kritiken hemeroteka

8.666 kritika

« | »

Exiliatuok ez gara inongoak / Patri Urkizu / Arabako Foru Aldundia, 1995

Euskal literaturaren erbestean Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-20

Duela hilabete inguru Galeuzcan izan zen nire lagun bat eta, bertan, baita exilioko literaturari buruzko hainbat eta hainbat kontu entzun ere. Buruan gauzaren bat sartu orduko harekin egoskortzen den horietakoa izaki, exilioko euskal literaturari buruzko lanak irakurtzeari ekin zion Galiziatik bueltan. Eta hori gutxi balitz, besteoi ere irakurrarazi dizkigu. Honela iritsi zen nire eskuetara Patri Urkizuren lan hau: Exiliatuok ez gara inongoak. Ez naiz haatik batere damutu lagunaren aholkua jarraitu izanaz. Lehen ere nolabaiteko interesik banuen exilioan idatzi zen gure literaturaz, baina lan hau irakurtzeak eremu horretan sakontzeko irrika zabaldu didala esan behar dut. Horrek harritu egin nau. Ez baitira asko, irakurri ondoren, lehenik zirrara gehiegirik sortzen ez zuen gaia ezagutzeko gogoa sortzen duten saioak, azken batez hori baldin bada ere saiakeraren asmoa gehienetan.

Patri Urkizuren lan honek, Arabako Foru Aldundiak deitzen duen Becerro de Bengoa saiakera saria irabazi zuen 1994an, eta aipatu Aldundiak argitaratu zuen liburua iazkoan. Aitzin-solasa eta azken-solasaren artean hiru ataletan banatzen du Urkizuk bere saiakera. Baina honi ekin aurretik, sarrerako hitzetan heltzen dio irakurleari: “Bestalde, badu denbora luzea fatu gaitzek jota daukatela Euskal Herria. Honen zuhaitz-adarxka ugari Erbesteko haizeek bortizki astintzen dituztela, ostorik higikorrenak munduan barren sakabanatuz. Halere, zer nolakoa da benetan erbestea? Zer da exilioa? Leku bat? Garai bat? Pena-sentimendu bat? Malenkonia mota bat?”. Lehen atalak, Atzerrian lurra garratz, oina ibini egik baratz du izena, eta hiru zatitan banatzen da. Lehenak, Marinelak itsasoetan barrena izenburupean untzi kapitainak ditu batipat hizpide. Konkistatzaile eta misiolariak biltzen ditu ondoren eta hirugarrenik, Iraultza Frantsesak desterratuak.

Ameriketara joan nintzen xentimorik gabe deitzen da bigarren atala. Hau banatzen duten bi zatien lehena Pobreak, errogabeak, desertoreak, abenturazaleak eta engainatuak biltzen dituena da. Hainbat bertso eta testuz horniturik informazio atsegina ematen zaigu bertan. Bigarren zatia interes literario handikoa da eta Ameriketako irudiak nobelagintzan du izena. Batipat Antero Apaolaza, Santiago Ezenarro, Juan Manuel Lertxundi, Jose Manuel Etxeita, Jean Baptiste Constantin eta R. Maria Azkueren eleberriak aipatzen dira.

Hirugarren eta azken atalari Euskal idazleak gerra zibila eta erbestean deitu dio egileak. Azken hau da liburuko mamitsuena. Lau zati ditu atal honek. Egunkari, errebista eta argitaletxeak ditu hizpide lehenak, Bertsolari eta olerkariak bigarrenak, Eleberrigileak hirugarrenak eta Antzerkigileak azkenak. Atal honetan Patri Urkizuk egin duen bilketa lana agerian geratzen da. Hainbat eta hainbat izen eta urte zehatz ematen zaizkigu, eta hau da inolako zalantzarik gabe, irabazi duen saria behintzat merezi zuen saiakera honen mamia.

Baina azken atalaren apartekotasuna alde batera utzita ere, saiakera bera gustora irakurtzen den istorioz josia dago. Datu historikoak umorez jazten dira batzuetan eta sarreratik bertatik helduta dagoen irakurleak ez du ihesbiderik eguneroko exiliora liburua amaitu artean behintzat.

Bukatzeko, aspaldiko adiskidantzaren oroigarri, Sarrionandiaren parabola bat dakarkigu testura egileak: “Untzia itsasorantza abiatu da. Nasan, adio luzaroan egin dutenen begiek oraindik ere itsasoruntz soegiten dute. Eta haurrak, eri erakusleaz geroago eta hurrinago doan untzia seinalatuz galdetu du: Ama, untzia beti eta tipiagoa da eta, zer gertatzen da barruan doan jendearekin?”.

Azken kritikak

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak