kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Samurai berria / Josemari Velez de Mendizabal / Elkarlanean, 1998

Euskal espien beste bat Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-03

Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoirekin batera, azken urteotako euskal literaturak eman duen ikertzaile ezagunena dugu dagoeneko Kosme Zubia, Josemari Velez de Mendizabalek duela sei urte sortutako pertsonaia. Bien artean, hala ere, bada ezberdintasun agerikorik. Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibe errurala den moduan, Velez de Mendizabalen Kosme Zubia espia hiritarra dugu. Euskal lurretan gertatzen direnak ditu lehenak ikergai; bigarrenak, berriz, nazioarteko hainbat nahasmendu argitzen ditu. Bordak Amaia Ezpeldoirekin bezala, ordea, Velez de Mendizabalek ere trilogia osatu du dagoeneko Kosme Zubiarekin. Eta trilogia horren hirugarren emaitza da hizpide dugun Samurai berria.

Aramaion jaiotako arrasatearrak, beraz, bidea egina du gurean. Enpresa eta ekonomi zientzietako lizentziaduna, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izana eta gaur, egun Eusko Ikaskuntzako gerente dugu Velez de Mendizabal, eta biografiak eta saiakerak ere idatzi izan ditu. Sebero Altube, Jokin Zaitegi, Gaizka Barandiaran eta Sixties horien artean. Literaturzaleok, berriz, Kosme Zubia protagonista duten liburuengatik ezagutzen dugu. Duela sei urte argitaratu zuen lehenengoa: Yehuda, nazioarteko arma-trafikoarekin batera, palestinarren eta israeldarren arteko borrokak oihal nagusi dituen eleberria. Han ezagutu genuen euskal irakurleok Kosme Zubia.

Euskal espia horren ibilerek, gero, Moskun izan zuten jarraipena, isilpeko Gerra Hotzaren operazioak eta sekretuak biltzen zituen Moskuko gereziak (1996) liburuan. Oraingoa, beraz, Kosme Zubiaren espioitza lanen hirugarren liburua da. Samurai berria honetan, agerian gelditzen da beste behin —inoiz baino areago, gure iritzirako— egilearen etengabeko bidaiek eta nazioarteko merkataritzaren ezaguerak liburuetan duten isla. Nabari da Velez de Mendizabalek ederki ezagutzen dituela liburuan aurkezten dizkigun lekuak, batzuk bertan izan delako eta beste batzuk Internet bidez ezagutzeko aukera izan duelako.

Egiantzekotasuna darie liburu berri honen orriei. New Yorken zein Tokion dabilenean protagonista, gertaerak sinesgarriak dira. Kosme Zubia, oraingo honetan, New Yorken dabilenean, japoniarren enkargu bat betetzeko asmoz. Bere bidera, ordea, ustekabeko hainbat kontu agertuko dira, CIAk eta FBIk bazterrak harrotuko dituzte, informatikariek eta kazetariek izango dute lekurik eta, gainera, Txina eta Japoniako mafiek eta haien buruzagiek ere izango dute zer esanik. Hainbat osagai baditu ere istorioek, beste behin espioitza eleberri arina eta entretenigarria eskaini digu bere burua idazletzat ez duen idazle honek. Aurreko bi eleberriak bezala, Samurai berria hau ere ez da beharbada euskal literaturaren antologia handietara iritsiko. Ez da formalki landutako literatura lan handi eta eder horietakoa. Horregatik izango du zaila urrezko antologietan sartzea. Baina, gainontzean, berehalakoan irakurtzen diren eleberriak dira Velez de Mendizabalenak. Baita azken hau ere.

Hots, istorioen intrigak irakurlea orrialdeetan kateatzen du. Nabarmena da hori azken eleberri honetan. Nabarmena da Josemari Velez de Mendizabalek nazioarteko politikaren ezaguera bezainbeste menperatzen duela intrigaren legeen erabilera. Osagai horiek nahasteak, azken buruan, eleberri irakurterraz bihurtu dute Samurai berria, eta liburuaren euskara arin eta biziak lagundu egin du emaitza horretan. Nahikoa dugu hau liburua gomendatzeko lerro hauen irakurleei. Orain artean esandakoaz gain, ordea, bada beste arrazoirik ere liburu honen aldeko iritzia plazaratzeko. Izan ere, azken urteotan ez baita gehiegi landu euskarazko espioitza eleberrigintza. Hutsuneak betetzera heldu eta eremu horretan ia klasikoa dugu dagoeneko Velez de Mendizabal. Eta eremu hau menperatzen duenaren emaitza berria dugu, berriz, Samurai berria. Irakurri beharrekoen zerrendan liburu berria, alegia.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak