« Zorrak zor | Oroimena gizakiona da »
Antologia / Joan Salvat-Papasseit (Koldo Izagirre) / Pamiela, 1995
Neguko Udaberria Jose Luis Otamendi / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-06
Pamiela etxeak, ohi duen ausardiaz eta tajuz, Marulanda saila jarri berri du kalean, Tere Irastorzaren zuzendaritzapean. Atzerriko egileen lanak dira gehien bat sail horretara zuzenduak, eta nahi da euskal idazleak izan daitezela euren interesa piztu duten sortzaileen lanak itzuliko dituztenak eta edizioari kargu egingo diotenak. Konplizitatearen bideak nahi dira ibili, nonbait, irakurleari produktu berezi eta gustagarriak eskuratuz. Sortako bigarren alea da hona ekarri duguna, Joan Salvat-Papasseit-en Antologia, Koldo Izagirrek euskaratu eta apailatua.
Salvat-Papasseit (1894-1924) poeta autodidakta eta proletarioa da, eskola gutxikoa baina bere mundualdian bizkor eskarmentu hartua eta ikasia. Poeta, ezkertiarra izan zen politikan eta poetikan berrizale; orain baino lehen bere aditzera soila genuen askok, orain ematen zaigu, berriz, euskaraz (eta parean katalanez) ezagutzeko estreinako aukera. Mauka laburra iritzirik-edo, irakurlea Salvat-Papasseiten jakingura eta gose gera ote litekeen errezeloak jo nau poemok irakurtzean; hori, ordea, antologiaren batez besteko goi mailari bezala geure jakintasunaren motzari egotz dakiokeen herrena da: ahogozatzeko kutixia emana zaigu, izan ere. Poesia bizia, biluzia, gaztea da, eta beren denak gazte ez du beti-gazte planta patetikoak egiten zertan ibili. Farfaila bategarriak barik, konzeptu eta narrazio egituraren morroi ageri da hitza; espresaera doi, zehatz eta garden. XX. mende berriak zurrunbiloan hartzen du mundua, uste ez bezala bapatean bizirik daude paisaiak, makinak, bihotzak; batez ere hiria beretzen duen geratu ezin den mundu bat dator behetik gora, indarrean. Modernotasunak bete-betean harrapatzen du poeta baikortasun ekintzailez, oldar zoro horren eragina leundua, umotua begitanduko zaigu aurrera egin ahala. Hiriari abesten zaio eta hirikoei, humanismo itxaropentsu eta eskuzabalez abestu ere. Izagirrek aitzin-solasean esan bezala, sasoi hartan automnibusak, hegazkinak edo erotismoa horren natural emateak ezin bekaitza besterik sortu euskaldunoi; artean lekutan ginen!
Abangardatasunaren haizeak kutsatu eta ondu zuen Salvat-Papasseiten lana, hala ere kaligramen itxurazko-hoztasuna aise desarmatzen du lirikotasun alaia isuriz. Errealitatearen planoak elkarren gainean tolesten ditu poetaren begiradak, kontaera eta deskripzioak metatzen dira dotore eta apal. Tartean gogoetek lagunduta paisaiak aletzen zaizkigu, estanpa sozialak. Irudiak, irudiak eta irudiak. Ikaragarri librea du eskua Salvat-Papasseitek, bizinahiak eta maite-lilurak ezartzen dio bizia begiz jotzen duen zernahiri, duintasunez edertzen du bere aldia. Berehala etxeko egiten den poesia da hizpide duguna, geure izateko sortua sentitzen duguna. Lirikotasun eta erotismoaren gozoak, irakurtzearen magiak ez liluratzen lan gaitza da. Hona antologiako azken ahapaldia: “Orain ez da egiten, baina nik eginen nuke oraino / —amodio batek ukoa emanen balit— / itsasoaren mentura neure bizitzari lotu / eta ezin itzuliko nukeen bezain urrun joan. / Oh, ontniak neure adiskidearen izena balerama! / —halako maitaminez itsasoa ahitu eginen litzateke”.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro