kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Groelandiako lezioa / Bernardo Atxaga / Erein, 1998

Irudipen, oroitzapen eta ideiak libreki mugitzen Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-30

Liburuaren egunak, apirilaren 23ak, ekarri zizkigun albiste onen artean, Bernardo Atxagaren lan berria nabarmendu behar da. Baina, zer da Groelandiako lezioa? Bere azken eleberria, saiakera, jolasa, alfabeto zerrenda, hitz zerrenda, poesia ala pentsamendu bilduma? Nik esango nuke era berean hori guztia dela baina baita mugatu ez daitekeen zerbait ere.

Atxagak berak dio liburuaren zati batean, “paseatzaile ikuspegitik” hurbiltzen dela bizitzara, alegia, “bere irudipen, oroitzapen eta ideiak libreki mugitzen uzten dituen ikusle soilaren ikuspegitik”. Nire iritziz, hemendik abiatu behar gara Atxagaren lan berri hau ulertzeko, dastatzeko eta gozatzeko. Agian, libreki hitzak hori guztia egiteko eremu zabalegia eskaintzen digu, eta guztiok ditugu gustuko —nahiz eta askotan horrelakorik ez onartu— bizitza honetan ideiak eta liburuak finkatuagoak, sailkatuagoak izatea. Atxagaren hitzak eta berbak entzuteko errazak dira, baina ulertzeko zerbait jarri behar dugu guk ere, eta zerbait horrek ez du zerikusirik aurreiritzi eta estereotipoekin, bakoitzaren askatasunarekin baizik.

Liburuak Atxagak idatzitako hamabost lan biltzen ditu. Batzuk ezagunak, besteak ezezagunagoak, hauek dira: Ero zerrenda, HIESa: kasu zerrenda, Groelandiako lezioa, Mendian gora, Mamuak harrapatzeko sarea, Denborari buruz, Don Juan bezala ibili nintzen uda hartan, Ipuin bat eskatu zidan Violantek, Italieraz ikasi, Itsas margolan baten aurrean, Itsas kanta bat gogoan, Orpoz orpo Holden Caufield-en atzetik, Alphabelette, Lezio ttiki bat plajioari buruz eta Biluziari buruzkoa. Eta hori guztia dastatzeko eta gozatzeko gutxi balitz bezala, gainera, liburua Mellery Puvis de Chavannes, Redon, Willumsen, Manet, Kupka, Khnopff eta, batez ere, Rene Magritte margolarien ilustrazio zoragarriez horniturik dago.

Dastatu eta gozatu, bai, horiek dira irakurketan barrena gehien sentitzen diren sentimenduak. Atxagak irudipena, oroitzapena eta bere ideiak libreki mugitzen ditu, teorian bada ere, zehatza den eta lotuta dagoen eremu batean: alfabetuetan. Ipuin, saiakera, jolas edota hausnarketa hauetan Atxagak hori egiten du, umore finez, era erraz baina aberatsean, berari burutik eta bihotzetik pasatzen zaizkion sentimenduak osatu, eratu, eraiki eta irakurleari eman.

Liburuan azaltzen diren pintoreen artean, gehien errepikatzen den izena —guztira zortzi ilustrazioekin— Rene Magritte da, eta ez dut uste kasualitate hutsa denik. Liburuak ilustratzea gustukoa zuen margolari surrealista horren lanek oso ondo adierazten baitute liburuaren izpiritua.

Magrittek bere margolanetan surrealismo magikoa edo metafisikoa lantzen zuen. Bere lana figuratiboa da, hots, Dali batetik gertuago dago Mirotik baino, baina Magritteren hizkuntza katalanarenarekin alderatuz, zeharo desberdina da. Magritten lanetan lilura ez dator erabiltzen dituen formetatik —bere margolanak, azalean bada ere, oso arruntak baitira—, barnean gordetzen duten xarmagatik baizik. Magrittek irudimenarekin eta oroitzapenarekin libreki jolasten du, errealitateak ematen dizkion baliabideak erabiliz. Baina inoiz errealitatetik ihes egiteko asmoarekin, errealitate horren inguruan galderak proposatuz baizik. Bere lanetan guztia mugatua dagoela dirudi, baina bere margolanen markoen barnean askatasun osoz jokatzen du eta azkenean jolasa dirudiena beste zerbait bihurtzen da, poesia eta hausnarketaren artean murgilduta.

Euskal Herrian ba omen da ospe handiko idazle bat azkenaldi honetan eztabaida asko piztu dituena. Badirudi bizi den eremuetan gatazka eta alderdi asko daudela, eta alderdi horietatik jarrera eskatzen zaio bere iritzia finkatua eta sailkatua ez omen duelako, hori egitea arnasa hartzea bezain beharrezkoa izango balitz bezala. Beste batzuek diote bakean utzi behar zaiola, literaturari eskaini baitio bere izpiritua. Agian, horrela da, nik ere askotan aurreko iritziak bota izan ditut, baina bere azken lan hau irakurri ondoren oker gaudela uste dut. Baina nire buru txoro honi ez egin jaramonik. Magritteren edozein margolanen aurrean irudimena beti hegan hasten baitzait. Baina, dastatu eta gozatzen dudana margolan eta liburu hauekin! Bukaeran, horrek du garrantzia. Bestela, hori baino, zer da artea?

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak