kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

%100 basque / Itxaro Borda / Susa, 2001

Ezin utzi gazta jateari Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-04-07

Ba omen dago Iparraldean gazta bat %100 Basque dena, baita Basque de caractère eta Qui parle basque ere. Hala diote publizitate panel erraldoiek. Hauen aurrean gelditu du Itxaro Bordak autoa. Mezuak kolpatu du. Euskalduna izatea zer ote den galdetzea otu zaio. Zeintzuk diren euskalduna izatearen ezaugarriak. Zeintzuek funtzionatzen duten publizitatearen ikuspegitik. Zeintzuek boterea dutenen lurraldean. Gazta euskal kulturaren edo identitatearen sinbolo dela konturatzen da idazlea.

Bordak, egun guztia gazta jaten ari den pertsonaia nagusi baten haritik dakarkigu %100 Basque. Gazta gauza ororen soluzibide da; gazta obsesio kultural-kolektiboa da. Zergatik, ordea —galdetzen du egileak—, obsesio hori?

Dolorezko bidea

Dolorezko bide bat aurkezten digu Bordak. Irri egiteko moduan aurkeztua bada ere, espazio politiko-kultural baten baitako gaueko bidaia da %100 Basque. Bertan, narratzaileak Baionatik Maulera astero egiten duen bidea deskribatzen du. Gaueko edo goizaldeko ordu berantak ditu inspirazio gune. Publizitatea da pentsarazten diona, eta gaua, ideiak argitzen dizkiona.

Bi tradizioren arteko bermea da liburua. Bordak definizio idealizatu edo estereotipatuegi bat du abiapuntu, eta paradisutzat jo daitekeen mundu horretatik ihes egiteko nahia eta beharra agertzen du. Bakarrik gaudela sumatu nahi du, hori ez dela posible konturatuko bada ere. Protagonistak hainbat aldiz aipatzen ditu liburuan barrena estralurtarrak, eta, azkenean, agertu ere egiten zaizkio. Baina konturatzen da estralurtar horiek ez dutela euskaldunongan inolako interesik. Eta konturatzen da, halaber, lurrean bizitzera kondenatuta gaudela. Lurra dela gure borroka eta bazkaleku, eta ez paradisua.

Euskaldun estereotipoaren definizioan, Iparraldeko errealitate soziopolitiko-kultural-linguistikoa deskribatzen zaigu. Eta horrekin, kritika soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa, filosofikoa… egiten digu Itxarok.

Bordaren helburua euskaldunok geure baitarako sortu dugun paradisua deskribatzea da. Idealizatuta daukagun paradisua ezagutaraztea. Errealitate gordin batekin bizi behar duen mundu nahikoa azaltzea. Aurkezpen hori egiterakoan, ideologiak ezabatu nahi izango ditu, estereotipoen gainbeheraz abisatu, eta bide batez, Ekialdeko filosofia aurkeztu.

Dualtasunaren erpinean mugituko da, eta dualtasunaren tratamenduak dakarkion tentsioa idazkeran ere nabari zaio. Publizitatearen erabilera bati egiten dio kritika Bordak. Eta kritika horiek, ia-ia, konstatazio bilakatzen dira.

Egiturari dagokionez, %100 Basque 40 kapitulu edo istorio laburretan banatuta dago. Kapitulu bakoitza mundu bat da, istorio, hizkuntzaren erabilera eta eduki aldetik. Kapitulu bakoitzari hitz-joko eta aipu bat dagokio, gomendio gisa jaulkiko dituenak.

Pertsonaia nagusia lehenengo pertsonan ari zaigun narratzailea da. Bigarren eta hirugarren mailako pertsonaiez hitz egitea ezinezkoa zaigu, ordea, anitz baitira.

Indar espezifikoa duten gaiak, gazta, ardiak, erlijioa, arraza eta tribu kontzeptua, belaunaldiak eta transmisioa, euskal izaeraren definizioa, euskaldunaren identitate propioa, kosmosa, kontsumoa, gastronomia, euskal touch delakoa, artzain-poetak, euskaldungoaren autentikotasuna etab. ditu.

“Emaidazu morfina…”

Liburuaren ardatz nagusia kontraesana da: nahiaren eta ezinaren artekoa; garela uste dugunaren eta daukagun irudiaren baitakoa. Gazta, produktu gisa, euskal unibertsoaren paradigma gisa saldu nahi da, baina gobernutik, artzainei eta laborariei ez zaie inolako laguntzarik eskaini nahi. Euskaradunak indigenak dira, eta euskal kultura, instituzioen otordu arranditsuak janzteko bakarrik balio duen gai ponposoa. Eleberri modernoa, berria, ez ohikoa, berezia, mistikoa, ironikoa, minberatsua, sarkastikoa, odoltsua eta sakona da Bordak aurkezten diguna. Arrabiaz idatzitako eleberri honek ez du hasierarik ez amaierarik. Zapping eginez irakur daiteke. Idazleak ez dio irakurleari irakurketa gidatu nahi izan.

“Emaidazu morfina, sentimendurik gabeko euskaldun zintzoa bilaka nadin”, diosku Bordak une batean. Itxaro euskalduna da, sentimenduak ditu, baina ez da zintzo-xumea. Ez da panel erraldoien aurrean axolagabe geldituko. Ez du, “zuka” zuzentzen zaion irakurle abertzalea ere, aurkezten duen egoeraren aurrean arduragabe utziko.

Kezka askori erantzun nahi izan dio Bordak. Irakurleak esango du, erantzunekin topo egiterik izan duen edo, erantzun horien bilaketa prozesuan, errealitate gordinak gogorregi kolpatu ez ote duen. Idazleak asumitu edo onartu uste du euskalduna izatea zer den. Baina lortuko al du gazta jateari uko egitea?

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak