kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Kristautasunaren agonia / Migel Unamuno (Xabier Kintana) / Elkar, 1997

Unamuno euskaraz Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-10-04

Bi aldetatik da liburu hau interesgarria, euskaldunontzat behinik behin. Xabier Kintanaren itzulpena polita da, oso ondo ulertzen den horietakoa, erdaraz ulertzen den adina edo gehiago bai, hori batetik. Bestetik, Txillardegiren hitzaurrea dakar. Ez dut esango Txillardegik berak idatzi duen testurik bikainena denik liburu honetakoa, baina hitzaurre batek bete behar duena betetzen du: informazio nahikoa ematen du, liburuaren nondik-norakoak seinalatzen ditu. Eztabaidagarriak diren kontzeptuak ere aipatzen ditu. Ikus dezagun: “euskara gorroto izan zuen Unamunok”. Ni, egia aitortzera, ez naiz sekula izan Unamunozale, ez erdaraz idazten zuelako, haren ideiak astunak, eta haren idazteko modua errepikagarria eta hartzak ere loarazteko modukoa iruditu zaizkidalako baizik. Baina lehen aldia da Unamuno euskararen gorrotoan bizi izan zela irakurtzen edo entzuten dudana. Txillardegiren iritziarekin segitzen dut: “Eta berak zuen kategoria izanda, bi aldetatik galdu genuen euskaltzaleok: geure hizkuntzaren alde egin zezakeena egin ez zuelako baizik; eta euskararen aurka egin zituen ahaleginak bestetik. idazle bikaina izan zenak ez zigun euskaraz ezer utzi, olerkitxo batzuk baizik. Unamuno galdu genuen euskararentzat, Baroja galdu dugun bezala; eta erdaraz egin zuen lanari begiratuta, mina dugu bihotzean geure hizkuntzaren beherakada sentitu dugunok.” Garbi dago Txillardegik gaurko euskal egoera hartzen duela epaile Unamunoren auzian eta nahastu egiten dituela literarioak diren kontzeptuak sozio-linguistiko soilak direnekin. Esan dut eztabaidagarria dela Txillaredegiren iritzia, baina niri ez dit argitu zertan oinarritzen den bera Unamunok euskara gorroto zuela esateko. Beharbada, azaldu beharko luke zer den gorrotoa eta zer maitasuna, hizkuntzari dagozkienean. Ala hizkuntza bat hitz egiteak hizkuntza horrekiko maitasuna dakar ondorio?

Dena dela, Unamunok eragin handia izan du euskal intelektualengan. Asko idatzi da euskaraz Unamunori buruz (inork ez Salbatore Mitxelenak bezala), baina ez da gehiegi itzuli, gazteleraz idatzi zuelako seguruaski. Berdin gertatzen da Barojarekin. Oso liburu gutxi euskaratu dira harenak. Esan dut lehen ere ez dudala oso gogoko Unamuno idazle gisa, baina aitortu behar dut haren poesiak zirrara eragin didala inoizka. Dena dela, liburuko itzulpena polita denez, irakurtzeak ez digu kalterik egin. Horixe behar genuen!

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak