« Klasiko ezezagunen altxorretik | Begien zurrunbiloa »
Bigarren bizia / Pello Zabaleta / Euskal Herriko Unibertsitatea, 1995
Hitzaren egonarria Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-20
Pello Zabaleta erlijio eta filosofia gaietan jantzia da, itzultzaile ere bai (hizkuntzaren materia diren hitzen ezagutzaile aparta), kazetari (hizkuntzaren lasterrean eta zehatzean trebe), irrati-gizon (hizkuntza hitz egiteko gozotasuna eta gustoa, eta hitzen doinua eta musika dakizkiena) eta poeta (hizkuntzaren sintesian aritua).
Bigarren bizia-n (EHU, 1995) Pello Zabaletak orain arteko poema guztiak biltzen ditu. Oinarrizko gaia, giza-baloreena da, giza-konzientzia eta konpromezuarena, justiziarena, Pello Zabaletaren sena etikoa delako, gizakiaz eta gizakiaren aduaz arduratua, gezurra arbuiatzen duena, gizakia bere eskuko izan dadin lehiatzen dena. Zurubi luzean-en (1964-1979) Euskal Herri zapaldua irudikatzeko odolaz mintzatuko zaigu. Gandiaga gogora lezakeen gizona ageri da, gizona nahia eta ezinaren artean itota. Arestiren itzala ere soma daiteke, “etxea”, “harria” edo “egia” dioenean, Joxe Azurmendirena Prometeoaren gaia dela eta, izerdia kopeta baita, lana, kailuak, bizitzeko eta jateko lan egin behar nekea. Alferrikako bertso erreusak-eko (1964-1979) zenbait poematan ezerezaren samina daukagu, barne erraietako mina gizona gizonarekiko borroka anker eta amaigabean. Ezeherri-n (1989) prestutasunaz mozorroturiko gezurrezko gizonen aurka, aprobetxategi eta txaketeroen kontra epigramak, Quevedo gogoan, idatziko ditu.
Sinismenak, ordea, sarritan desengainoa dakar eta apeza izateari utzi egin zion poetari fede-zalantza agertuko zaio (Olerki galduak, 1964-1979). Otoitz erako, esaera zaharren molde zuhurreko eta aipu erlijiosoz (kaliza, lohia, buztina…) jositako poemen ondoan, pena idatziko digu, tristura eta nazka. Bakeaz mintzatuko zaigu, baina bake-moeta askotaz, itxaropenaz, baina itxaropen-moeta askotaz. Baina baita ere maitasunaren ospakizunaz.
Musika hitz klabea da, bizitzaren legea, hitz-joku kateatua, sekretua, lilura, olgeta, argi-printzak, euri fin-atergabea, erritmoa eta denbora zirkularra eta klasikoa.
Denboraz ere dihardu, denbora zirkularraz Oroitzen antosina-n (1986-1987) eta Geroaren memoria-n (1988) iragana berreskuratu eta osatu beharraz (kaleidoskopioa eta argazkia aipatuko dituelarik) geroarekin lotzeko.
Azken poemarioa, Natura hila-n (1992) izenekin batera koloreak datoz, eta nola ez, musika zentzurik sakonenean Goethe bezala amaieran argi gehiago eskatuz.
Lastozko zubia-n (1964-1979) berriro hitzaren aintzin-gibelak, hitzarekiko ametsak eta traizioak. Bere hitza ez da hitz isila, baizik eta aldarrikatua, mami amorratua, labean oratutako ogia.
Pello Zabaleta bere hitzarekin idazle klasikoa dugu, neurri zalea, tradizioarekiko begirunean eta egonarrian bizitua. Hitzaren inguru-minguruan dabilena, hemen usna eta han susma urduri antzean, baina hitza ehizatu ondoren beste bat dena, bizipozez asetua, hitzaren jaun eta jabe. Bigarren bizia etikaren egarria berdintzerainoko lana.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi