kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Joan zaretenean / Jokin Muñoz / Alberdania, 1997

Itzulerak Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-11

Argi eta garbi gera dadila hasiera-hasieratik hau ez dela gai moduan euskal gatazkari buruz idatzitako eleberri bat. Euskal gatazka liburu honetan, eta beste hainbatetan, ez da narrazioa sortarazten duen aitzakia baino. Liburu honetako gertakizunak berdin gerta zitezkeen munduko beste edozein lurraldetan, kasu honetan Donostia hiriak daukan protagonismoa beste hiri bati emanez gero.

Joan zaretenean nobela existentzialista hutsa da, bere aberastasun eta kontraesan guztiekin. Elementu ugari biltzen dituen eleberri existentzialista. Narrazioaren giltzarria daraman Alvaro Egizabalek, berriki edo bere neska-laguna zen Helenarengandik banatuta, gau batean bere atea jo duen aspaldiko lagun zahar bati —Mikel— ostatu ematen dio. Mikelek, ordu batzuk lehenago, Madrilen atentatu bat gauzatu du, biktimen artean umeak aurkitzen direlarik. Beranduago, Alvarok Mikel atxilotu egin dutela jakiten du, atentatuan parte hartu izanagatik, eta orduan bere jatorrizko hirira itzultzea erabakitzen du, Donostiara hain zuzen ere, eta orduan nerabezaroa igarotako kaleetatik bueltaka hasten da, noiz atxilotuko duten zain. Alvaro margolaria da, eta Madrilgo bere txapitulan gordetzen ditu bere hainbat bozeto. Gai nagusi gisa bere neska-laguna zuen, eta, noski, bere hiriaren paisaia ezberdinak. 1

Eta margo horiek dira hainbat pasartetan zehar gidatzen gaituzten elementuak. Elementu behartuegiak zenbaitetan, liburu osoan ageri diren elkarrizketa puskak bezala, elbarrituak oso, protagonistaren barne pentsamendu bat gehiago azaltzeko zeharbideak baino ez direnak. Pentsamendu obsesiboak bestalde, narrazioa, protagonistak bere neska-laguna zenari zuzentzen zaion moduan planteatuta dagoenez, malenkonia ia eri hori indartzeko joera hartzen duena. Iraganeko zein orainaldiko hainbat pasartetan euria eta bereziki xirimiria nagusi izatea, topiko baten berrerabilpenaz gain, malenkonia ukitu hori puzten laguntzen du.

Bestalde, badago hainbat unetan, elkarrizketa marko konkretu horretatik irteteko nahia, batik bat Mikel eta Alvaro bera Donostian elkarrekin koadrilan igarotako urteak kontatzerako garaian; orduan narrazioak hirurogeita oso urte gutxitan jaiotako belaunaldi horren kronika izan nahi du, baina bada oso ondo artekatzen ez den elementu bat; izan ere, protagonista eta bere koadrilaren artean bada horrelako inkomunikazio edo erabateko identifikazioa galarazten duen murrurik, Alvaro hainbat alditan bakardadearen bila ihes egitera behartzen dutenak. Ekintza horrek hein handi batean Alvaro ez dela bere belaunaldiaren portabozik egokiena iradokitzen duela deritzot. Horregatik nik uste justifikatzen dela generazio horren argazkia osotzeko Lupi, Alvaroren arreba eta Mikelen neskalaguna izandako pertsonaia. Dena den, belaunaldia nahiz eta ia kanpoko ikuspegi batez begiratzen den, belaunaldi bentzutu baten irudia nagusitzen da orrialdeotan, elaberriaren hasieratik zeharo negatiboki deskribatutako Alvarorekin batera esperantza handirik ez diotelarik eskaintzen irakurleari. Bestalde, narrazioaren amaieran Alvarok bere buruaz egiten duen goraltze tristeak ehundaka polizia, helikopteroak barne, une oro norbait atzetik ibili ziola duen susmoa kontraesana suposatzen du aurreko ehun eta berrogeita hamasei orrialdeotan bere burua aurkeztu digun moduarekin.

Elementu aberats ugari dituen elaberria dela deritzot, hizkuntzaz aberatsa, eta dotore idatzita, nahiz eta narrazioa zenbait pasartetan apur bat gehiago konprimitzea eskatzen duen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak