kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Poemak / W.H. Auden (Juanjo Olasagarre) / Susa, 1994

Espia beteranoa Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-06-11

“Erreferentziak” sailean Susa argitaletxeak W.H. Auden poeta ingeles haundiaren poema zenbait euskaraz irakurtzeko aukera eskaini zigun iaz. Euskaratzailea Juanjo Olasagarre da eta aitzinsolasaren egilea Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Liburu zaindua, non olerkiez gain testu poetikoari buruzko oharrak aurki ditzakegun eta, baita ere, Audenen lanen zerrenda eta argazki batzuk. Beti da argibide poeta baten bisaia ezagutzea.

Audenen poesiak ez du etiketarik onartzen, eklektikoa da, psikoanalisitik apur bat emanez, marxismotik beste zerbait eta kristautasun asketik, Kierkegaarden eragina dela medio, beste pittin bat. Bere iturriak lainotsuak dira, baita ere ideiak eta ideologia adierazteko erak. Berarentzat poesia jokuaren enigma izan daiteke (“Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena”, 108. orr.) bertsio anitzetan antzaldatua, zuritua eta hegaldatua, baina funtsezkona konzeptua da (“Duda egiten dugu hizlariaz, ez entzundako hizkuntzaz: / Hitzek ez dute hitzik egiazko ez diren hitzendako”, 111. orr.). Adierazia adierazlea baino garrantzitsuago zaio, esan nahi duena erretizentziaz soilik somatu badaiteke ere (“Mila esker, laino”, 125. orr.). Arregik hitzaurrean Audenentzat poesiaren lana hizkuntza destoxikatzea dela, ez magia egitea, azpimarratuko du.

Konzeptuarekin juzku morala dator. Politikoek eta Estatuek asmatzen dituzten gezur sofistikatuaren eta gaiztakeria zinikoaren aurka altxatzen ditu bere poesia-ezpata, haserrearen energiak zutitua, eta morala, baina jaun-andreok, ez modu zehatzean, baizik eta anbiguitatearen misterioaz, adimena erabiliz, zer pentsaturik emanez eta erretorikarik gabe. Guden kariaz eta egin behar izan zituen joan-etorri anitzengaitik anbiguitatearen eta anonimatoaren artea ikasi zuen. Maskara ofizialaren kontra, teknikari iseka eginez, gizarte modernoaren konspiraziozko engranaia salatuz, diplomazia eta disimuloaren artean eta ahots ekuruz zer den gizalegea azalduko digu. 30eko hamarkadaren amaieran belaunaldi asegaitzaren bozeramaile izan zen. Errebeldiaren kemenak ironia erabiltzera eramaten du, gutxitan aurkitzen den ironia zorrotza, irakurlearen bisaia mila zatitan hausterainokoa.

Bere idazkera lainotsuagaitik eta ikuspegi moralagaitik bi idazleren izenak dakarzkit burura: Graham Greene eta Felipe Juaristi. Lehenengoak, dakikegunez, benetako espia izanak Munduko Bigarren Gudan, ez zien muzin egiten bere hastapen etikoei. Bigarrenak, lainoa dela aitzakia, bitartekari edo estalki, poema liburu gogor bat idatzi du, “Laino artean zelatan”, non egilea hizkera sentibera erabiliz bizitzan murgiltzen baita buru-belarri.

Bestaldetik, Audenen poesia naufragio eta hondamendiaren eskutik ibiltzen da (“Oihanak hazten eta hedatzen ari dira / Kreszendo hilkorrean”, 35 orr.) eta, hein batean, Atxagaren “Harea lurrik anonimoena / Hareaz eginak desparadisuaren zutabeak” hura gogorarazten du. Sinkronian ezezik, diakronian ere kokatzen du bere poesia, orokorra eta aro guztietakoa bihurtuz. Zer ginen jarauntsiz, zer garen eta zer izango garen diosku denboraren ebazpenaren atzetik. Memoriarekin batera anti-memoria. Iragana errestauratzen duen bezala arkeologia eta mitologia zaharra ekarriz, oraina enbalatuko du hiria eta erlojua aipatuz eta etorkizuna iragarriko lapsus eta galderen artean.

Eliot-ek goraipatua izan zen bezala, Audenek “Eskerrik asko” poeman bera ez dela eta ez dagoela bakarrik iradokiko digu eta, besteak beste, Yeats, Graves, Brecht edo Horacio gogoratuko ditu. Auden ez dago bakarrik, alegia, Auden bezala Miguel Torga idazle portuges haundia bere ikuspegi moraletik mintzatuko zaigu hitz zangarrez eraikitako eta hondatzen lagatako “La paz posible es no tener ninguna” poema liburuan.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak