kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Gutunak (1948-1972) / Jon Mirande / Susa, 1995

Poeta madarikatuak Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-13

Gaitza da papera idazlearentzat, paper betea diot, zuria idazle zein ikaslearentzat ez baita ezer. Gaitza, lekuko oihukaria bihurtzen baita urteen joan-etorrian forenseren baten soto ezkutuko artxibategian bada ere. Baina ausardia da batez ere paper idatzia, inoiz inori kontuak kitatzeko aukera zabaltzen baita, hain da hitzaren jabe paper zirriborratuez komunikatzen duena telefonoa edo beste edozein bide hautatzen duenarekin erkatuta. Ausardia da batez ere Patri Urkizuk Miranderen zenbait gutunez eginiko moldaketa edo pilaketa lan honen adierazgarria, ausarta behar baita Mirande mintzatzen den bezala mintzatzeko, adibidez Euzko Gogoa, Eusko Gogoa edo Euskal Gogoa behar duela esan duenean (zenbat dira gaur egun oraindik hau entzunda sosegu bila begirada baztertzen dutetak?).

Halaber, harrigarriena gutun sorta baten aurrean gaudela da, eta ez entseiu baten aurrean, horrek euskal munduan duen nolabaiteko berritasunarekin. Ezen gutunak badu pertsonala den zenbait, norberari lotzen zaion zer azalezinezko bat, baita zenbait albisterekin batera poema bat edo ipuin batzu bidaltzeko erabiltzen denean ere: hau da, egia den asko dauka, literaturak berez dituen artifizioetatik urrun. Gutunen bidez norbait ezagutzera edo ulertzera irits gintezke, asko saiatu arren ipuin nahiz poesia nahiz eleberrien bidez hainbeste lor ezin daitekeelarik, egileak beti eramango bait gaitu berak nahi duen hara. Berezko gaitzak pilatzen ditu liburu honek: muga batek iparralde eta hegoaldean erdibitutako distantziarenak batetik (zenbat dira gaur egun ere Euskal Idazleen Elkarteko bilera zein ekintzetan parte hartzen dutenetatik Donostiaren itzalpean bizi ez direnak?), eta bestetik nork-nori-nor atalean biltzen ditudan gaitzak: liburuaren hitzaurrean bertan esaten zaigun bezala Mirande da kristautasunaren lehenengo kritikoa euskaraz, edo indargintza predikatu duen lehena (minaren batasuna bezala ulertuz batipat) faxistaren txartela ere ezarri diote dohainik baino arras garestiago (horra zergatik nioen gorago nork-nori-nor: gaur egun batzuei entzun zein besteei entzun, eskuinean zein ezkerrean zein erdian eta zutik kokatu badirudi faxista eta erdi ere bagarela). Gaur egun, jada Mirande gure artean ez dugula, maiz eta askoren ahotik gainera, entzun dugu salaketa hauen funts eza, Miranderen ahotan bertan Ni ere kristotarra naiz, bai eta demokrata ere. Baina izena baino nahiago dut izana (erraiten ohi den bezala).

Joanak joan, liburuaren berezko zera agertzen duen literatur perspektiba da, distantziak lagun, garai hartatik heldu zaizkigun emaitzetatik (aldizkarietatik erran nahi dut, are zehatzago aldizkarietako ipuin zein olerkietatik, nik ere isilik gordeko dut aipatu behar ez den hori, baina intxaurrari sagarrak eskatu gabe) zeharo bestelakoa, garaiko pentsakera Europatik zetozen bide eta fruituetatik bezain urruti alegia. Gutxi izango ziren, gaur egun ere eskas diren moduan, itzulpengintza jorratzen zutenak. Horregatik ez nator bat liburu honek Mirande idazlea apur bat gehixeago ulertzen lagunduko gaituela, nik uste Mirande gizonaren neurria ematen duela, behin ere galduko ez duen bere estetika berritzaile eta apurtzailearekin, nahiz eta denek —eta are gehiago garai haiek ezagutu ez zituzten belaunaldien semeok— guztiz ahaztua izan.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak