kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Olerkiak / Loramendi / Loramendi Elkartea, 1995

Zorrak zor Jose Luis Otamendi / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-30

Azalean agintzen duena baino gehiago ematen du Aretxabaletako Loramendi Elkarteak liburu honekin. Izan ere, elkarteari izena ematen dion olerkariaren olerkiez gain, bere bizialdiaz eta literaturaz sarrera jakingarriak, hitz lauzko lanak eta argazkiak topa baitaitezke orriotan, oharrak eta hiztegi lagungarria ahaztu gabe. Sarreran aitortzen denez, Loramendiren lanek ez zuten argirik ikusten, azkena 1960an Julen Yurrek bilduta plazaratu zirenez geroztik. Edizio hau batez beste txukuna izanik ere, badu akats barkaezin bat, alegia, ez zaigula esaten edizioaren ardura norena den.

Loramendi Espainiako Gerra Zibil aurretiko olerkarien bosteko urrean sartu ohi dute literaturaren historiek, Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Jautarkolekin batera. Gerra zapuztera etorriko zen euskal poesiak erdietsi mailaren erakusgarri jo dezakegu Loramendiren lana ere. Hainbat belaunaldikide bezala, Juan Arana Ezpeleta Loramendi ere, euskara ia-ia galtzera iritsi eta ekinaren poderioz miresteko moduko hizkuntzaren jabe egin zenetakoa dugu. Euskal kulturak eginkizun du euskaldun berri eta euskaldun zahar berrituekiko kontu garbitzea.

Hogeita sei urte zituela, meza-berria emateko ate-atean hil zen poetak sinbolismoaren bidetik —metaforen eta konparazioen indarrez— batez ere poesia kristaua jartzen digu eskura. Bere garaikoa —1933an zendu zen—, idazle sentibera eta fina ageri zaigu Loramendi: musikaltasun sen handikoa, oso irudi ausartez sinbologia topiko eta tradizionala gainditzen asmatzen duena zenbaitetan, sintaxi malgu eta biziduna. Gaietan bezala nabari zaio hizkeran bizi duen gizaldiaren ume dena; horra elipsirako joera eta aditz trinkoak erabiltzeko zaletasuna, horra garbizalekeria tantak. Gauza gehienetan ikusiko ditu Jainkoaren edo Ama Birjinaren zantzuak, lirikotasun ederreko maitasun abestiak opaltzen dizkio honi, otoitz aszetikoak. Euskal Herriak ere kezkatzen du poeta, lege zaharrak eta fedearekikoan bereziki, Jainkoa lagun etsaiaren erasoei aurre egingo die euskal jendeak, poesia epikaz jazten badaki Bedoñakoak. Estatu Espainiarrean II. Errepublika indarrean dela idatzi zuen. Kanpoko eraginak arrotz jotzen baditu ere euskal arimarentzat, nahiz eta ideologiaz antimoderno izan bere neurri berrien bilaketa (herri-usadioen haritik hala ere), hizkuntza malgutzeko saioak eta maitasuna zein fedea era problematikoan bizitzea modernotasun seinale dira, zorionari sarri samina dario. Sinbologia nagusia naturako indarrek, animaliek eta landareek osatzen dute, manikeotasun garbiz jokatuak ia beti. Baina garaian garaikoa; gureak bezala testuinguruan ulertzekoak dira Loramendiren hitzak.

Liburu hau, gure ondarea guk askotan uste baino aberatsagoa eta ezezagunagoa dela erakusten datorrenetarik bat dugu. Batzuetan zabar edo ahul, bestetan indar barreiatuz, baina ezin uka geure tradizioa ari garela osatzen eta birrosatzen, kanpokotik hainbestean etxekotik. Atzeak erakusten duela aurrea zelan dantzatu.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak