kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Sara izeneko gizona / Bernardo Atxaga / Pamiela, 1996

Irakurleak pentsatzen duena Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-01-04

Atseginez irakurtzen da Atxagaren azken lana, Martin Saldiasekin —Sara izeneko zelatari karlistarekin— batera Nafarroan barrena, Etxarri-Aranatz eta Irurtzun inguruetan batetik bestera. Euskal Herrian, bere liburu berrien zain irakurle gehien dituen egilea izango da Atxaga eta, oraingoan behintzat, bere irakurleei hutsik egin ez diela esan daiteke.

Ez ditu aseko Obabakoak haren pareko zerbait nahi dutenak edo Gizona bere bakardadeanekin zabaldutako trilogiako bigarren —eta, egilearen hitzetan, azken— emaitzaren zain daudenak baina, besterik gabe, irakurtzea atsegin hutsa dutenek, gehienek, gustura irakurriko dute liburua.

Ezohiko bidea egin du asteasuarraren azken eleberriak. Atxagak berak duela hamasei urte idatzitako irrati-nobela du oinarri eta handik abiatuta, gazteleraz idatzi zuen egileak eleberria, El Correo eta El Diario Vasco egunkariek udan atalka argitaratzeko narrazio bat eskatu ziotenean. Emaitza Un espía llamado Sara eleberria izan zen. Sara izeneko gizona da haren itzulpena. Salbuespen oso urriak salbuespen, euskarazko testuari ez zaio nabaritzen itzulpena dela baina, hori bai, benetako Atxagazalea denak faltan botako ditu hasierako liburuetan egile honek hain bereak izan eta sarritan erabiltzen zituen hizkuntza edo hitz jokoak. Dena dela, egilea horren jakitun da. Bere esanetan, ordea, horrela testua ondo lotuta gelditzen da eta zehaztasun aldetik aberatsagoa izan daiteke. Gu, egile bakoitzak bere obrarekin nahi duena egiteko erabakia errespetatu eta emaitzari soilik lotuko gatzaizkio. Eta emaitza, esana dugu, atsegina da. Gustukoa.

Euskarazko liburua zabaldu eta marrazki eta lamina dotoreekin egiten du lehenik topo irakurleak. Karlisten tropak eta txapelak dira hauetan nagusi. Baroi G. von Rahdenek 1834. urtean egindako kartografiaren zati bat dator jarraian, batez ere Nafarroako lurrak jasotzen dituena. Hortik aurrerakoa errealitatearen eta literaturaren arteko jotas bihurria, 1834.eko uztailaren 14an Bilbotik tropa liberalen kontrolei itzuri eginez eta Zumalakarregi jeneralarentzat buruaren txoko batean garrantzi handiko informazioa zeramala abiatu zen zelatariaren bidaia oinarri dela. Martin Saldias, Sara, etsaien goarnizio baten egonleku zen herri fortifikatutik, Etxarri-Aranaztik, igarotzen da Zumalakarregiren kanpamendua zegoen Irurtzungo herrira. Bidean zein Irurtzunen, gora-beherarik ez zaio faltako liburu osoan protagonista den zelatariari eta egoki ehotutako istorioak berehala helduko du irakurlea azken lerroetara arte.

Testuaren egokitasunaz haruntza, hiru xehetasun izan ditugu gogoan irakurketa amaitu ahala. Batetik, azken eleberri honetan ere agertzen dela —egile beraren beste zenbait lanetan bezala— Atxagak hain gustukoa duen mintzoa edo barne ahotsa. Oraingoan, Arenal Kafeko ugazaba-andrea da buruaren barrutik hitz egiten duena, protagonistaren barne kontzientziaren ahotsa islatzen duena. Atxagak bere-berea duen ohituraren arrastoa utzi du honela azken lan honetan ere. Bestetik, oraingoan ere asteasuarrak bilatu du poema txikiak non sartu edota agertua. Bere lanen beste ezaugarria da hau ere eta Henry Bengoa Inventarium hartan hain gustukoa izar genuen bidea, Barrez frantsesaren poesia liburuak egiten du Sara izeneko gizona honetan. Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, udan, atalka eta egunkarietan ez bezala, euskarazko testuan kapitulu bakoitzaren amaieran epilogo bat gehitu duela Atxagak. Egia esateko, bete-batean asmatu du egileak epilogo horiekin. Valdivielso tenienteak pentsatu zuena, Aranburuk pentsatu zuena, Arranoak pentsatu zuena,… atal bakoitzak badu berea, kapitulu horretan pisua izan duen bizidunen baten ahotan edo pentsamenduan. Liburuko ezusteko handienak epilogo labur horietan daude eta, zalantzarik gabe, Atxagak asmatu du kontaketa atseginari eztenak gehitzen. Oraingoan bai.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak