kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Loitzu herrian uda-partean / Luis Mari Mujika / Erein, 1993

Antigoalekoa Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-02-13

Poesiaren esparruan aspaldidanik ezaguna dugun Luis Mari Mujikaren lehendabiziko eleberria da “Loitzu herrian uda-partean”. Abertzaletasunaren gorazarre sentikorra da, dudarik gabe, egileak lan honen bidez egin diguna, Euskal Herriari hainbeste oinaze ekarri zion 1936ko gerran kokatua eta urte batzuk geroagoko —ETAren sorrera garaiko, hain zuzen ere— bigarren kontaketa batez lagundua. Garai ezberdinetan kokatuta ezezik era diferentetan kontatuta ere badauden arren, lotura estua dute elkarren artean bi kontaketa horiek: lehendabizikoan Txomin eta bigarrenean Eneko bere semea, batean zein bestean gizonezko protagonista nagusia aberriaren aldeko nolabaiteko borrokan hilko da; eta lehenengoan zein bigarrenean bataren maitale eta bestearen ama den Axunek oinazearen zaporerik mingotsena dastatuko du, ezintasun eta etsipenez.

Kontaketa nagusian, eleberriaren tramari dagozkion gertaerarik garrantzitsuenen berri emateaz gain, gerra garai latz hartan Gipuzkoatik gertu kokatutako herri nafar batean bizi zen geroa ere isladatzen du eleberriak. Alderdi honetatik begiraturik, lan txukuna egin du idazle lizartzarrak, eta gerra hura gertuagotik ezagutzen edota, gutxien-gutxienez, nolakoa izan zen imajinatzen lagundu digu eleberri honen irakurleoi.

Kontaketa modua, hala ere, hitz batean esateko, antigoalekoa iruditu zait, dezimononikoa ez esatearren. Kontalariaren eta pertsonaien baitan dago, nire ustez, antigoalekotasun horren zama nagusia: kontalaria, omnisziente edo orojakile ezezik, esplizitoegi eta ingenuo samarra ere bada zenbait pasartetan; pertsonaiak, berriz, planoegiak, sinpleegiak, barne gatazka handirik gabekoak, ez beharbada erabat zuhur eta gisakoak zintzoen rola dutenak, baina bai pitzadurarik gabeko doilorkeria baten jabe gaiztoak eta beren kideak (kontalari orojakileak Jenaro eta Errufinoren barrenera sartu eta haien pentsamenduen berri izateko aukera ematen digun arren, ez dugu une bakar batez ere ikusten euren jokabide arimagabekoari buruzko zalantza izpirik meharrena ere dutenik).

Egia da Luis Mari Mujikak ez duela euskal eleberrigintza modernoa baino lehenagoko garaietako idazle zaharrek izan ohi zuzen kutsu moralista erlijioso estu hura. Egia da Txomin eta Axunek ezkondu gabe dituzten harremanen ikuspegia pentsaezinezkoa izango zatekeela nobela benetan dezimononiko batean, eta baita Eufrasiaren beatukeria gehiegizkoaren karikatura barregarria ere. Baina kontaketaren formari dagokionean, ez dago, funtsean, Txomin Agirrerengandik oso urrun Mujikaren narrazioa, egundoko berrikuntza ez den arren modernoagoa gutxienez baden bigarren mailako kontaketa edo planoaren txertaketa alde batera utziz gero behinik behin.

Badakit, jakina, ez direla kontalari ekiszientea —edo minuszientea— eta pertsonaia gatazkadunak narrazio bikainak idazteko sine qua non baldintza nahitaezkoak. Badakit, bai, teknikoegia irudituko zaiola bat baino gehiagori nire komentario hau. Baina, hara, eleberrian kontatzen den istorioari berari halako indar berezi bat somatu izan banio, edota euskararen erabileran “Auspoa” saileko liburuen ezaugarri izan ohi diren gatz eta piper bixi horien aztarnarik aurkitu izan banu, ez nukeen neuk ere azalpen tekniko horietara joko.

Lehen esan dudan bezala, ohiturismoaren aldetik, gerra garaiko giroaren isladatzeko eragatik, interesgarria iruditu zait Mujikaren lana. Kontaketa berari, aldiz, forma aldetik antigoalekoa ezezik, ahul samarra ere iritzi diot aukeran. Dena den, aitortu behar zaio egileari 1992ko Txomin Agirre saria irabaztera ere iritsi zen eleberri itxurazkoa, taxuzkoa, osatzen asmatu duela behintzat, hasi eta buka, eta ez da gutxi. Hori ez dago nornahiren esku, eta horrenbeste egiten asmatu duenak gehiago egiten ere asmatuko du hurrengoan.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak