kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Lehen amodioa / Askoren artean / Igela, 2000

Lehen aldiz maitemindu gineneko hura Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-03

Bizitza gertaerez beterik dago, baina guztiei ez diegu garrantzi bera ematen. Pasarte batzuk nostalgia puntu batez gogoratzen ditugun bitartean, beste batzuk oroimenaren txoko ilunen batean egotera kondenatzen ditugu. Adibidez, zeinek ez du gogoratzen lehenengoz maitemindu zen aldia, edo gaztetan zituen ametsak, heroiak etab.? Hain zuzen ere, lehen amodio horren inguruko gogoetak bildu ditu Igela argitaletxeak Lehen amodioa izeneko liburuan. Bertan XX. mendeko bost idazle handiren ipuinak jaso ditu: Dylan Thomas, Gerard de Nerval, Cesare Pavese, Guy de Maupassant eta Samuel Beckett. Eta liburuaren kontrazalean agertzen den moduan, guztiak benetako harribitxiak dira. Lehen lauren kontakizunek, maitasuna / inozentzia / garai zoriontsuak trinomioari loturik, irudi idilikoa aurkezten dute. Idilikotasun hori arras nabaria da kokalekuetan: bakoitzak bere sorterrian girotu du istorioa (Thomasek Galesen, Pavesek Italian, eta De Nervalek eta Maupassantek Frantzian), eta industrilizazioa ezagutzen ez duten paraje ederretan, gainera (hondartza, basoa, mendia). Bosgarrena, aldiz, eskema horretatik kanpo dago. Becketten ipuina antierromantizismoari eginiko aldarrikapena da. Bost ipuinek, baina, lehen amodioaren ikuspegi zabala eta osatua eskaintzen digute.

Liburua Dylan Thomasen Eztul txiki bikaina kontakizunarekin hasten da. Ipuinak gazte batzuen ametsak, ilusioak eta atsekabeak deskribatzen dizkigu. Lagun koadrila batek etxetik kanpo egun batzuk igaroko ditu. Zoriontsuak dira tarte horretan gurasoengandik urrun egongo direlako, eta horrek helduak direlaren seinale da. Biraoak esango dituzte, berandu arte suaren inguruan istorio lizunak elkarri kontatuko dizkiote, eta neska ederrak ezagutuko dituzte. Oraindik, baina, arrebaren motxila eramateaz lotsatzen dira, eta klaseko mutil nagusiei beldur diete.

Cesare Paveseren Lehen amodioa-n, berriz, bizitza den bezala ezagutzen hasi den Berto agertzen zaigu. Lehen auzoko lagunekin jolastea gogoko zuen, baina hirikoa den Nino ezagutu zuenetik, haren aurrean haurtzaroko lagunez lotsatzen da, pobreak direlako, zapatarik ez dutelako, eta umeentzako jolasetan dihardutelako egun osoa. Eta Ninorekin heldu sentitzen da. Bertok oraindik ez daki umeak nondik datozen. Horregatik, etxean txekorra jaiotzen denean Ninoren bila abiatuko da, munduko sekreturik handienaren jabe bailitzan.

Gerard de Nervalen biografiarekin lotura estua du Sylvie-k, bildumako hirugarren ipuinak. Maitasun idealizatuaz mintzo da Nerval, berak aktore batekin izan zuen bezalakoa. Hala izaten da lehenengoz maitemintzen garenean, berezkoak ez zaizkion dohainak ikusten ditugula bestearengan. Era berean, lortzen ez diren emakumeak ederrenak izaten direla azaltzen du ipuinak. Hasiera batean, istorioko protagonista Sylvie baserritarrarekin maiteminduta dabil. Dantzaldi batean gerora moja sartuko den Adrienne ezagutuko du, eta bere irudiarekin obsesionatu egingo da. Sylvie eskura duelako ez zaio hain interesgarria egiten, eta hura galtzen duenean ohartuko da agian zoriontasuna Sylvieren ondoan lortuko zuela. “Ilusioak banan-bana erortzen doaz, fruitu baten oskolak bezala, eta fruitua esperientzia da. Zapore mingotsa du; badu, ordea, bizkortzen duen zera mikatz bat ere”, dio De Nervalek. Berak idazten duen moduan, Adrienne eta Sylvie amodio bakar baten erdiak dira. Ideal sublimea bata, eta errealitatea bestea. Sylvie herritarra beltzarana da, eta Adrienne, aldiz, ilehoria eta azal zurikoa.

Guy de Maupassanten Txangoa-k, berriz, familia batek basoan antolatzen duen bazkaria deskribatzen du. Kontakizunean industrializazioaren lehen aztarnak ageri dira. Lantegi tximinia luzeak, petrolio usaina eta soro ustelak, natura garbiari kontrajartzen zaizkio, eta garai berriekin batera desagertuz doazen familia zein natur giroa malenkoniaz deskribatzen ditu idazleak.

Ipuin gogorra bezain ironikoa da Samuel Beckettek idatziriko Lehen amodioa. Aurrekoei meriturik kendu barik, guretzako bildumako onena da. Amodiozkoa baino desamodiozko istorio bat da, egoera orok bezala, maitasunak ere kontrako interpretazioa izan dezakeelako. Bertan, kanposantuak gogoko dituen pertsonaia bat agertzen da, zeina errealitatea irudimenetik bereizteko gai ez den. Aberria, maitasuna, bizitzak berak ez diote inolako sentimendurik pizten. “Amodioa esaten dioten hori erbestea da”, azaltzen du. Baina emagaldu bat ezagutuko du eta bere teoria guztiak kolokan jarriko dira. Akaso maitemindu egin da? Ezinezkoa da, benetan maitatuko balu ez luke bere izena gorotz artean idatziko.

Sepia koloreko argazkien modukoa da liburu hau: aspaldikoak izan arren, irudietan agertzen dena gertukoa zaigu. Demagun argazki horietako batean ume bat agertzen dela, ibaiertzean jesarrita. Buruan lastozko kapela bat du eta eskuan kainabera. Atzean, amaigabea dirudien zuhaitzez beteriko basoa ageri da. Ezin ditugu koloreak bereiztu, baina, hala ere, paisaiaren berdea, zeruaren urdina eta kapelaren horia senti ditzakegu, baita eszenari darion lasaitasuna ere. Erromantiko zein ez, Lehen amodioa irakurri beharreko liburua da.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak