« Kontraesanen lilura | Eredugarria »
Zentzu antzaldatuen poemategia / Xabier Lete / Euskaltzaindia-BBK, 1992
Ekaitza eta larrosa Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-09
Euskal kulturagaitik grina pixka bat duenak ezagutuko du ziur aski Xabier Lete antzerkilari, abeslari eta poeta. Nahiz eta hiru arlook banaezinak izan egile honengan, bakoitzetik zerbait esan nahi nuke.
Antzerkiari dagokionez, Ez Dok Amairu taldearen partaide zelarik bere barnea hustutzeko beharra sentitu zuen, bakoitzaren sentimenduak argitzeko eta jende askoren herrigintza-gura taularatzeko antzerkia tresna ezin egokiagoa zela hausnartuz. Elkartasuna geroago ere behin eta berriro aldarrikatu izan du, “Biziaren ikurrak-en” hitzaurrean irakur daitekeenez.
Kantugintzaz den bezainbatean, bere ahotsa zakarra da, ekaitzpean ibiltzen den baserritar haserratuarena, egia gordina haragitu eta bota egiten duena, negu luze bat, adieraz-pena, bizi nahi latz batetik sortua eta eztarri marrantatsu eta latz batetik jalgia, apaindu bakoa eta den denekoa, ahots gizakorra, erakargarria ez baina benetakoa, sinets daitekeen ahots eskainia. Entzutea merezi duena.
Oiartzuarraren poemagintza osoaren eta sakonaren barruan “Zentzu antzaldatuen poemategia” (BBK, 1992) aukeratu dut. Poemategi hau bai aurretik idatzitakoan ildotik doa (“Urrats desbideratuak” gogora ditzagun, adibidez), bai geroago izkribatuko dituenen orpotik (“Biziaren ikurrak”, hain zuzen ere) Xabier Lete alde batetik poeta esentziala baita, beti bere betiko gaien inguruan dabilena ikuspegiak biderkatuz edo desbideratuz, aberastuz edo antzaldatuz, eta bestaldetik bere buruarekiko eta, beraz, bere ibilbide poetikoarekiko fidela, moda errazetik ihes eginez eta barne zantzuen bila. Sentimendua da Xabier Leteren ardatza.
“Zentzu antzaldatuen poemategia-n”, bada, bizitza batzuetan ederraren eta besteetan petralaren irakurgai kontraste bete-beteen arteko ezpatadantzak aurkituko ditugu, denboraren planu desberdinen joko eta topaguneak, kontzeptuetan oinarritutako hitzen errepikazioak eta paralelismo jarraituak, beti adierazia (konzeptua) eta adierazlea (musikalitatea) josiriko barne errima baten magalean eta barne antolamendu enigmatiko baten isladan. Barne errima baita Leteren idazkera, lerroa, disdira misteriotsua, giltzarria. Kosmosa eta kosmosaren elementuekiko erreferentziak nonnahikoak dira bere poesian, lotura eta kontraesanetan sakondua gizonaren eta kosmosaren dialektikan barne paisaia bilakatu bat osatzeraino. Izarrak eta iltzeak baitira itzuri eta itzuli egiten den poeta honen lehengaiak.
Lizardi zale eta Salvador Espriu-ren irakurle, ahapaldi gogoangarriekin batera salmoak eskainiko dizkigu agnostiko izatetik sinestun izaterainoko ibilbidearen ondoriozko eukaristia eraberrituan. Bestaldetik, kezka eta zalantza hizki maiuskulaz idatzitakoari egiten dio men “Urrats desbideratuak-en” “Horregaitik natzaio agian leial aberri dohakabe honi” (77 orr.) baieztatu eta hamar urte beranduago “Zentzu antzaldatuen poemategia-n” “Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?” (26. orr.) galdetzen duenean. Izan ere, Leteren poemagintzari baserri aspaldi hustuaren antza hartzen diot, kezken gainean eraikia eta tristuraz erdi desegina, grina eta etsipenaz disekatua, baina hala ere zutik dirauena, superbizi beharraren indarraz. Desesperazioa halamoduzko zirujia estetikoaz konpondua.
Bere ironia garratza baita, kotxe baten parean doan gurdi zahar baten gurpil-hots kexatiarena. Zantzu estimagarria.
Xabier Lete Arbizun izeba zaharraren altzoan nengoela entzun nuen lehenengo aldiz eta irratitik. Eta aitortu behar dut hitz eta ahots hura barruan gelditu zitzaidala. Xabier Leteren hitza eta ahotsa kokatuak dira eta urre zaharraren dohaina eta balioa dute.
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi