kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Consummatum est / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1993

Abarra eta hegala Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-06-25

Gaur euskal literaturan jadanik bide luzea egin duen idazle baten lanarekin nator: “Consummatum est” (Elkar, 1993). Joan Mari irigoienen azken nobela honen azala bere anaia Imanolena da, zeinean arrosa eta kamaleoia agertzen diren. Arrosa eta kamaleoia, eleberriaren lehenengo atalburuko izenburua eta eleberria garatuz doan heinean gatzatuko diren bi sinbolo, irakurlea ohartuko denez.

Joan Mari Irigoienen nobelagintzan bi hitz dira giltza: ikusmina eta simetria. Egileak berak daraman ikusmina pertsonaien barruan pizten saiatzen da, horrela pertsonaiak jakitekotan edo jakin nahiez dabiltza eta mugitzen dira. Pertsonaion ikuspuntu dialektikoek, gura eta porroten zurrunbiloek eta jazoerek nobela gidatuko dute. Pertsonaia-puzzle hau poliedroaren hostoen antzekoa da, aurpegi desberdinen eta kontrajarrien topalekua, babilonia. Batzuk lurrari atxikiak diren bitartean, beste batzuk zeru aldera begira zaleak dira, batzuk kamaleoi eta beste batzuk arrosak, materialistak zein idealistak, fedegabeak nahiz fededunak, zientziarekiko lera nahiz alkimiarako jaidura dutenak, herrian zein hirian moldatuak… Izaeraz aberatsak eta indibidualtasunaren ereduak diren pertsonaiok Joan Mari Irigoienen ilusionista behatzek higituko dituzte, marionetak bailiran, istorio harrigarriak sortuz.

Simetrian nobelaren egitura eta bizitzari buruzko filosofia biltzen dira. Leku desberdinetan gertaera bera errepikatuz eta pertsonaia desberdinen arteko koinzidentziak agertuz, altzatarra bizitzari buruzko ikuspegi asaskatu eta magiko bat eratzen dabil. Higidura zentripetu eta zentifugoetan eleberrien bizitza sortzen du, aza eta alkatxofa hostoen modura multiplikatzen baita, abarreztatzen, eta, era berean, askatasun lehiaz hegaz egiten. Badaki, bai, Joan Mari Irigoienek biziztzaren argi zirrikitutik irristatzen eta bizitzari zukua ateratzen, bizitza bera baita “Consummatum est-en” gaia. Kontaketa idazketa bainoago den eleberri honetan pasadizoak pasarteetan banatzen dira, karta baraja bailiran nahasten. Antolatze honek interpretazio anitzetarako bideak emango ditu, abaniko aukerak, irakurketa moderno bat eskainiz eta irakurlea motibatuz, irakurketa garatu heinean geroago jazo litezkeenekin irudimen gimnasia-ariketak eta adimenarekin ingeniari-planoak egin beharrean gertatuko baita irakurlea.

Astalkatze eta harilkatze saio anitzen emaitza den hizkera hau eskurakoia da, esaldi laxoekin, istorioak bezala luza edo jarrai daitezkeenak. Narrazio eta deskripzioen artean elkarrizketa bizigarriak eta umore-tanta gatz pipertuak murgiltzen ditu.

Malabarismo-jolasa dirudien burutazio argi ilun zalantzakorren artean, egia txantxazkoen eta txantxa egiazkoen artean egilearen ideologia soslaituz doakigu. Bere lehenengo “Oilarraren promesa” (bere nobelagintza geroago izango denaren eskema) hartatik azken eleberri honetaraino idealismoaren alde jokatu du, iragan idiliko baten aldera burua jiratuz eta zibilizazioak ezarritako egitura zanpatzaileen aurrean muturtuz. Bestaldetik, bizitza konplexua dela erakutsiko digu, arteria edo ibaiadarrak diren bere pertsonaien bidez.

Errealismo magikoa laket zaienek maiatzeko euria bezala hartuko dute “Consummatum est”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak