« Ilunetik ilunera | Ezabatuak »
Ez duk erraza, konpai! / Koldo Izagirre / Susa, 1995
Kubatik Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-30
Ibilbide jakineko idazlea dugu Koldo Izagirre. Itsaso ahantzia, Oinaze zaharra, Guardasola ahantzia, Balizko erroten erresuma poemategiez gain, Zergatik bat, Gauzetan, Mendekuak, Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak narrazioen eta Euzkadi merezi zuten eleberriaren egile, bere azken lan hau ere Ez duk erraza, konpai! (Susa, 1995) nobela delarik. Hauek dira orain arte K. Izagirrek jorratu eta jarritako mugarriak.
Harako Gauzetan hartan majikotasunaren bide-zidorrak direla eta, mundua irudikatzeko fantasia aberats eta pertsonal batekin topo egin genuen; metaforak nonahi, esangura adierazkorreko hitzak eta imajinak harritzeko eta erakartzeko moduko liburu batean. Gudu zibilaren hastapeneko herri xehearen gertakariz txertatutako Euzkadi merezi zuten bere lehenengo nobelan elipsia menperatuen arma dela ikusi genuen, hutsunea edo ezin esanezko minaren sinonimo. Mendekuak larrutik ordaindutako adar jotze ttipi batzuk besterik ez direla. Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak irakurtzean, K. Izagirrek euskalduntasuna oratzen diharduela konturatu ginen, Alvaro Cunqueiro-k gailegotasuna bezalaxe. Barne errai kiskaliez idatzitako Balizko erroten erresuma-n bere euskalduntasuna ez dela samurra edo idealizazio urrutizkoa, hala nola urre zaharra, baizik eta herdoila, zapore gogorreko eta beharrezkoa hala nola gatza, gaitza eta etsigaitza. Balizkoa, oso balizkoa. Baina oroz gain, idazle honek zera erakutsi digu: euskal hizkuntzaren erabilera ezin esan halako maisu bat, hizkuntza nahi duena adierazteko arma bihurtuz.
Bigarren eleberri honetan Kubara abian doa, beste ezein herri mendekok, baina ez menperatuk bezala min baitu Kubak. Egileak izen-abizenak idatzi ez balitu ere, lan hori K. Izagirrerena dela antzemango genioke laster asko, estilo zehatz-labur eta barrendu hau baita bere sinadura. Sozialismoa eta iraultzaren aldeko apostu tinkoaz (Fideltasunak da zazpi kapitulu nagusi bakoitzaren izenburua) erresistentzia eta irredentismoaz, konplizidadeaz eta ofizialtasun guztietatik at, kontraesanaz josiriko Kuba (ez ote Euskal Herria ere?) argazkitzen digu sasi egina dagoen erdi nobela erdi kronika mestizu honetan. Edo egilearen beraren esanetan: “Kubatarren duintasun nazionala ez da nazionalismo hutsa. Ez dute ez arrazaren eta ez kulturaren harrotasunik, dena da mestizaia, baina oso lotuak daude iraultzaren zenbait lorpenekin”. Baiki, K. Izagirreren aurreko lanen ezaugarri-bilduma dituzke: jakinaren gaineko umore matxuratua, zenbaitetan unean baino unean soraioago eta geldoago, txikien maltzurkeriak, jukutria eta trikimailuak, bizkor ustekoak, aitzakiatan zer gerta ere; ahalmen adierazkorra, oinarrizko sentimenduekin konektatzeko jaidura, erraietara zuzen jotzearena, esamolde jatorrekiko atxikimendua; eta bertakotasuna, kasu hibrido honetan, euskalduntasuna eta kubatartasuna tartekaturik.
Bederenik eta behingoagaitik, bizkarrak harroturik kubatarrek azken hitza bere.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi