« Hitzen misterioak | Nor da Vladimir? »
Piztiak / Miguel Torga (Bego Montorio) / Alberdania, 1997
Esanahia Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-06-28
Miguel Torga, benetako izenez Adolfo Correia Rocha, idazle portugaldarra, 1907an jaio eta 1995ean hil zen. Bere bizi osoa Coimbra lurraldearen inguruan egin zuen. Bertan, medikuntzako ikasketak bukatu eta hil arte bere kontsulta izan zuen. Portugalen ospetsua den idazle hau (Nobel sarirako hautagai izan zen) ez da Europako beste eremuetan hain famatua izan. Adibidez, gazteleraz eta frantsesez gutxi itzulita dago, eta itzulitakoa aurkitzen zaila da.
Idatzi zituen liburuen artean poesia, nobela, ipuin bildumak eta autobiografiak daude. Alberdania argitaletxeak, Bego Montorioren eskutik, kaleratu duen lana ipuin bilduma bat da, eta idatzita utzi zituen liburuen artean ospetsuena edo famatuena da.
Liburuak Piztiak izenburua du, eta Portugalen lehenengo aldiz 1940an argitaratu zen. Geroztik hainbat berrargitalpen ezagutu ditu, beti era xume batean, Torgak berak horrela nahi zuelako. Ipuin bilduma honek Portugalen eragin handia izan du, eta bertako idazle ospetsuen lan aipagarriekin parekatzen da.
Liburuak hamalau ipuin biltzen ditu. Ipuinetako protagonistak, izenburuak aipatzen duen bezala, piztiak dira, edo hobeto esanda, animaliak. Zergatik desberdintasun hori? Ze diferentzia dago piztiaren eta animaliaren artean? Printzipioz, animalia hitza orokorrean erabiltzen da, eta piztiarena animalia basati edo beldurgarrientzako erabiltzen dugu. Eta liburu honetako protagonistak animaliak badira ere (txakurra, katua, astoa, apoa…), ez dut uste agertzen den piztia izena beraiei zuzenduta dagoenik.
Ipuin hauetan azaltzen zaizkigun animaliak beti gizakiez inguraturik daude, eta beraien istorioak, gehienetan tristeak, gizaki hauei lotuta daude. Baina portaerak aztertuz, izenburuan agertzen den piztia izena ez dut uste animaliei zuzenduta dagoenik. Animaliak eta gizakiak teorian antzeko gauza garela esaten bada ere, eta guk, gizaki aurreratuak, animalia hauetako askori piztia izen gutxiesgarriarekin deitzeko eskubidearekin gaudela uste badugu ere, errealitatean, egunerokotasunean, muga hauek ezabatuta gelditzen direla liburu honek oso ongi adierazten du.
Betidanik harritu nauen gauzetako bat hau izan da. Gizaki aurreratuak izan, garunarekin, gero eta zibilizatuagoak… eta ondorioz gero eta aurreratuagoak, toleranteagoak, giza eskubideen defenditzaile sutsuak, eta gero edozein animaliarekin piztia baten (eta barkamena eskatu piztiei gizakia eta animalia parekatzeagatik, baina hemen bai zentzu gutxiesgarria erabiltzen ari naizela) moduan konportatzeko gai gara? Oraindik gizakia izatea zer den ez dudana oso ondo ulertu uste dut. Eta askotan sinistu izan dudana, bots, gizakia aurrera doan neurrian gero eta hobeagoa bihurtzen dela, hau bezalako liburuak irakurri ondoren edo egunero egunkaria esku artean hartzen dudanean, sinisteko arrazoi gutxiago ditudala uste dut.
Baina Torgaren meritua ez dago soilik gaiak tratatzeko moduan, hau da, ez espero ipuin hauetan estilo zuzen edo gordinik. Ipuin guztiak estilo berekoak dira hasiera-hasieratik, Portugalen bere liburuen berrargitalpenak bezala; xume, apal, umiltasunez idatzirik daude. Eta bere idazteko moduan berezia egiten duena bere gizatasuna da, animaliak eta paisaiak gizatasunez janzteko duen dohaina. Ez zen alferrik Torga bere bizian zehar Hirutasun Bedeinkatzailearen asmatzaile eta aldeko suharra izan: maitasuna, egia eta askatasuna.
Torgak berak zioen ez zekiela ipuin hauek esanahirik zuten ala ez. Nik, apalki bada ere, baietz uste dut. Izango dute? Edo guztia uda berri honek eta festa giroak nire buruan eta adimenean eraginiko fantasia izan da? Udan gaudela-eta teorian irakurtzeko denbora gehiago dugunez, orain ipuin hauetan esanahirik dagoen ala ez jakiteko zuen aukera da. Anima zaitezke, tamainaz eta estiloz ipuin txikiak badira ere esanahiz handiak izan daitezkeelako. Eta horrela ez badira, non dago gizatasunak ematen dizuen irudimena?
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro