kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Tuparen seme-alabak / Jon Arretxe / Elkar, 1996

Bidaiei buruz Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-03-01

Jon Arretxe Euskal Filologian eta Soin Heziketan lizentziatua dugu, eta azken gai honetako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bidaiak egitea maite du, eta bere abenturen ondorioz honako liburu hauek argitaratu ditu: Hakuna Matata, Afrikako istorioetan oinarritutako ipuin bilduma; Tubabu, Saharako basamortuan bizikletaz egindako txangoaren kronika liburua; eta Urrezko triangetua, Laos, Birmania eta Thailandia artean dagoen lurraldean girotzen den nobela laburra.

Oraingo honetan, Arretxek Tuparen seme-alabak liburua ekartzen digu, eta Tubabu-n bezala, liburua bizikletan egindako bidaia baten azalpena da. Oraingo honetan, Brasilgo barnealdeak erakusten dizkigu, Amazoniatik Mato Grossora egiten baitu bidaia Arretxek.

Liburua irakurriz gero, bertan gauza anitz eta desberdinak ikusteko eta ezagutzeko parada izango dugu: ibaiak, oihanak, paraje miresgarriak… baina ez hau soilik, baita pertsonaia ezberdin eta bitxiak ere: urre biltzaileak, cowboy-ak, pistoleroak, emigranteak… Hala ere, Arretxek hau guztia gainetik ikusten du, bere arreta beste leku batzutan jarriz: gizaki zibilizatuok ia zapaldu gabeko lurralde zabaletan, eta bertako biztanleetan, Tuparen semealaba diren indioak. Horregatik liburua, Brasilek dituen kultura eta jende desberdinen azalpena baino gehiago, Brasilgo indioen kulturaren ezagutza da, eta beraien egoeraren —desagerpenetik gertu— salaketa.

Kronika liburuena ez da euskal literaturan asko landu den jeneroa izan, eta pena da, euskaldunak bidaiazaleak izan baikara betidanik. Jenero hau nahikoa berezia da, baina baita interesgarria ere, bere bitartez gauza asko ikasteko aukera izaten dugulako. Bestela, egin proba eta hartu kronika edo bidai liburu bat eta utzi zuen irudimena leku ezezagunetan murgiltzen.

Hala ere, onartu behar da gure gaur egungo gizartea ez dela egokiena irudimenarekin bidaiatzeko, eta ez denbora falta zaigulako edota estresatuak bizi garelako soilik, informazio eta komunikazioaren mende honetan (azalean behintzat) leku ezezagunak bukatu direlako baizik. Baina honekin ez dut esan nahi bidai liburuek zentzurik ez dutenik. Bai, badute. Handia eta garrantzitsua gainera. Gaur egungo bidai liburuetan kronikak garrantzi gutxiago izan behar du, eta bidaiariaren ikuspegia eta iritzia indartu egin behar da, egileak bere usteak eta batez ere zirrarak azalduz, erakutsiz, komunikatuz. Hauek dira egun behar ditugun bidai liburuak.

Jon Arretxeren liburuak ildo honetatik abiatzen saiatzen dira. Horrela, gehienetan gertatzen diren abenturak eta istorioak ez dira liburuen gauza garrantzitsuenak; ondorioz, ez itxaron Arretxeren liburuetan abentura liluragarriak aurkitzea. Bada, ordea, bestelako jarrera, batez ere inguruarekiko jarrera egokia, errespetuz beteta, sentsibilitatez, bere benetako helburua gizatasunaren konplizitatea bilatzea baita.

Hala ere, kultura desberdinen ezagutza nahi nabarmena badago ere, faltan botatzen da liburu honetan, eta aurreko Tubabu-n ere, Arretxeren aldetik parte hartze handiagoa. Eta honekin ez dut esan nahi liburua panfleto bihurtu behar denik, salaketa zerrenda, baizik eta bere iritziak, usteak eta zirrarak gehiagotan azaldu behar direla. Bai, liburuan inpresio batzuk azaltzen dira, ez da liburu hotza edo objetiboa (adibidez liburuaren azkenaldean berak onartzen du bere azken bidaia abentura asko gabe gertatu dela, “baina bihotzean bai”); ordea, horrelako gehiagoren falta sumatzen da. Agian bi jenero desberdinez hitz egiten ari gara, eta Arretxek horrelako gauzarik ez du sekulan egin nahi izan, baina bere liburuak irakurri ondoren beti duda horrekin gelditu naiz.

XX. mendearen hasieran, Konstantinos Kavafis poetak Itaka izeneko olerki batean zera esaten du: bidaia bat egiten dugunean, garrantzitsuena ez da bukaerara heltzea, bidaia bera egitea baizik; helmugan ez daude gauza ederrak, edertasunak bihotzean aurkitzen dira, eta hauek bidaiak ematen dituen esperientzien ondorioz sortzen dira. Irakurtzea merezi duen liburu honetan Arretxek berak dioen bezala: “Aurkitu nuen nahi nuena, baina agian bestelako zerbait espero nuen, eta horregatik pixka bat nahastuta sentitzen nintzen”.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak