kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Consummatum est / Juan Mari Irigoien / Elkar, 1993

Oraingoz azkena Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1994-01-15

Juan Mari Irigoienen umorea piska bat ezagutzen dugunok ez dakigu izenburua liburuari ote dagokion, ala idazlearen beraren bene-benetako bizitzari. Badirudi lasai asko geratu dela nobela puska hau amaitu ondoren, eta bapatean atera zaiola barren-barrenetik latinkeria. Baliteke ere Patziku Perurenarekin lehiatsu ibiltzea, ea nork aterako latinkeriarik handiena. Baina bromak alde batera utzita esan dezagun liburu hau oso serioa dela.

Oker ez banago, lehendabiziko aldia da Juan Mari Irigoienek nobelagaitzat hartzen duela Euskalerrikoa ez den espazioa. Orain arte mugitu izan baita geure lurralde honetako mitoetan sarturik, istorio zaharretatik parabola modernoak, metafora gaurkotuak, atera nahian. Mitozalea baitugu idazle hau, eta ezaugarri bat aipatu beharko bagenu, haren lanaren nondik norakoak laburtuko lituzkeena, gainera, poetikotasuna esango genuke, ezbairik gabe. Poeta baten prosa baita Juanmarirena; edo beste era batez esanda, asko du poesiatik prosa horrek.

Bi zatitan edo bi planotan banaturik dago liburu hau. Bi istorio, bi kontaera ezberdinek osatzen dute nobela hau, eta batak zein besteak karga sinbolikoa handia dutela iruditzen zait. Lehena istorio fantastiko bat baitugu, Erromantizismoaren garaian usu zabaldu ziren haietako bat, esaterako. Eta bigarrena, errealista da erabat. Ezin beraz, kontrajarriagorik aurkitu. Lehengo istorioko pertsonaiek traszendentzia dute atsegin eta nahi; ametsaren eta errealitatearen artean aukeratzekotan, ametsa aukeratuko dute, noski. Pertsonaia horien bizitza lainotsua da, etereoa, ez dirudi lurra zapaltzeko oinik dutenik. Bigarren istorioko pertsonaia ordea, errealista da oso, eta errealismo hori azken hondarreraino eramango du bere bizian zehar. Bi istorioek, azkenik bat egiten dute bidegurutze batean, eta handik sortutako bideak eramango du nobela bere azkentzera, non pertsonaien paperak aldatuko diren: idealista prakmatiko bihurtuko baita, eta pragmatikoa dena idealista.

Bigarren istorio hori arinago egiten da; indartsua da; intriga mantentzen du. Gogorra eta krudela da, baina sinesgarria. Lehengoan, nik uste, huts egiten du kontatzaileak, giroak ihes egiten baitio askotan, eta luzeegia gertatzeko arriskua dauka. Baina hala ere, eusten dio nobela honek, bai tonuan nola hizkuntzan, maila eder bati.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak