kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zeru horiek / Bernardo Atxaga / Erein, 1995

Emakumea bere bakardadean Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-02

Iazko Durangoko Azokarako Ereinek asmatu berri zuen poltsiko-tamainuko Milabidai sailean Bernardo Atxagaren “Zeruak” argitaratu zuen. Liburutto hau “Gizona bere bakardadean-ekin” hasi zen trilogiaren bigarren eleberriaren aurrerapena zen. Sei hilabete beranduago Bernardo Atxagaren “Zeru horiek” (Erein, 1995) kalera atera da. Liburu-azalaren diseinua eta irudia Iturrirenak dira eta enkuadernazioari dagokionez azal gogor eta dotore horietariko bat da.

Ehun eta berrogei orrialde dituen “Zeru horiek” honetan sei orduko bidaia bat narratzen zaigu, gartzelan lau urte egon ondoren hogei eta hamazazpi urtetako emakume batek egiten duena Bartzelonatik Bilboraino. Irene da bere izena, belaun-izterrak oraindik erakargarriak ditu, antezko txaketa Sidaren laxo gorriarekin eta panty beltzak daramatza, eta bere ilea motz-motza da. Erretzea atsegin edo beharrezko zaio. Guztien iritzien aurka Irenek espetxea utzi egiten du eta geroko bizitza, bere egoera kontutan hartuta, kale gorriarena da, bakardade izugarriarena. Ireneren bakardadea aurreko nobelaren protagonista zen Carlosena baino astunagoa da, Atxagak esaten duen bezala emakumearen bakardadea gizonarena baino gogorragoa delako. Beraz, gaia “Gizona bere bakardadean-en” bezala, konprometitua da, errealismoa baita Bernardo Atxagaren epealdi honetako helburua eta ez fantasia, gaur eguneko Euskal Herriko giro korapilatsu eta erreagaitik ilusioaz jadanik zipoztua baitago asteasuarra.

Errealismoz elikatzen den prosa honen ezaugarririk nabarmenena funtzionaltasuna da. Eleberria sinesgarria da fikzioarekin jolastuz erabiltzen duen errealitatean eta errealitate honi (zeru horiek eskatzen dutena) dagozkion hitzen eta detaileen esanahian ikus daitekeenez. Irudi bisualek (telebistako iragarkia edo Migel Anjelek Sixtina kaperako sabaian pintatutako freskoa) eta narrazioaren hariak lotzen dituzten detaileen arteko simetriek irakurlearen arreta mantentzea lortzen dute. Izan ere, “Zeru horiek” egun eguneko platera dugu.

“Zeru horiek”, nahiz eta “Gizona bere bakardadean-en” ildotik abiatu, beste liburu bat da. Aurrekoan iraultzaile desenkantatu bat protagonista zen bitartean, oraingoan emakume bat da. Honek atmosfera bildua demaio narrazioari, tenple ozenagoa, kritikak gogoeten eta ahotsen bidez egiten dira, moralismoan jausi gabe iradokizunik eta misteriorik gordetzen duten galderen bidez edo, baita ere, mezu garrantzitsuak igorriz mintzo zaizkigun detaileak direla medio (Migel Anjelen koadroko Jainkoaren eta Adanen hatz indizeena, alegia). Umorea ironikoa da, ez alaia; soila da, apala, ia kexa, garraxirik gabea eta narrazioaren leit-motiv-ak diren zeru horiek bezala tarteka-marteka agertzen da.

Giroaren aldakortasunari lagunduz bi puntu daude: alde batetik, Irenek gartzelan irakurri dituen egile zeharo desberdinen poemak, eta bestetik maletan daramatzan liburuak (Stendhal-en “Gorria eta beltza” nobela, Oteizaren “Quosque tandem” saioa, Zavattini-ren memoriak, mende honetan ingelesez idatzitako poesiaren antologia elebidun bat eta Van Gogh-ek bere anaiari idatzitako gutunen bilduma). Atxagak poemak testuan egokituko ditu eta idazle batzuen lanak ekarriko irakurleari ezaguterazteko.

Zerua protagonistaren gogoa aldatzen doan neurrian antzaldatuko da. Paisaia-zatiak espetxeaz bestaldeko mezuak dira, atsedena har dezaketen bakardade-habiak.

Emakumeak bere bakardadean gainean dituen zeru txiki horiekin kezkati egiten du amets.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak