kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

Euskaldunen Amerika. Bidaia bat / Joseba Etxarri / Elkar, 1994

EEBBetako euskaldun amerikarren argiak Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1995-06-04

1987an zen EEBBetara Joseba Etxarri kazetaria. New York hiria ezagutu nahi zuen, hainbat elkar hizketa eta erreportaia idaztea ere buruan zebilkiola. Horretan, bateko zarata eta besteko jende pila artean, euskalduna aurkitu zuen, are, EEBBetan bertan jaio eta hazia; euskal hiztuna, maiz askotan. Aldaba jo zuen atea ireki zioten: New Yorkeko Euskal Etxea ezagutu zuen. Hasiera izan zen eta katea luzeko lehen begia, EEBBetara ziren euskaldun haien historiaz eta —beren oinordeen presentziaz— jabetu baitzen, ondotik.

Lits horri tiraka jardun du estreinako bisitaz gero eta makina bat lan eman du argitara gai beraren gainean. Honako egunkarian nahiz harako aldizkarian kalera dituen idazlan gutxi-asko solteak gorabehera, ordea, 1992tik hona Euskadi Irratiak aldera ohi duen “Ameriketako Euskaldunak” saila dugu Etxarriren saiorik borobilena; hau da, mamiari luzeen jarraiki zaiona, gaiari egiatan heldurik.

Irratsaio sortan ohi duen era berean iraun du Joseba Etxarrik oraindik orain plazara digun lanean. Bidai liburu itxuran EEBBetako euskaldunen arrasto ageriaren atzetik dabil. Liburu honetan, Ekialde kostan ekiten dio bideari, New York-Washington-Florida, eta Mendebalderantz jotzen du hurrena, Kalifornia-Nevada-Oregon-Idaho. Dela alde batean, dela bestean, aldakaitza da euskaldunaren presentzia, esa askotakoa izanda ere: apaizak, politikariak, sukaldariak, ostatu-jabeak, jatetxe-nagusiak, pilotari ohiak, idazleak, unibertsitate-irakasleak, bertsolariak, dendariak eta arrunt lanbide diferenteak dituzten euskaldunak… ia-ia denetarik da horien artean. Euskal Herrian sortuak ditugu batzuk, horien oinordeak dira bestetzuk. Sarri, sona handikoak yankee-en komunitatean. Guzti horien bizimodu eta kezken berri ematen zaigu liburuan; gainera, euskaldunen biltokien albiste ere bada: Basque Club-ak, Euskal Etxeak, hotelak, jatetxeak —eta bertako jatekoak—, jaialdiak eta beste.

Bidaia liburuaren egitura duela lan honek, EEBBetako historiaren zenbait argigarri ere ematen du, axaletik bada ere. Bidaiariaren eskuetara ohi diren gida eta panfleto turistikoek euskaldunei buruz diotena ere bildu izan du kazetari erneak. Bidea urratu ahala, paraje eta jendearen deskribapenek literaturtasunez zipriztintzen dute testua, eta umore zantzuak ere ez dira falta, keinuka irakurleari.

Lurraldearen aukerak baliatu ditu Joseba Etxarrik eta EEBBetako mundu zabal eta multikolorekoan erakutsi digu euskaldunen mundua: mila pisuko dorre erraldoiez inguraturik batean, eremu idorrean bestean; dela jende lamada artean eta itomenean, dela pasadizoko herri ttiki bakarti eta filmeetakoan. Anitza da EEBBak eta dispertsio horretan murgil eginda bizi da euskalduna. Horrenbestean, denbora, leku, jende eta lur. anabasa horren bilduma ordenatua da liburua.

EEBBetan den euskaldun andanaren argazkia dugu liburu hau eta, hala ere, euskaldunen “argiak” baino ez ote diren bertan aldarrika irudi luke; argazki ederregia, beharbada, eta EEBBetako jendearen nahiari estu lotua. Arrakasta —fama, dirua, boterea— ei du helburu estatubatuarrak eta liburu honetan ese, arian-arian, espazio eta protagonismoa irabaziz doaz gogo hori iritsi duten euskaldun amerikarrak. Horretan ese kazetari jardun da, jardun denez, Joseba Etxarri.

Bestalde, galera ere du liburuak, EEBBetan aurkitu euskaldun askotarikoen ahotan idatzizko euskara estandarra jarri baitu kazetariak. Inondik ere, lanbidea nagusitu zaio eta zurrunegi ari izan da, euskara tono bakarra ezarriz arrunt euskalki desberdinak dituzten hiztunei. Kohesioa, ordenua eta informazio zehatz eta ongi tajutua versus bat-batekoa, multikoloreduna eta, finean, egiazkoagoa, antzeman zailagoa izanagatik ere.

Lan bikaina burutu du Joseba Etxarrik EEBBetako euskaldunak plazara ezarriz. Egunkari-aldizkarietan lehenengo, irrratian segidan, liburua kaleratuz orain, euskaldun amerikarraren errealitatea gutxik bezala ezagutzen du 1987an New York-a egin zuen bidaiaz gero. Lekuko izan da eta merezi du bere lanak. Orain, koxka bat estutu du liburu honetan; lan argi, apain eta baliotsua kaleratu du. Dudarik gabe, bidaia-tentagarri izango du askok. Nork bere “euskaldunen EEBBak” —eta ez “Amerika” seguru— aurkitzeko gida paregabea du euskaldunek liburu honetan. Euskal Herria bera deskubritzeko liburua, geure herrian bizitzen ikasteko idazlana. Hari berean, argazkiz horniturik argitara lezakeen hurrengo lan handiaren zain gauzka, irrikitan, autoreak.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak