« Poesiaren mugak | Euskal poesiaz »
Gauaren magalean / Xabier Olaso Bengoa / Bermingham, 1996
Malenkoniaren magalean Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-05-10
“Gauaren ilunbetan / deslai darabilt gogoa / iragandako denboraren tunelean barrena. / Biluzik dabilzkit sentimenduak, / ortoizik oroimena, / arraiki dabilzkit pozak / eta ilun ene pena, / poema nabar baten bila dihardute / errai minberatuetan barna”.
Behin On Kixote liburuaren inguruko iruzkin batean, honako esaldi hau irakurri nuen: gizakia On Kixoteren modura oheratzen da, amets eta itxaropenez beterik, baina Santxo Panza bezala jaikitzen da, ikusiz eta ulertuz egunerokotasunak ez duela amets edo itxaropenik onartzen.
Gauaren inguruan gauza asko esan dira, eta gaira gerturatzeko hainbat era daude. Teorian, badirudi eguna biziaren sinonimoa dela eta gaua loa edo atsedenarena. Gero, ordea, jende gehienak gauak atsedenerako gain— beste gauza askotarako ere erabiltzen ditu.
Batzuentzat gauak, batez ere asteburuetan, taberna, musika, alkohola edo amodioarentzat dira. Beste batzuentzat, aldiz, gaua lasai egoteko unea da, irakurri, telebista ikusi, zinemara joan edo lagunekin egoteko denbora. Gauak, bere lagun ilargia bezala, aurpegi asko ditu.
Baina, orokorrean, gauaren aurrean bi dira sentimendu edo jarrera nagusiak: batzuk On Kixote bezala sentitzen dira gauean, eta egunean ezin egin izan dituzten gauzak amesten ibiltzen dira, hurrengo batean egiteko asmoarekin; beste batzuk, alderantziz, gauean malenkoniaren magalean kulunkatzea gustukoa dute.
Xabier Olasoren poema-bilduma honetan gau hertsiak dira protagonistak. Begirada eta pentsamenduak iltzaturik gelditzen diren gauak aurkituko ditugu, gau isilak, arima galduak eta mamu iheskorrez inguraturik. Olasok bere malenkonia, bakardadea eta tristuraren erresuma zabala eta sakonean galdu egiten du.
Hala ere, bere hitza ez da garrasi bihurtzen edo etsipen bilakatzen, nahiz eta noraezean ibili eta gehienetan oinazean pulunpatu. Olasok bere sentimenduak biluztu egiten ditu, bihotzaren zauriak azalduz, bere erraiak erakutsiz. Baina bere hitzetan ez dago kexurik, ez dago oihurik. Bere burua gauaren ilunbetan, gauaren magalean murgiltzen du, geometri irrealetan desagertuz, isiltasunarekin solasean.
Poema-liburu honetan ez dago gairik, ez dago deskribapenik. Ez du soilik maitasunaz, bakardadeaz, iraganaz, oroitzapenez edo tristuraz hitz egiten. Hori guztia bere poemetan dago, aipatu egiten du eta guk sentitu egiten dugu, baina berak ez digu horretaz hitz egin nahi. Berak, soilik, barruan duen boza ateratzen du, eta hitz egiten uzten dio.
Xabier Olasoren lana bikaina da. Poema sinple eta eder batzurekin askotan ahoz adierazteko zailak diren sentimenduak agertu eta azaldu ditu. Bere poesiak ez du ezer soberan. Erabiltzen dituen hitzak beti ezin egokiagoak dirudite, eta batzutan hitzekin ezin dena esan isiltasunarekin kontatzen dugu, bere poemen artean sentitzen den isiltasun hori eta hutsune horiekin.
Isiltasun hitzak oso ondo definintzen du poema-liburu hau. Isiltasunean erori ez izanaren eskerrak, oraingoan, Bermingham argitaletxeari eman behar zaizkio, Kezkak izeneko sailean gehienetan ahaztuak gelditzen diren poema-liburu sarituak argitaratzeari ekin diolako.
Oraingo honetan, Urretxu-Zumarragako IV. Poesia Lehiaketan euskaraz saritutako lana eskuratzeko aukera eman digu. Zoritxarrez honelako lehiaketetako emaitzak gehienetan ez dira argitaratzen, eta kaleratzen badira ez dira oso edizio onetan egiten. Bermingham argitaletxeak gaur arte hiru liburu argitaratu ditu sail honetan (Mirari Garcia de Cortazar eta Iñigo Iruretagoiena dira beste biak), eta horrela jarraitzea espero dugu. Ea beste argitaletxeak ere animatzen diren eta egin beharrekoa den lan hau betetzera ausartzen diren. Nork daki beste lehiaketetan saritutako liburu bikainak ez ari ote garen galtzen…
“Gaua, / emaidan hire edertasunaren laurdena, / emaidan / hire xarmaren herena, / eta nik / ene poemaren erdia emango dinat”.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez