« Antologia bat baino gehiago | Transizioko poemak »
Itzalen itzal / Juan Garzia Garmendia / Alberdania, 1993
Pedanteria ala aurrerapauso? Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1993-12-05
Joan den astean orri honetan bertan aipatzen nuen “Ur uherrak” eleberria bezalaxe, Juan Garziaren “Itzalen itzal” ipuin bilduma hau ere behar adinako oharpenik gabe geratu da, nire ustez, gure artean, 92-93 denboraldiko euskal narratibak eskainitako libururik interesgarrienetakoa izanagatik ere. Mereziko du, beraz, aipamen txiki bat badarik ere, egunotan Durangon ezagutarazten ari diren lan berriei kosk egin aurretik.
Epaltzaren lanaren kasuan bezala, Garziaren honetan ere prosa eredua da irakurlea lehen kolpetik harritzen duena. Izan ere, prosarena izan baita liburu honen egileak, euskal letren plazara jalgi zenetik, behin eta berriz agertu duen kezka nagusia, Melvilleren “Bartleby izkribatzailea” itzulpen aipatu hartan ere islada landua izan zuena.
Errazkeriari eta sinplekeriari ihes egiten dion prosa kultu, landu, zehatz, zuzen, jaso eta adierazkor baten alde agertu izan da beti Garzia, erdal literatura gehientsuenetan aise, normal eta inoren asaldurarik gabe irakur eta dasta daitekeenaren parekoa ahal izanez gero. Adiskide eta auzi honetan gogaide duen Anjel Lertxundik bezala, hori lortzeko bidean literatur izulpenek duten pisua eta garrantzia azpimarratu izan du Garziak (eta baita euskal idazlegoak, oro har, euskal literatur itzulpenei behar adinako arretarik ematen ez diela salatu ere); bere sormen lan honetan, berriz, Lertxundik bere “Kapitain Frakasa” hartan bezalaxe, esaldi luze eta korapilatsuetara jo du, bigarren irakurketa pausatuago batera bideratzen gaituztenak maiz askotan, baina, Lertxundiren pare honetan ere, duda izpirik uzten ez duen ziurtasun, txukuntasun, zehaztasun, trebetasun eta dotorezia apartaz ehunduak beti ere. Hor dago aukera, eta norberak ikusi beharko du prosa eredu hori gustoko duen ala ez, aurrerapausoa iruditzen zaion ala, aitzitik, pedanteria hutsa. Inondik ere ezin ukatu daitekeena zera da, ordea, Garziak inor gutxik bezala menperatzen duela idazteko era hori eta, astiro hartuz gero, gozamen iturri oparoa dela bere prosa.
Ipuinen gaiak ere kultu eta erudituak dira, baina Garziak jolaserako eta sormenerako aitzakia gisa baino ez darabil erudizio guzti hori. Ipuin guztiak Italiako arte eta arkitektura munduaren barrutian giroturik daude, ipuinetik ipuinera —hiritik hirira— jauzi egiten du zenbait pertsonaiak —Gianni Stalvecchio, Ireneo Veytia Mujica, Virginia Ossiani…— eta, oro har, bildumak ale bakoitzaren irakurketa aberasten duen batasun katramilatsu eta jostaria damaie ipuin solteei. Nahiz eta istorioetako batzuk —ez guztiak, nire ustez— bere horretan ere nahiko eder eta aberats ere badiren besterik gabe, 1991ko Irun Hiria eskuratu zuen Gubbioko perlatxo hori kasu.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi