kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Gabon Gasteiz / Iñaki Gurrutxaga / Arabera, 2000

Gauean kontatzeko istorio gordinak Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-05

Lasaitasuna iradokitzen du Gabon Gasteiz liburuaren azalean ageri den irudiak. Zeru ilunean ilgora, lokarturik dagoen hiriaren zaindaria ematen du. Hala ere, itxurak ez gaitu itsutu behar, bake irudi orok drama bat izan ohi baitu atzean. Eta halakoak dira Iñaki Gurrutxaga oriotarrak bere lehen liburu honetan jaso dituen istorioak ere: saminak batzuk, baikorragoak besteak, baina guztiak errealitate krudel eta basatiari estuki loturik doazenak. Ongizatearen gizartean eroso bizi den gizon-emakumeari, komunikabideen eguneroko jarduna kontsumitu arren besteen arazoen gainean sekula gogoeta sakonik egin ez duen horri zuzenduriko belarrondokoa da Gabon Gasteiz.

“Irrati uhinei lapurturiko istorioak” direla azaltzen du Gurrutxagak liburuaren hitzaurrean, Hala Bediko Pareak bai! irratsaioan irakurtzeko asmoarekin sortu baitzituen. Eta, neurri batean, gasteiztar entzuleei osturikoak ere badirela esan dezakegu: haiek izan dira lehenak Gurrutxagaren ipuinak ezagutzen, baina jada ez dira oriotarraren berri duten bakarrak. Dena den, irakurlea ez dadila izenburuarekin gehiegi fidatu. Arabako hiriburuarentzat asteko egunik ospetsuenari erreferentzia egiten dion Gasteizko ostegunez salbu, testuinguru eta kokaleku arras ezberdinetakoak dira ipuinak. Baina badute zerbait komunean: gaurkotasuneko gaiak izateaz gain (haietako batzuk berri labur bati loturik agertzen dira, gainera), minari (fisikoa zein psikologikoa) egiten diote erreferentzia.

Lurrikara Turkian

Turkian lurrikara batek sortzen duen anabasarekin hasten da Gabon Gasteiz. Ama merkatura joan eta bi semeak lotan utzi ditu etxean. Lehen argi printzak irtetearekin batera abiatu da, goiztiar dabilenari Alak laguntzen baitio. Baina lur astinduak ezustean harrapatuko ditu ohe berean dauden umeak, eta betiko banatu. Anaia zaharrenak gaztea salbatzeko egiten dituen saio guztiak alferrikakoak dira, azkenean lurrak berarekin eraman baitu haurra. Alak ez du gupidarik izan, eta amak azokatik itzuli gabe jarraitzen du. Kontakizun hori abiapuntu harturik, liburuak dituen 108 orrietan hainbat gizarte gatazka eta hondamendi deskribatzen joango da Gurrutxaga. El Ejidoko istiluak gogora dakartzan Lasterbideak; beren bizitza arriskuan jarriz, Afrikatik Europarantz txalupa ziztrinetan abiatzen diren etorkinen drama hamar urteko ume baten ikuspegitik islatzen duen Iheslaria; itsasoan bizia galtzen duten marinelen malkoak biltzen dituen Bakardadea da ekaitzik gogorrena; rol joko baten arauei jarraituz, gurasoak eta arreba akabatzen dituen gaztearen istorioa den Samuraia; errepidean hil diren txirrindularien omenezko Gurpilen tangoa; Italia faxistan kokaturiko Zatitu zuten oinetakoak, edo gertukoagoa dugun kale borrokaren gaineko hausnarketa den Guda berriak… Inguruko gertakarien aurrean idazlea sorgor ez dagoen seinale dira ipuin horiek guztiak. Eta Gurrutxagak darabilen estilo zuzen eta gordinak sentipen hori areagotu egiten du.

Dena den, badira tonu askozaz barnekoagoan idatziriko ipuintxo batzuk, Camen aitzakiak, Letrak teilatutik, 8812, Hotzak ez du balio edo Gaizki ulertu genuen adibidez. Kontakizun horietan, Gurrutxaga biluzi egiten da irakurlearen aurrean, eta maitasunaren, literatur sormenaren eta bere ametsen gainean gogoeta egiten du bere adineko gazte orori dagokion ilusioarekin.

Hasieran aipatzen genuen, irratsaio baterako preseski eginiko ipuinak direla Gabon Gasteiz-ek biltzen dituenak, eta horixe da ipuin hauetako batzuei ikusten diegun eragozpen bakarra. Alegia, belarriarentzat onak izan daitezkeela, baina paperean irakurrita indar pixka bat galtzen dute. Dena den, idazleak gaur egungo gizartearen kezkak ondo definitu ditu, eta hori ez da lan makala.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak