jarioari bidea emateko, ibaia sortzeko.
Sorkuntza da minaren, menaren eta zinaren artean bidearen uztarria eta bidezidor horretan poetak bere poetika aztertu du, inoiz ironiarik falta ez zaiola: “Luma hartzen dut Bic haren orden”, nagusitu gara, eta zorrotz jokatzen dugu gure buruarekin. Poema hunkigarriak dira autopoetika horren bidean. Liburu honen argitalpenaren ostean ezin izango da ahaztu 66. orrialdeko poema borobila. Irastortzak ez du idazten “poetak Jainko izan nahi baitu” esaten dutenen eran, ezta ere “poetak profeta izan nahi” duenean erabiltzen duen tonuan, inola ere ez “poetak anphoran gorde nahi” duen hitzetan. Bere poesiak “hutsunea/ zabaltzen du/ —sortzeko espazioa behar da”. Eta sormenaren espazio horren bila abiatu da beldur gabe. “Hutseginaren betegintzarrean aritzea/ bezala” dabilela adierazten du eta aitortzen poetak.
Inoiz baino estuago erantzun dio bere buruari jarritako erronka horri, eta poema liburua bortizkeriarik gabe aurrera doa, hitzak espazioa eskatzen eta lortzen duen artean.
Morsea isildu zen
Miren Agur Meaberen eta Tere Irastortzaren poema liburuen artean dagoen zubi bakarra izan daiteke hutsunearen gainetik komunikatu izan nahi hori. Kasualitatea al da poemategiko bertso batek honela esatea: “[maitasunak] ez du izenik, eta ez du izaerarik”?
Poema liburu batean mugak oso garrantzizkoak direla esaten dute teorikoek. Eta muga ederra eman dio Meabek bere liburuari. Azken poemak liburuaren nondik norakoa adierazten du: “Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut:/ hitzarena ez bezalako kodea,/ hizkera ez-hitzezkoa […] adierazi gura ez denaren adierazpena”.
Hizkerak agian, traditzen gaitu. Baina ez cago traiziorik poemategi honetan. Dena da hizkuntza, cena da komunikazio gordina, zuzena, plazer estetikoz betea.
Meabek ere liburu egituratua —beste alde batetik, Susako liburuek horrelako ohitura dute, egitura aldetik liburu biribilak egitearena— eskaini du. Lau kapituluz osatua: “Oharrak”, “Orbainak”, “Tatuajeak”, “Kontrazeinuak”, liburuak gorputzak esaten duena adierazten du, adierazi nahi ez dena adieraziz.
Meaberen hizkera poetikoak forma ugariak ezagutzen ditu gorputzaren adierazi gura horretan: erotismoa presente dago, hizkera zientifikoak bere tokia du, orjinaltasunaren bila, agian, eta feminismo garbiak adierazi duenez, biologiak bere hizkera du liburuan. Nabari zaio idazleari barrokismorako eta jokorako zaletasuna, hizkeraren adierazpen hutsean jolasteko gogo arduragabea. Agian, norbaiti hutsalak irudituko zaizkio. Eta horretan bai direla desberdinak gaur hizpide ditugun idazle biak.
Egunerokotasunaren oihartzunak betetzen du poemategiko zenbait alor. Liburuan badago ikaragarri maite dudan poema bat: poetaren nitasuna plantxa egiten ari da sukaldean. Telebista piztua dago eta irudietan Afrikako sarraski lazgarria agertzen da, ume bat ari da ama hilaren titia zurgatzen, eta hori ikusiaz esnea dario poetari. Ez dut inoiz ikusi hain ongi adierazia gure gaurko esperientzian telebistak duen indarraren aurreko erantzuna. Telebistak urrundu egiten gaitu, informatu bai, eta askotan, tragediaren aurrean zer egin ez dakigula jartzen gaitu. Hona hhemen emakume baten erantzuna. Tragediaren aurrean konpromisoa.
Isiltasunaren eta hitzaren artean, ezerezaren eta adierazpenaren arteko espazioz hausnarketa eder bi gaurkoan, liburu eder bi.
2. Urrutiramendu tritea
Hautsia natza Juan Luis Zabalaren lehen poema liburua dugu. Nobelagile eta ipuinlari gisa ibilbide luzea egin ondoren, Zabalak ere pausuak eman ditu poesiaren alorrean. Beste narratzaile batzuek, eta gogora dator Pako Aristi, egin dutenaren antzera, berak ere kontakizunetik poesiara egin du bidea. Kontakizunaren indarra galdu gabe, inondik ere.
Narrazioaren indarra non-nahi agertzen da testuan, inoiz pisu handiegiaz. Historia bat kontatzera datorren ahotsa entzuten da egituran, liburuko elementurik garrantzitsuenean, agian. Poemategiak, poemaren eta musikaren artean salto eginez, kontzertu bateko abestiak balira agertzen ditu poemak: kanta errezitaldi batera gonbidatu du irakurlea eta honek jarraitu egin behar du musika taldeak eskaintzen diona. Narrazioaren lehen aztarnek eman diote hasiera liburuari: “Orain joko dugun kantua Hautsia natza deitzen da. Aspaldi egin genuen kantu hau, taldearen hasierako garaian”.
Narrazio laburraren ondoren poemategiak bost ate eskaintzen ditu poetaren “amildegi ilun izarreztatuari” begiratzeko, bost leiho, bost ikuspegi.
Izenburua, garbi da, Lizardiren bertso baten moldapenetik badator ere: “Kemenak huts eta nekez bainoa,/ zalantza dut nahastu naizelakoa”, poetaren iruditeria guztiz hiritarra da: konpresorak eta huts-ponpak, gozodendak eta samur-etxeak, museoak eta parnasoak, garraioak eta istripuak eta, bukatzeko, hiltegiak, hilerriak eta infernuak. Bost leihoon bidez Zabalak egunerokotasuna eta hausnarketa nahastuz zentzu osoa eman dio bere lanari: haustura, galera, etsipenaren inguruan taiutzen ditu bere zentzu hariak egileak eta indar handiz moldatzen du espresio poetikoa.
Eguneroko egoera eta betiko galeraren artean agertzen da poetaren zentzua, eta poemaren batzuk indarge sentitu baditut ere, oro har liburuaren koherentziak, paradoxak, itxaropenik gabe agertzen den adierazmoldeak eramaten dute irakurlea ia arnasa hartzeko betarik gabe idazleak markaturiko zuzen edo okerbidera. “Helduak gara jatorrizko ezerez hutsal hartara”. Ezerezaren eta hutsalaren artean mugitzen den ahotsak hilerria izango du azken pausaleku. Hilerriarekin batera elurra da liburuko azken sinboloa: dena galdu dena adierazten duen metafora, isiltasunarena, dena berdintzen duenarena, heriotzak bezala. Liburu itxia, sendoa, gogorra zenbaitetan… iluna, amildegira egindako begirada.
Casti Suarezen bigarren liburuak, Bitaminak deiturikoak, desberdin jokatzen du. Zabalak “Dena oker dago/ Galtzen ari gara” badio, Suarezek “Poesiak iraultza ekarriko baitu/ seguru” aldarrikatu du. Joera malenkoniatsua ez da falta liburuan, baina joera ez da, urrunik ere, iluna.
Bitaminak izena ere joera baikorretik dator: poesia bizitzarako bitamina da, poesiak baditu bere joera ezkutuak bizitza begien aurrean jartzeko.
Batasunik ez duen poemategiak tendentzia desberdinak agertu ditu. Izenburutzat aukeraturiko izenagatik, beharbada, zientziaren hiztegiak pisu handia du liburuan, zientziarekin ere poesia egitea posible dela esango baligu bezala. Exotismoaren adierazmoldeak biltzen ditu poema liburuko hainbat testu, bigarren batasun haria lotuz. Hirugarren bidea, poesiari buruzko hausnarketan datza, eta Casti Suarezi ikusten diodan joeraren adibiderik argiena litzateke bide hau. Oraindik, baina, badago beste gai bat, beste bide bat, beste hari bat liburuaren barnean, bere lehen liburuan hain nagusi zen amodio faltaren agerbidea da, hain zuzen ere azkena.
Agian, hari larregi, bide larregi batera ibiltzeko. Horregatik esperimentazio gisa ulertu dut Bitaminak hau, heltzen ari den ahotsaren tonu aurkitze-saio gisa. Bideak zabalik daude, poesiaren bitaminak zain.
3. Ahotsen zeinuak
Jarraipen poetikoaren bidetik agertu dira 2000. urte honen azken garaietan poema liburu bi. Bata, hotsik sortu gabe etorri da, Luigi Anselmiren Gure ametsen gerizan; besteak harrabots pixka bat sortu du agertu aurretik, eta Juanjo Olasagarreren Puskak biziz da. Biak idazle entzutetsuen lanak, bata eta bestea desberdinak.
Luigi Anselmik lan luzea egin du euskal poesigintzan. Eta oraingo hau bere laugarren poema liburua da euskaraz, noizbehinka euskara eta erdara tartekatzen duen poeta baita.
Jarraipen liburua deitu dugu, lehendik oso esku trebez erabilitako bideak agertzen baititu hemen ere. Hiru-lau lerro nagusitan mugitu da Luigi Anselmi eta lerroon jarraibidea da oraingo hau.
Hasteko, elegia joera da berea; elegia: sentipen xume eta txikiz egunerokotasunari buruz aritzea, amodioa eta grina, eta detaile txikia. Urte asko daramatza Anselmik lan horretan, eta tonua oso ondo erabiltzen daki, tonu kontua baita gehienbat bere poesiaren arazoa. Tonu txiki horretan hurbiltzen zaio irakurleari eta ahotsaren xumetasunak irakurleak senti dezakeenarekin bat egiten du. historia luzeko eta trebezia handiko kontua beraz. Bere norabidea, bere nortasuna zein den oso ondo dakien poetaren ahotsa dugu hemen.
Ahotsak xume eta baxu hitz egiten du, baina badaki zeintzuk diren gizarteak dituen arazoak. Izenburuak aipatzen duen “ametsen geriza” beste nonbait dagoen bidea baita: “Zer egin genezake/ gure ametsen gerizan/ burutu diren sarraski/ eta bidegabekeria orok/ ametsetan segitzea/ eragotz ez diezaiguten?” Bai, ongi dago galdera, baina errealitatea aurrean dago.
Tonua xumea da. Poetak bere berezitasuna adierazten du: “Olerkaria,/ jende gehiena oinutsik/ dabilen herriko/ oskigilea”. Eta horrela poetak bere ikuspegia agertzen du, ironiaz, hizjokoz, ikuspegi berria eman nahiz gauzei eta egoerei.
Baina elegia da berea, gauzei buruzko begirada urruna, eta adiskidez inguratua. Poemen gainean jarritako eskaintzak oso ongi adierazten dute poeta lagun talde baten partaide dela. Eta poema liburu horrek badu bere parekotasuna bere idazle taldean parte hartzen duen J.E. Urrutia Capeau narrazio laburren liburuarekin. Biak agertzen dira batera idazle talde baten —edo adiskide talde— partaide gisa.
Eta idazle honen —talde horren?— ezaugarri nagusia da Bizkaitik zuberera bultzatzea, eta zubereraren eragin handiz aritzea. Esanguratsua da liburu honetan poema bat zubererara itzulia agertzea, azken batean, hizkuntza diglosikoetan diren ezaugarriak aurre-aurrean baitira: urrun eta nostalgikoa den zerbaiten goraipatzea, hizkera berezi baten agerpena. Baina ez dakit hori zuzenegia den; bestera, bai badakit ez dela bidea, nahiz eta idazle talde baten ezaugarria izan.
Bestelakoa da Olasagarrek egin duen jarraipen bidea, ez baita hizkera eta euskalkiaren aldetik gertatu. Gaupasak (1991) eta Bizi puskak (1995 eta 1996) eman ondoren, Puskak bizi (2000) eman du argitara, aurrekoaren ahotsaren jarraipen gisa. Eta jarraipena da liburuan lehen-lehenik nabaritzen dena, planteamendua ez dela aldatu, alegia, nahiz eta pertsonaia berriak sartu diren testuan (Tartean, Paul Austerren horizontean, txakur bat, txakur poeta).
Ezagutzen ez duenarentzat azaldu beharko litzateke, Olasagarrek oso egitura nabarmena asmatu zuela bere bigarren libururako, eta hemen hura agertzen duela berriro. Hor ditugu pertsonaia desberdinak, poema liburua agertu baino lehenago banan-banan aurkeztuak, antzerki lanean bageunde bezala, pertsonaiak. Pertsonaia bakoitzaren azpian bere nortasun-taiukera: zein izen duen, zer historia duen. Pertsonaia bakoitza eratzeko joera honetan Olasagarreren poesiaren lehen indarra nabaritzen dugu: historia bat osatu du eta historia horretan kasualitateak (koadrilak Baionara egindako bidaia hori) eta gaur egungo zenbait arazok (homosexualitateak, HIESak, emigrazioak) garrantzia hartzen dute testuan.
Aurkezpen horretako pertsonaien ahotsak osatzen dute poemategia, bakoitzak bere egoera nagusi horretatik bere poemak egiten ditu, eta ahotsen jokoek lientzo oso bat agertzen dute. Muralista nagusiaren lana da Juanjo Olasagarrek egin duena, bizitza asko bildu, pertsonaia bakoitzari bere ahotsa hemen eta denen artean herri bateko etsipena eta sufrikarioa adierazi.
Poemak bere horretan onak dira, baina pixka bat hotzak; egitura nagusiak, planteamendu orokorrak poema bakoitzaren indarrari lagunduko ez balio bezala.
Guztiak sufrikarioaren agerpena egiten du, ahots bakoitzaren itzalak zentzu desberdina du, baina hor dago poema, ederra da bere horretan, baina osotasunak galtzen duela uste dut, noizean behin. Banan-banakakoak osoa agertzeko nahikoa ez balu bezala.
Ahots desberdin horiek Pessoaren oihartzuna gogoratzen dute, bakoitza bere tragedia puskarekin, heriotzatik hain hurbil, ez-ulertzetik hain hurbil…
Poeta berrien ildotik
Castillo Suarezen poesiak loraldi ederra ezagutu du azken urte biotan, lau poema liburu argitaratu ditu epe laburrean; egia da bi poeta berrientzako liburu kolektibo gisa agertu direla Iruñeako Udalaren eskutik eta zailak direla aurkitzen. Orain bere izenez atera ditu bi, bat edizio instituzionalean. Arabako Foru Aldundian, eta bestea edizio komertzialean, Susa argitaletxearen eskutik. Hark Ernestina de Champourcin lehiaketa irabazi zuen, eta Iragarki merkeak izenburupean eman da sarian irabazle gertaturikoa. Bigarrenak, Mugarri estaliak deitura duena, orain arteko lana biltzen du poema berriekin batera, eta nolabait poetaren plazaratzea adierazten du. Lau liburu urte bitan, gaur egunean dagoen poesiaren eskasian, lan erraldoia dirudi. Eta noizbehinka presazkoa.
Eta, agian, hasieran zuen freskotasuna desagertzen joan zaio azken pausuetan. Halaz ere, poetak merezi zuen agerpen publikoa, eta lortu du bere liburu honekin.
Casti Suarezen obran poema ederrak, esanguratsuak, brillanteak aurkitzeko modua dago, baina era berean bidea zabalik dagoela erakusten du, aurrera egingo duela. Agian, oso denbora laburrean lau liburu argitaratzeak ez dio onik egin, eta hausnarketa puntu batean dagoela ikus dezakegu bere azken liburuan. Aurreko hirurak, sariak irabazi ondoren argitaratuak batasun handiagoa zuten espresio aldetik. Mugarri estaliak liburua aurrera pausua da; aurreko hiru libururen poemak aukeratu ditu (ez askorik, egia esan) eta berriak plazaratu, obra berri baten eraikuntza sortu arte. Baina nik lehen haiek zuten batasun joera ez diot ikusten honi.
Suarezek bide berriak ireki dizkio aspaldiko kopla zaharrari. Ez du honen irudi mundua erabiliko, baina bai uste gabeko azken kolpea bilatzen duela bere poemetan. Hauxe izan da Iragarki merkeak liburuak erabili duen teknikarik nagusiena. Idazleak egoera bat azaltzen du, eta egoera bukatzeko ezusteko galanta ematen du iragarkiak testura ekarriz, batez ere, sentsibilitatearen eta arruntasunaren arteko kontrasteak adierazten zuen joera nagusi hori: “Ez dut sekula tangorik dantzatu/…/ Esanen nizuke:/ “Erakutsi dakidan guztia,/ ez dakidana ez baitut jakin nahi”./ Se necesita pescadera en hipermercado de Pamplona”. Ahotsen jokoak espresibitate handia eman dio testuari, nitasuna, elkarrizketa, iragarki merkea, hiru pianoen arteko jokoak indarra damaio testuari. Ugariak dira gainera, liburu honetan, idazketari buruzko hausnarketak.
Mugarri estaliak liburua hiru alditan banatu du poetak: “Bidaia antolatuak”, bidaiaren gaiaren inguruan, “Maitasuna zedarritzen dute”, maitasunaren gaiaren ingurukoak, eta “Sententzia baliogabea”, idazketa prozesuari buruzko aldea. Egia esateko horiek izan dira orain arte idazleak izan dituen gai nagusiak. Hausnarketa, absurduaren aurrean, bidaiaren izaera (ezinegona, eta jarraitu beharra) eta maitasuna eta desamodioa. Eta gaien bilduma lan aldetik ordenazio berriak liburu berria sortu du.
Kontuak oker ez baditut egin, bere guztia ageriko lehen liburuak, hasieran eta bukaeran bildu ditu aurreko liburuetan aurkitzen ziren poemak: “Bidaia antolatuak” aurretiaz ezagunak ziren poemez osaturik dago, eta “Sententzia baliogabea” azken partean agertu ditu berriz aurrekoetan ziren poemak. Bigarren aldea da, beraz, berriena. Eta alde hau esplorazio lana da, sentimenduetan eta hitzetan. Kontraste jokoa desagertu egin dela esango nuke, nitasuna nagusitu, eta bertso bakoitzarentzat uzten den baieztapenaren indarra areagotu.
Baina, agian, kontraste faltak eragin die oraingoan monotonia puntu bat poemei. Halaz ere, badira arrazoiak Casti Suarezek etorkizunean egingo duen lanaren zain izateko.
Ana Urkiza ere idazle oparo gisa agertu da aurton. Ipuin liburua agertu ondoren urtearen azkenetan poema liburua eman du argitara Hiria argitaletxean, zatiren bat Egan aldizkarian ere agertu delarik.
Gela ilunetatik liburuak izenburuan jarri ditu poesia honen zenbait ezaugarri: gelatik idazten du poetak, esan nahi da, subjektibitatetik, ikuspegi pertsonaletik, norberaren iritzitik, eta iluntasunak hausnarketa sasoia adierazten du. Intimitatearen hausnarketa da poema oso laburrez agertzen dena liburuan.
Poemategiak alde bi ditu, “Bere ildoan” eta “Bidaztia”, eta bakoitza bost sailetan banandua da, hamar gai desberdin aipatzeko asmotan. Denbora, gauaren sorgindura, gelaren intimotasuna, bakardadea eta karrika, heriotza, paisaia estilizatua, itxaropena eta ametsa, hitza, maitasuna, poesia eta ahaztura… Bidaia luzea norberaren barnealdean eta kanpo aldetiko ikuspegian.
Gaien zikloa zabala bada ere, poesiaren moldea antzekoa da beti: poema txiki, ñimiñoak, pentsakizun jokoak, inpresioak, zertzeladak, pintzeladak errealitateari buruz, ikusitakoari buruz, pentsatukoari buruz.
Poemaren arintasunean oinarrituko inpresioa da nagusi obra honetan: pentsakizun joko arin bat, hitz kontraste xumea. Itziar Rozas prologo-egileak ongi adierazi du zeintzuk diren poesia honen bihotza eta gunea: “Gela ilunetik lanaren poemak arnas sakonekoak diren arren, unean uneko inpresioak ere badakarzkigu. Urkizak inpresioak azaltzen dizkigu, laburrak, segundo bakar batean adierazi eta ondoren geuk irensten ditugunak”.
Pintzeladok horregatik hartzen dute gehienetan haiku itxura —poesia japoniarraren intentsitate nahia—, edo adagio formula, pentsakizunaren jokoa.
Arintasunaren eta laburtasunaren mugetan jokatzen duelarik, poemaren itxurak eta idazkerak lan handia egiten dute irakurlearengana heltzeko orduan, horregatik poemaren alde desberdinek garrantzia handia dute, kontrastea askotan bertsoen distribuzioetan agertzen baita.
Inpresioaren nagusitasunean hizkerarekin egin duen lana, hizkeraren aberastasuna estimatzen diot Urkizari, baina neurri berean, poesia ikusia iruditzen zait egiten duena. Agian, edizioak ere ez du laguntzen, poemak bata bestearen ondotik, hurrenkera hutsean emateak ez die laguntzen testuei. Testuen isiltasun jokoak, eta handia da alor honetan egindako lana, inpresioaren ostean irakurketa zabaltzeko ahalegina, paperaren espazio zabalagoa eskatzen du. Inpresioa beti da inpresio eta irakurle batzuek jada ikusia dutena aurkituko dute hemen; beste kasu batzuetan ordea, pentsakizunak aurkikuntza ederrak eskaintzen ditu.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres