kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Axun / Abelin Linazisoro / Susa, 1995

Usaina eta zauria Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-18

Ustegabeko galanta Axun honen azken orrialdeek eman didatena. Irakurtzen ari nintzena larrosa usaineko nobela ote zen ez ote zen, halaxe nengoen nire artean, irakurri ahala batzutan baietz esanez, eta hurrengo orrialdean berriz ezetz, beste zerbait zela eskuartean nuena. Katalogatu behar itzel bat egin zitzaidan, katalogatzen zaila zen arren nobela. Eta, hara, azken orrialdeetara ailegatutakoan, larroxena ez zen beste usain bat nagusitu zitzaidan, liburutik hara jarioan. Literaturarako sena eta gogoa batera dituen norbaiten usaina hartu nion, zeren eta egilearen —Abelin Linazisoro da bera—, adimena eta tentua, biak erakusten dituen nobela da Axun hau, esan behar delarik oso irakurria izan dadin beharkizun gehientsuenak betetzen dituela liburu honek.

Linazisororen liburuak hasierako orrialdeetan lotu zizkidan gogoa eta begiak. Zein erraz hasten den kondatzen, eta gero zelan sortzen dituen hari berriak, halako moduan non irakurlea ikaratu egiten den, jakingo ote duenentz idazleak guztietatik armoniatsu tenk egiten. Jakin, jakin du, alajaina. Ez dut ukatuko batzutan batzutan Linazisoro aiztoaren aho-ertzean sumatu dudala, erraxkerian jausteko arriskuan. Behin eta berriro jakin du burua jaso eta arnasa hartzen, ordea. Irakurlearentzat erraza delakoan nagoen liburu honen egiturakuntza, aldiz, bain soila ere ez da. Esan liteke idazleak apostu egin duela, baietz azken orrialderaino eraman, behin hara ailegatuta danba jotzeko azken kolpea?

Liburuaren aurkezpen-oharrak dioenez “Lehen amodioaren lilura eta Abelin Linazisororen lehen liburuaren xarma, biak batera biluzi dira nobela honetan”. Kontuz baina. Kondatzen dena itxuraz nerabetzaroko lehen maitemintzea bada ere, era berean esan ahal da maitasunaren altarean egindako ukapen baten ondorioak noraino heda daitezkeen eta norberaren geroan zein erabakiorrak izan daitezkeen ere kondatzen dela.

Ez nuke hizkera aipatu gabe amaitu nahi iruzkin hau, Zumaiako honena atsegina eta laztangarria baita, liburua bera den moduan. Horren bidez gaiak aldez aurretik eskatzen zuenari erantzuten jakin du, hots, itxuraz larroxaren usainekoa zenaren bidez irakurlea arantza zaurien minez kutsatzera iristen da. Irakurlearen barruko harra azken uneraino bizkortzeko balio izan dio hizkera horrek eta, lorpena da hori ere, beste zenbaitekin batera Axun hau urteko berri hoberenetariko bat bihurtu delarik, ene irudiko.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak